Gizartea -
Koronabirusa
Positibo berriak 1.547ra igo dira EAEn eta 344ra jaitsi dira Nafarroan
Euskadik kasu berrien marka hautsi du berriro, baina positiboen portzentajea % 10etik % 9,3ra jaitsi da. Nafarroak % 7,7ko emaitza positiboa du.
AGENTZIAK
COVID-19aren 1.547 kasu positibo berri atzeman dituzte ostegunean Euskal Autonomia Erkiegoan, bezperan baino 86 gehiago eta egindako proba guztien % 9,3 (atzo % 10era heldu zen). Gainera, 111 gaixo zainketa intentsiboen unitatean daude, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostiral honetan jakitera eman duenez.
Zehazkiago, 16.690 test diagnostiko egin zituten ostegunean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (14.937 PCR eta 1.753 antigeno test), eta horien guztien artetik 1.547 kasu positibo berri zenbatu dituzte: 175 Araban, 690 Bizkaian, 663 Gipuzkoan eta Euskaditik kanpo bizi ziren 19 lagunek positibo eman zuten EAEn egindako probetan.
Gaitzak lurralde historiko bakoitzean duen 14 eguneko intzidentzia tasa metatuari dagokionez, Arabak 100.000 biztanleko 537,55 kasuko tasa dauka, Bizkaiak 661,24 kasukoa eta Gipuzkoak 1.047,83 kasukoa. EAE osoko intzidentzia tasa 778,56 kasukoa da.
Arabako egoerari dagokionez, Agurainek (679,76 kasuko intzidentzia tasa), Gasteizek (544,20) eta Laudiok (534,21) eremu gorrian jarraitzen dute. Bizkaian 267 udalerri daude maila gorrian, bezperan baino bat gehiago, eta Abanto-Zierbena (907,56), Bilbo (657,78), Durango (859,49), Ermua (1.278,13), Lekeitio (883,25), Ortuella (874,25), Santurtzi (1.046,18) eta Zornotza (1.019,93) nabarmendu dira.
Gipuzkoan, 33 udalerri daude maila gorrian, aurreko egunean bezala, besteak beste, Arrasate (1.069,91), Azkoitia (1.442,99), Azpeitia (1.386,32), Beasain (1.481,85), Bergara (1.692,88), Eibar (1.904,87), Hernani (1.429,07), Ordizia (1.645,96), Pasaia (1.130,99), Urnieta (2.407,11) eta Zumaia (1.689,57).
Ospitaleen egoerari erreparatuta, beste 74 lagun ospitaleratu dituzte ostegunean COVID-19arekin, eta 111 gaixo zainketa intentsiboen unitatean daude, bezperan bezala. Guztira, 463 pertsona daude erietxeetan koronabirusaren ondorioz, aurreko egunean baino bat gehiago, eta gaitzaren birsorkuntza tasa 1,10 da EAEn (1,12 Araban, 1,09 Bizkaian eta 1,10 Gipuzkoan).
Euskadiko intzidentzia epidemiologikoaren bilakaera hemen kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak azter daitezke, eta pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin taldeen araberako datuak ageri dira bertan.
Ikastetxeei dagokienez, 163 ikasgela itxi dituzte, ostegunean baino 14 gehiago, COVID kasuen ondorioz, hau da, 2 urtetik derrigorrezko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzara arteko eskolen % 0,93. Kaltetutako ikastetxeak 106 dira, bezperan baino 10 gehiago, eta bat bera ere ez dute erabat itxi.
Bestalde, Nafarroak COVID-19ko 344 kasu berri atzeman ditu azken orduetan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera, osasun sistema publikoan 4.482 proba egin ostean (2.268 PCR eta 2.214 antigeno test), % 7,7ko positiboarekin.
Ikuspegi epidemiologikotik, pandemiaren bilakaerari dagokionez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak adierazi du atzo 29 ospitaleratze berri izan zirela Nafarroan gaixotasun horrekin lotuta, horietako 4 zainketa intentsiboetako unitateetan, eta bost heriotza erregistratu direla, lau emakumerenak eta gizon batenak, 70 eta 90 urte bitartekoak. Halaber, aurreko egunetan beste lau pertsona hil direla jakinarazi dute, hiru emakume eta gizon bat, 71 eta 93 urte bitartekoak. Hori horrela, guztira 748 pertsona hil dira jada Nafarroan koronabirusaren ondorioz.
Iruñerrian eta Eskualdean positiboen % 45 erregistratu dira, Tuteran kasuen % 25 eta Lizarran % 13. Gainerako positiboak (% 17) Nafarroako beste eremu batzuetan banatzen dira.
