Gizartea -

COVID-19

Jendetza bildu dezaketen jarduerak saihesteko eskatu dute Goierrin eta Urola Garaian

Gotzone Sagardui Osasun sailburua Urola Garaiko eta Goierriko ia 30 alkaterekin bildu da. Batzar "positibo eta emankorra" izan da, Osasun Sailak azaldu duenez.

Beasain (Gipuzkoa). Argazkia: EFE
Beasain (Gipuzkoa). Argazkia: EFE
Beasain (Gipuzkoa). Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kontu handiz ibiltzeko eta jendetza bildu dezaketen jarduerak saihesteko eskatu die Gotzone Sagaradui Osasun sailburuak Urola Garaiko eta Goierriko alkateei; izan ere, zenbait udalerrik 100.000 biztanleko 500 kutsatuak gainditu dituzte berriro, besteak beste, Beasainek (680), Ordiziak (721) eta Zumarragak (563).

Azken 14 egunetan Gipuzkoako zortzi herrik 100.000 biztanleko 500 kutsatuak gainditu dituzte. Guztiek 5.000 biztanle baino gehiago dituzte.

Beasain, Ordizia eta Zumarragaz gain, Azkoitian eta Azpeitian (Urola) 975 eta 943 positibo zenbatu dituzte, hurrenez hurren, Astigarragan 631, Elgoibarren 500 eta Tolosan 586.

Gotzone Sagardui Osasun sailburua Urola Garaiko eta Goierriko ia 30 alkaterekin bildu da. Batzar "positibo eta emankorra" izan da, Osasun Sailak ohar batean azaldu duenez. Josu Bujanda Ertzaintzako zuzendariak eta Iñaki Barraondo Osasun sailburuordeak Sagardui lagundu dute bileran.

"Udalerriz udalerri" egoera zein den zehaztu du Osasun Sailak, eta alkateen zalantzak argitzen saiatu da.

"Kontu handiz ibiltzeko eta jendetza bildu dezaketen jarduerak saihestea" beharrezkoa dela azaldu die Sagarduik alkateei. Aldi berean, erantzukizun "kolektibo eta indibiduala" eskatu du, "kutsatuen gorakada gelditzea guztion lana delako".

Bestalde, Segurtasun Sailak lankidetza eskaini die, bereziki udaltzaingorik ez duten herriei, aforoak eta distantziak betearazteko eta maskaren erabilera bermatzeko, besteak beste.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Elgoibar Eusko Jaurlaritza Azpeitia Tolosa Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Zumarraga Azkoitia Ordizia Astigarraga Beasain Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Goierriko albisteak