Gizartea -

KORONABIRUSA

397ra jaitsi dira COVID-19aren kasu berriak EAEn azken 24 orduetan

Nafarroan 261 positibo berri zenbatu dituzte. Lurraldez lurralde, Araban 27 kasu berri detektatu dira, Bizkaian 216 eta Gipuzkoan 146. Zortzi kasu, berriz, EAEtik kanpo bizi diren pertsonei dagozkie.

Bilbo. Irudia: EFE
Bilbo
Bilbo. Irudia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEk 397 koronabirus kasu berri erregistratu ditu azken 24 orduetan, bezperan baino 95 gutxiago, 513 kasu positibo izan baitziren. Astelehenean, 6.836 PCR proba egin ziren, igandean baino 646 gehiago.

Bizkaia da, oraindik ere, positibo berri gehien atzeman dituen lurraldea (216). Horrekin batera, 32 pertsona ospitaleratu dituzte azken 24 orduetan EAEko ospitaleetan. ZIUn 50 gaixo artatzen ari dira, bezperan baino bat gehiago.

Astelehenean, 6.836 PCR proba egin ziren EAEn, eta horietatik 397k eman zuten positibo. Lurraldeka, Araban 27 kasu berri detektatu ziren, Bizkaian 216 eta Gipuzkoan 146. Zortzi kasu, berriz, EAEtik kanpo bizi diren pertsonei dagozkie.

Euskadiko intzidentzia epidemiologikoari buruzko bilakaera hemen kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak azter daitezke, eta pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin taldeen araberako datuak ageri dira bertan.

R0 indizea, gaixo batek kutsatu dezakeen pertsona kopurua adierazten duena, 0,98koa da, aurreko egunekoa baino hamarren bat gehiago.

Kutsatzeen beherakada hiru hiriburuetan ikusten da, eta, hala, Gasteizen azken aldiko txikiena erregistratu da: 31 kasutik 19 kasutara jaitsi zen igandean. Bilbon, berriz, 84 izan ziren atzo (114 kasu igandean), eta Donostian 63tik 58ra jaitsi dira kasuak.

Bizkaian ere beherakada nabarmena izan da zenbait udalerritan. Portugalete 10 kasutik 4ra jaitsi da eta Mungia 18 kasuetatik 12ra. Barakaldon, aldiz, 13tik 19ra igo dira positiboak, eta Sestaon 7ra, igandean kasurik atzeman ez ondoren.

Gipuzkoan, berriz, behera egin dute udalerri gehienek; Azpeitiak, esaterako, 15 positibo zenbatu zituen astelehenean eta, atzo, berriz, hiru. Hala ere, Irunen, bederatzitik 14ra eta Hernanin seitik 11ra igo dira kopuruak.

 Egoitzen egoera Euskadin

Hernaniko Santa Maria Magdalena adinekoen egoitzako erabiltzaile nagusi bat hil da 103 urte zituela, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakitera eman duenez.

Foru Aldundiak adierazi duenez, zentro horien sareak 11 positibo berri jaso ditu, gehienak sintomarik gabekoak, eta beste bi pertsonak gaixotasuna gainditu dute.

Gaur egun, lau egoitzatan daude COVID-19aren kasu aktiboak: Hermano Garate-San Ignacion (2), Santa Maria Magdalenan (29), Jesusen Bihotzan (14) eta Alai-Etxean (6).

Horrenbestez, adineko pertsonentzako egoitza-zentroen erabiltzaileen artean, 51 kasu aktibo daude, hiruk gainditu dute gaixotasuna, eta lau hil egin dira abuztuaren 11n lehen positiboak eman zirenetik. Gipuzkoako egoitza-sareak 65 zentro eta 5.425 plaza ditu adinekoei arreta emateko.

Bestade, Araban, sei koronabirus kasu berri atzeman dituzte Gasteizko Tagore zahar-etxean, eta, beraz, zentro horretan bederatzi erabiltzaile daude kutsatuta.

Era berean, Ariznabarran, Arabako hiriburuan ere, kasu berri bat erregistratu dute, eta positibo horrekin koronabirusak eragindako lau infekzio zenbatu dituzte, Arabako Foru Aldundiak astearte honetan emandako datuen arabera.

Horrela, Arabako adinekoentzako egoitzetan egiten ari diren miaketa lanei esker, zazpi positibo berri antzeman dira azken orduotan.