Positibo berri gehien dituzten udalerri edo guneei dagokienez, Ribaforada (konfinamendu perimetralean) ageri da zerrendan aurreneko, 19 kasurekin. Gertu daude Burlata eta Tutera Mendebaldea (biak 16rekin). Tutera Ekialdeak (16) eta Iruñeko Arrotxapea auzoak (15) osatzen dute bost zona zigortuenen zerrenda.
Erregistratutako kasuen banaketari dagokionez, adin-tarteen arabera, talde nagusia 45 eta 59 urte artekoa da (% 23), eta ondoren, 30 eta 44 urte artekoa (% 21). Jarraian, 15-29 urtekoen taldea dago, % 20rekin; 15 urtetik beherakoena, % 15ekin; 60-75 urtekoena, % 12rekin; eta, azkenik, 75 urtetik gorakoena, % 9rekin. Kasu berrien batez besteko adina 41 urtekoa da.
Generoari dagokionez, kasuen % 56 emakumeak dira eta % 44 gizonak.
Ospitale-okupazioaren ikuspegitik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak jakinarazi duenez, ospitaleratzeen eta alten balantzearen ondoren, 412 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19arekin (atzo baino zortzi gutxiago), horietatik 61 zainketa intentsiboetako postuetan daude (atzo bezala) eta beste 67 etxeko ospitaleratzean (atzo baino 2 gutxiago). Gainerakoak, 284 paziente, gela arruntentan daude.
Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatua, eguneroko datuen arabera, 35.554 da Nafarroan.
Javier Remirez Nafarroako Gobernuko bozeramailearen ustez, "lehen hurbilketa batean", COVID-19aren aurrean onartutako murrizketak "funtzionatzen ari direla dirudi", baina murrizketa horiek eta osasun gomendioak betetzen jarraitzeko eskatu die herritarrei.
Remirezek nahiago izan du datuak "zuhurtzia handiz" baloratu, "oraindik epe ertainean borroka bat izango delako". "Neguko hilabeteetan sartzen ari gara orain, horiek baitira arnas birusetarako aproposenak. Testuinguru geografiko batean ere bagaude, eta arnas birusek zabaltzeko nolabaiteko erraztasuna dute", esan du kazetarien galderei erantzunez.
Eskolen egoera Nafarroan
Haur eta Lehen Hezkuntzako 259 ikasle konfinatu dituzte azken 24 orduetan. 2.490 ikasle isolatuta daude etxean. Bi zikloetako ikasle guztien % 4,02 dira. Taldeka, gaur egun 131 talde daude konfinatuta 81 ikastetxetan, eta konfinatu daitezkeen bizikidetza-talde egonkor guztien % 3,75 osatzen dute.
Egoitzak
Azken orduetan bi adineko hil dira Arabako egoitzetan. Dagoeneko COVID-19ak 25 adineko hil ditu pandemiaren bigarren olatuan, Araban.
Ikatzbizi egoitza pribatuko adineko bat hil da, eta Pablo Neruda zentro publikoko beste bat ospitalean zendu da, Arabako Aldundiak jakitera eman duenez.
Era berean, lau positibo berri baieztatu dituzte Arabako egoitzetan, bi Zadorra zentro publikoan, bat IMQ Igurco egoitza pribatuan eta beste bat Ikatzbizin.
Bizkaiko egoitzetan, bestalde, positiboen kopuruak behera egin du, eta 28 dira orain, duela bi egun baino 19 gutxiago. Ospitalean dauden adinekoak 13 dira.
Bizkaiko Aldundiak ostiral honetan azaldu duenez, azken orduetan COVID-19ak ez du inor hil egoitzetan. Bigarren olatuan, 84 adineko hil dira Bizkaiko zentroetan.
Bizkaiko egoitzetako 82 langilek positiboa baieztaturik dute (duela bi egun baino bost gutxiago), eta bakarturik dauden profesionalak, nahiz eta baieztapenik ez izan, 69 dira (sei gehiago).
Azkenik, Vianako eta Sesmako (Nafarroa) egoitzetan agerraldiak izan dira. Ondorioz, Nafarroako zentroetan kasuak 80tik 115era pasa dira astebetean, egoiliarren % 1,3, Foru Erkidegoko Gobernuak jakinarazi duenez.
Baja profesionalei dagokionez, 68 positibo baieztatu dituzte; 43k sintomak dituzte, eta 25 sintomarik gabe.
Uztailaren 1etik egoitzetako 55 adineko hil dira, 36 ospitaleetan eta 19 zentroan bertan. Urriaren 12an 169 pertsona kutsaturik egon ziren Nafarroako egoitzetan.
Espainia
Erkidegoek Osasun Ministerioari 22.516 positibo berri jakinarazi dizkiote, horietako 9.150 azken 24 orduetan diagnostikatu dituzte. Horrela, aurreko asteko egun berean baino kasu gutxiago baieztatu dituzte, orduan 25.595 izan baitziren.