Gizartea -

KORONABIRUSA

6 hildako EAEn eta 1 Nafarroan azken orduetan COVID-19aren ondorioz

Bi kasu berri atzeman dituzte Euskadin. Nafarroan, berriz, 15 izan dira PCR proben bidez zenbatutako kasu berriak.

Donostia, igande honetan. Argazkia: EFE
Donostia, igande honetan.
6 hildako eta 2 kutsatu berri, EAEn

1:44

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, 6 pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken 24 orduetan; beraz, orain arte 1.500 hildako zenbatu dira. Horrez gain, 2 kasu berri baieztatu dira PCR proben bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astelehen honetan emandako datuen arabera (igandeko 24:00ak arte bildutakoak).

Horrela, datuek zertxobait okerrera egin dute atzo zabaldutakoekin alderatuta, baina koronabirusak eragindako pandemiaren bilakaera beheranzko joera izaten ari dela erakusten dute; izan ere, hildakoen kopurua 10etik beherakoa izan da. Osasun Sailak jakitera eman duenez, gaitza atzemateko 1.717 detekzio-proba egin zituzten atzo: 1.367 PCR eta 350 test azkar.

Azken orduetan, 2 kasu atzeman dituzte EAEn PCR proben bidez (13.478 positibo guztira) eta 4 test azkarren bidez (5.914), Eusko Jaurlaritzaren arabera; beraz, 19.392 kasu baieztatu dira orain arte.

Bizkaian atzeman dituzte azken bi kasu horiek, eta bertan baieztatu dituzte orain arte positibo gehien (7.576 guztira). Araban (3.000) eta Gipuzkoan (2.313), ordea, ez dute kasu berririk atzeman azken orduotan.

Bizkaian baieztatutako kasuei dagokienez, Galdakaon (1) eta Orozkon (1) bizi dira azken 24 orduetan PCR bidez egindako probetan positibo eman duten pertsonak.

Horrez gain, Euskaditik kanpo bizi diren herritarrei egindako probetan 589 kasu positibo atzeman dituzte orain arte EAEn, baina horietako bat ere ez azken 24 orduetan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez.

Osasun arloko krisi hau hasi zenetik, Euskadin 185.119 PCR proba eta 106.400 test azkar egin zaizkie 161.700 pertsonari (paziente askori behin baino gehiagotan egin zaizkie probak).

PCR proben bitartez, pertsona batek une horretan bertan birusa duen edo gaixo dagoen jakin daiteke. Test azkarrek, berriz, pertsona bat kutsatuta egon den ala ez jakinarazten dute, baina ez dute zehazten gaixotasuna garatu duen, oraindik duen edo dagoeneko sendatuta dagoen; izan ere, test azkarrek pertsona batek hartutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen dituzte, eta, beraz, iraganeko infekzio bat isla dezakete.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, azken 24 orduetan 23 pertsona sendatu dira (17.417 guztira). Bestalde, EAEn kutsatzeen indizea batetik beherakoa da (0,69). Zehazki, kutsatu bakar batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du horrek.

Osasun Sailaren esanetan, koronabirusaren eraginez zainketa intentsiboetako unitatean artatu behar izan dituzten pertsonen kopuruan ez dago aldaketarik. Horrela, gaur egun 33 pertsona daude EAEko zainketa intentsiboetako unitateetan COVID-19arekin lotuta.

Orain arte, guztira 1.500 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz EAEn (gaixotu diren guztien % 7,7). Azken orduetan, 3 pertsona hil dira Bizkaian, 2 Araban eta 1 Gipuzkoan.

Gainera, 475 gaixo daude oraindik (% 2,5). Azken orduetan, pertsona 1 ospitaleratu dute COVID-19agatik, baina Osasun Sailak ez du jakinarazi gaur egun guztira zenbat dauden ospitaleratuta.

Azken orduetan, PCR proben bidez, 15 positibo berri zenbatu dituzte Nafarroan, guztira 5.234, eta heriotza bat izan da koronabirusaren ondorioz; eta, heriotzak 510era igo dira.

Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, bi pertsona ospitaleratu behar izan dituzte, baina bat ere ez zainketa intentsiboetako unitateetan.

Gaur egun 79 pertsona daude ospitalean, horietatik 64 lantegian, hamabi zainketa intentsiboetako unitateetan eta hiru haien etxeetan.

Osasun-langileen artean, 67 kasu aktibo daude, eta azken orduetan ez da kutsatu berririk izan.

Azken orduetan hildakoen kopuruak behera egin du Estatuan

COVID-19aren ondorioz, 50 pertsona hil dira astelehen honetan Espainian; hau da, joan den asteko azken egunetako datuekin bat dator, atzo 70 pertsona hil baitziren,O sasun Ministerioak argitaratutako aken datuen rabera.

Hala, guztira 26.834 pertsona hil dira pandemia hasi zenetik, Osasun Sailak datu hori zuzendu ostean, atzo 28.752 hildako eman baitzituen. Zehazki, estatistiketatik kendu dituzte 1.126 hildako Katalunian, 291 Madrilen, 152 Gaztela-Mantxan, 62 Valentzian eta 48 Gaztela eta Leonen.

Astelehen honetako 50 hildakoak honela daude banatuta: Andaluzian bat, Aragoin bat, Balear Uharteetan zazpi, Kantabrian bat, Gaztela-Mantxan bi, Gaztela eta Leonen bost, Katalunian hiru, Ceutan bi, Valentzian sei, Galizian bederatzi, Madrilen hiru, Euskadin bat eta Errioxan bederatzi.

Azken 24 orduetan, erkidegoek 132 positibo berri jakinarazi dizkiote Osasun Ministerioari, guztira 235.400 dira jada. Hori da, hain zuzen ere, martxoaren 5etik (78) egun bateko kasu-kopururik txikiena.

Azken 14 egunetan 6.846 kasu zenbatu dituzte, eta 3.121 azken zazpi egunetan. Horietatik 1.026 sintomak hasi dituzte azken bi asteetan eta 243 azken astean.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Nafarroako Osasun Zerbitzua