Gizartea -
KORONABIRUSA
574ra jaitsi dira COVID-19aren positibo berriak EAEn eta 302ra Nafarroan
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, Araban 70 kasu berri atzeman dituzte, Bizkaian 308 eta Gipuzkoan 185. 11 kasu EAEtik kanpo bizi diren pertsonei dagozkie.
eitb.eus
EAEk 574 koronabirus kasu berri erregistratu ditu azken 24 orduetan, bezperan baino 61 gutxiago, atzo 635 kasu positibo atzeman baitziren. Ostegunean 8.917 PCR proba egin zituzten, asteazkenean baino 528 gehiago.
Ospitaleen egoerari dagokionez, 42 pertsona ospitaleratu zituzten atzo COVID-19arekin lotuta. Egun 247 pertsona daude ospitaleratuta EAEn COVID-19aren ondorioz, horietako 58 zainketa intentsiboetako unitateetan, bezperan baino hiru gehiago.
Ostegunean, 8.917 PCR proba egin zituzten EAEn, eta horietatik 574k eman dute positibo. Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Araban 70 kasu berri detektatu dituzte, Bizkaian 308 eta Gipuzkoan 185. 11 kasu, berriz, EAEtik kanpo bizi diren pertsonei dagozkie.
Euskadiko intzidentzia epidemiologikoari buruzko bilakaera hemen kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak azter daitezke, eta pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin taldeen araberako datuak ageri dira bertan.
R0 indizea, gaixo batek kutsa dezakeen pertsona kopurua adierazten duena, 1 da, aurreko egunekoa baino lau hamarren gutxiago.
Bizkaian, Bilbok 127 positibo berri bildu ditu, Getxok 36, Barakaldok 29 eta Erandiok 12 . Araban erregistratu diren 70 kasuetatik 59 Gasteizen atzeman dituzte. Gipuzkoan, berriz, Donostiako 65 kasuak eta Iruneko 14ak nabarmentzen dira.
100.000 biztanleko zazpi eguneko tasari dagokionez, Gipuzkoako hiru herri nabarmendu daitezke: Hernialde da EAE osoko zifrarik altuena duen herria, 3.606,56ko tasarekin, eta Ikaztegieta (3.557,31) eta Berrobi (2.283,85) atzetik ditu.
Adinaren arabera, positibo gehien 50-59 adin tartean erregistratu dira (97 kasu berri), eta horren atzetik talde hauetan zenbatu dituzte gehien: 40 eta 49 urte bitartekoen artean (88 kasu berri), 30 eta 39 urte bitartekoen artean (82 positibo) eta 20 eta 29 urte bitartekoen artean (79).
Gainera, 52 kasu atzeman dira 60 eta 69 urte bitarteko adin taldean, eta 47 kasu 10 eta 19 urte bitarteko pertsonen artean. Bederatzi urtetik beherakoetan, berriz, 46 kasu daude.
Adinekoen taldean, 27 kasu berri erregistratu dira 70 eta 79 urte bitarteko pertsonen artean, eta 33 positibo egon dira 80 eta 89 urte artekoen artean. Halaber, 20 kasu berri atzeman dira 90 urtetik gorako pertsonetan.
Erabiltzaileen lau heriotza berri Bizkaiko egoitzetan
Bizkaiko adinekoen egoitzetako lau erabiltzaile hil dira azken bi egunetan; beraz, 34 pertsona hil dira zentro horietan COVID-19aren pandemiaren bigarren oldean, Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez.
Gaur arte, Bizkaiko egoitzetan egindako PCR probetan, 127 erabiltzailek eman dute emaitza positiboa, duela bi egun baino zazpi gutxiagok, eta 15 ospitaleratu dituzte.
Bizkaiko egoitzetako langile kutsatuei dagokienez, 111 positibo daude, duela bi egun baino bat gehiago, eta 65 isolamenduan daude, hau da, bi gutxiago, nahiz eta COVID-19aren baieztapenik izan ez.
Gaur egun, egoiliar kutsatuak dituzten 10 zentro daude: Zamudioko Truiuondo (5), Bilboko IMQ Igurco Zorrozgoiti (14), Barrikako Elorduy (30), Bilboko Ballesol (6), Elorrioko Asistentzia Zentroa (11), Sestaoko Albiz Santiago Llanos (15), Bilboko DomusVi Miraflores, Mungiako San Jose Etxe Alai (22), Bilboko Miserikordia (6) eta Bakioko Zuetxe (5).