Nafarroan 261 positibo berri zenbatu dituzte

Nafarroan 261 kasu positibo berri zenbatu zituzten atzo, eta 12 ospitaleratze, bat zainketa intentziboetako unitatean, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera, 2.760 PCR (egun berean egindako proba gehien) egin ostean.

COVID-19k ez zuen heriotzarik eragin, eta, beraz, Foru Erkidegoan 540 heriotza daude.

Zonalde zonaldeka aztertuta, Iruñerrian eta Eskualdean positiboen % 47 daude, Tuteran % 25, eta Lizarran % 6.

Erregistratutako kasuen adin-tarteen araberako banaketari dagokionez, talde nagusia 15 eta 29 urte artekoa da, kasuen % 26rekin; ondoren, 45 eta 59 urte arteko taldea dago, guztien % 24rekin.

Ondoren, 30 eta 44 urte artekoak (% 22) daude; 15 urtetik beherakoak (% 14); 60 eta 75 urte artekoak (% 9); eta, azkenik, 75 urtetik gorakoak (% 6).

Kasu berrien batez besteko adina 38 urtekoa da, eta generoari dagokionez, % 55 gizonak dira eta % 45 emakumeak.

Nafarroako ospitale-sarean 115 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19arekin, horietako 7 zainketa intentsiboetako unitateetan daude eta beste 15 etxeko ospitaleratzean. Gainerakoak, 93 paziente, gela arruntetan daude.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 11.402 dira gaur egun.

Osasun Ministerioak atzo argitaratutako estatistikaren arabera, Nafarroa da biztanle bakoitzeko proba gehien egiten dituen bigarren erkidegoa: irailaren 3ko datuen arabera, pandemia hasi zenetik 165.509 proba egin ditu, hau da, 1.000 biztanleko 253,64.

Kutsatzeak murrizteko neurri berriak Nafarroan

Osasun Saila, COVID-19k eragindako kutsatzeak etengabe areagotzen ari direnez, birusaren transmisioa murrizteko neurri berriak hartzea aztertzen ari da datozen egunetan.

Hala adierazi du ohar batean, eta familia eta lagunekin egiten diren ospakizun mota guztiak bertan behera uztea edo atzeratzea garrantzitsua dela azpimarratu du, "Nafarroako herritarren osasuna arriskuan jartzen ari diren kutsatzeak saihesteko".

Nolanahi ere, gomendagarria da eremu pribatuko bilera sozialek ez gainditzea elkarrekin bizi ez diren 6 pertsona, eta segurtasun- eta higiene-neurriak errespetatzea.

Espainiak 8.964 COVID-19 kasu berri zenbatu ditu, 3.168 azken 24 orduetan

Osasun Ministerioak 8.964 kasu zenbatu ditu, horietatik 3.168 azken 24 orduetan, asteleheneko 2.440 kasuen aldean. Guztira, 534.513 pertsonari diagnostikatu diete koronabirusa Espainian.

Heriotzei dagokienez, Salvador Illa buru duen Sailak argitaratutako txosten berriak 78 hildako gehiago izan ditu, 261 azken astean. Hala, koronabirusak Espainian eragindako heriotzen kopurua 29.594ra igo da.

Gainera, azken 7 egunetan 1.953 ospitaleratze izan dira (137.863 birusa Espainiara iritsi zenetik) eta 166 Zainketa Intentsiboetako Unitatean daude; pandemia hasi zenetik 12.615 pertsona ospitaleratu dituzte.

Azken 24 orduetan antzemandako 3.168 kasuetatik, 340 Andaluzian aurkitu dituzte, 208 Aragoin, 16 Asturiasen, bat ere ez Balear Uharteetan, 182 Kanarietan, 80 Kantabrian, 39 Gaztela-Mantxan, 86 Gaztela eta Leonen, 147 Katalunian, bat Ceutan, 56 Valentziako Erkidegoan, 60 Extremaduran, 176 Galizian, 984 Madrilen, 12 Melillan, 53 Murtzian, 260 Nafarroan, 370 Euskadin eta 98 Errioxan.

Gaur egun, 7.972 paziente daude ospitaleratuta Espainia osoan, eta 1.051 zainketa intentsiboetako unitateetan daude, baina azken 24 orduetan 955 ospitaleratze eta 944 alta izan dira.

Hala ere, koronabirusaren ondorioz betetako oheen okupazio-tasa apur bat igo da, astelehen honetako % 7tik % 8ra.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza Bilbo Donostia Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Barakaldo Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Deseskalatzea Nafarroako Osasun Zerbitzua Osasunari buruzko albisteak Espainia albisteak