Gainera, koronabirus bidezko kutsatze kasuak artatzeko Birjinetxeko unitate soziosanitario espezializatuak 71 pertsona ditu. Horien artean, 48 egoitzen sareko erabiltzaileak dira, eta 23, berriz, ahultasun egoeran daude, eta berrogeialdia egiten ari dira ospitalean izan ostean.
Ostiral honetan, Bizkaiko Foru Aldundiak prebentziozko baheketa egingo du Mungiako azokan, Mungialdeko eta inguruko udalerrietako adinekoak eta ezinduak artatzeko 20 zentro soziosanitarioetako (egoitzak eta eguneko zentroak) 649 profesionalei zuzenduta.
Bost positibo berri Arabako egoitza pribatuetan
Bost positibo berri atzeman dituzte azken orduetan Arabako adinekoentzako egoitza pribatuen erabiltzaileen artean, Aldundiak ostiral honetan jakitera eman duenez.
Kasuetako hiru Gasteizko Jesus Guridi egoitzan izan dira, eta, beraz, zortzi dira zentro horretan koronabirusa duten erabiltzaileak.
Arabako hiriburuko Colisee Miñano egoitzan ere positibo bat gehiago baieztatu eta orotara sei kasu dituzte, eta Albertia Centro egoitzan beste bat atzeman dute.
Guztira, 28 adinekok hartu dute ostatu Arabako egoitzetan pandemiaren bigarren boladan.
Hiru positibo berri Gipuzkoako egoitzen sarean
Gipuzkoako zaharren egoitzetako sareko hiru erabiltzailek positibo eman dute azken orduetan, eta, ondorioz, 58 dira lurralde horretan pandemiaren bigarren oldean atzemandako kasuak.
Kutsatu berriak Hernaniko Santa Maria Magdalena zentroko bi egoiliar eta Errenteriako Jesusen Bihotzako bat dira. Horiek dira une honetan koronabirusak gehien astidutako bi egoitzak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ohar baten bidez jakinarazi duenez, lau zentrok positiboren bat dute oraindik: Donostiako Garate-San Ignacio anaiak (2), Hernaniko Santa Maria Magdalenak (33), Errenteriako Jesusen Bihotzak (16) eta Gipuzkoako hiriburuko Alai-Etxeak (7).
Hamar pertsona daude ospitaleratuta, eta beste 35 Eibarko ospitaleko zentro soziosanitarioan daude.
Konfinamenduaren ostean lehen kasuak eman zirenetik, hau da, abuztuaren 11tik, hiru adineko hil dira COVID-19aren ondorioz, eta hiruk lortu dute gaixotasuna gainditzea.
Nafarroak 302 kasu positibo erregistratu ditu COVID-19aren ondorioz
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera, COVID-19aren 302 kasu positibo berri erregistratu zituzten atzo Nafarroan, osasun sistema publikoan 2.559 PCR proba egin ostean.
Atzo 14 ospitaleratze berri izan ziren Nafarroako ospitaleetan, horietako bat ZIUn. Atzo, 86 urteko gizonezko bat hil zen COVID-19aren ondorioz, eta guztira 542 pertsona hil dira.
Datuak eskualdez eskualde aztertuta, Iruñean eta Iruñerrian positiboen % 54 izan dira, Tuteran % 20 eta Lizarran % 11.
Adin tarteen arabera erregistratutako kasuen banaketari dagokionez, 15-29 urtekoen taldea da nagusi (% 26), eta 30-44 urtekoen eta 45 eta 59 urtekoen taldeak daude gero (% 22). Ondoren, hauek daude: 15 urtetik beherakoen taldea (% 15), 60-75 urte bitartekoena (% 9) eta, azkenik, 75 urtetik gorakoen taldea (% 6). Kasu berrien batez besteko adina 37,5 urtekoa da.
Generoari dagokionez, % 56 emakumeak dira eta % 44 gizonak.
Nafarroako ospitale sarean 123 pertsonak jarraitzen dute ospitaleratuta COVID-19arekin. Horietatik zazpi ZIUn daude, eta beste 17 etxean ospitaleratuta. Gainerako 99 gaixoak gela arruntetan daude. Guztiek positibo eman zuten PCR proban.
Birusak eragindako kutsatzeen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, gaur egun 12.238 dira.