Gizartea -

Koronabirusa

Maskarak: Zein erabili, nola jarri eta noiz bota

Maskaren erabilera zuzenaren inguruan zalantza eta galdera asko sortu dira; izan ere, modu zuzenean erabili eta kontserbatzen direnean soilik dago bermaturik haien eraginkortasuna.

Maskarak. Artxiboko argazkia: EFE
Maskarak. Artxiboko argazkia: EFE
Maskarak. Artxiboko argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maskaren erabilera zuzenaren inguruan zalantza eta galdera asko sortu dira. Derrigorrezkoak dira toki itxietan eta kalean, pertsonen artean bi metroko distantzia mantentzen bada ere. Alabaina, modu zuzenean erabili eta kontserbatzen direnean soilik dago bermaturik haien eraginkortasuna.

Erabilera egokia bermatzeko gako batzuk:

Nork, noiz eta non erabili behar ditu maskarak?

Musukoa erabiltzea derrigorrezkoa izango da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan uztailaren 16tik aurrera, kalean eta eremu itxietan, segurtasun-tartea mantendu arren.

Nafarroan, 12 urtetik gorako pertsonentzat nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea kalean eta edozein eremu publikotan. Neurria uztailaren 17an sartuko da indarrean.

Ipar Euskal Herrian, berriz, abuztuaren 1etik aurrera erabili beharko da derrigorrez eremu publiko itxietan.

Aurrez, pertsonen artean bi metroko gutxieneko segurtasun distantzia mantentzea posible ez zenean eta garraio publikoan soilik ziren derrigorrezkoak musukoak.

Erosotasun eta higiene arrazoiengatik, maskarak 4 ordu baino gehiago ez erabiltzea gomendatzen dute. Erabiltzeagatik busti edo hondatzen baldin badira, beste batengatik ordezkatzea komeni da.

Zein da behar dudan maskara?

- Pertsona osasuntsuak: maskara higienikoak.

- Sintomak dituzten edo sintomarik gabeko pertsonak, baina COVID-19 gaitzak jotakoak: maskara kirurgikoak.

- COVID-19 gaixotasunarekin kutsatutako edo positibo emandako pertsonekin harremanetan daudenak: EPI maskarak.

-Haurrak: mutiko eta neskato osasuntsuek maskara higienikoak erabili behar dituzte 3 urtetik gora. 3 eta 12 urte arteko umeentzako hiru neurritakoak daude. Musukoak jartzeko, erabiltzeko eta kentzeko orduan adineko batek haurra laguntzea garrantzitsua da.

COVID-19 gaitzak jotako neskatoek zein mutikoek, sintomak izan ala ez, maskara kirurgiko edo higienikoak erabili beharko lituzkete.

- Biztanle zaurgarriak: Medikuaren gomendioa jarraitu beharko dute.

Maskara bat nola jarri eta nola kendu?

- Lehenago, 40-60 bat segundotan eskuak garbitu

- Soilik maskararen gomak ukitu

- Sudur eta aho gainean jarri, aurpegi eta musukoaren artean tarte handirik ez dagoela ziurtatuz

- Gomak belarri atzetik pasatu

- Sudurreko matxarda tolestu

- Maskaren kanpoko aldea ukitzea saihestea eta, egitekotan, lehenago eskuak garbitu, baita ondoren ere.

- Musukoa kendu baino lehen, eskuak garbitu

- Soilik gomak ukituz kendu

- Botatzeko, plastikozko poltsa batean sartu, itxi eta zakarrontzira bota. Ondoren eskuak garbitu.

Adingabeek adinekoen maskarak erabili ahal dituzte?

12 urtez beherakoek adinekoen neurriko musuko higienikoak erabiltzea ez da gomendagarria.

Hala ere, COVID-19 gaitzak jotakoek, sintomak izan ala ez, adinekoen neurriko maskara kirurgikoak erabiltzea lehenetsi behar dute.

Neurrikoa ez bada, ordea, ez du beharrezko eraginkortasunik izango. Sudurrari ongi atxikitzea eta kokotsa estaltzea garrantzitsua da.

Kirola egiteko (korrika egin, paseatu edo bizikletan) maskara erabili behar da?

Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak azaldu duenez, kalean edo toki itxietan kirola egiteko "distantzia optimoa" bi metro dira, eta hori betetzen baldin bada musukoa ez da beharrezkoa. Estatuko Aldizkari Ofizialak ez dio ariketa fisikoari aipamen zehatzik egiten.

Ondorioz, bizikletan eta korrika egitera ateratzen diren pertsonak ez dute maskara erabili behar. Arauko 2. artikuluan C puntuaren arabera, "maskararen erabilera ezinezkoa edo bateragarria ez den jardueratan" ez da derrigorrezkoa.

Etxean edo eskuz egindako maskarak eraginkorrak al dira?

Maskara horiek egiteko erabiltzen dituzten material eta metodoak anitzak dira. Gainera, baliteke eraginkortasuna egiaztatzeko kontrolak pasatu ez izana. Ondorioz, ezin dute eraginkortasuna bermatu.

Laneko Segurtasun eta Osasun Institutu Nazionalak jakitera eman duenez, etxeko maskara higienikoak material oso ezberdinekin egin daitezke, eta eraginkortasunaren inguruko entsegu eta ikerketa kliniko eskasak egin dituzte orain arte. Arnas birusen aurrean ez dira babes bezala onartzen eta, lan arloan, ez lituzkete erabili behar.

Nola garbitzen dira maskarak?

Ekoizle bakoitzak musukoak garbitzeko jarraibide batzuk ematen ditu. Gomendatutakoa ez den beste metodo bat erabiltzeak produktua hondatu dezake eta, ondorioz, maskarak bere eraginkortasuna galdu. Osasun Ministerioak COVID-19 ezabatzeko gai diren garbiketa metodoak argitaratu ditu.

Berriro erabiltzeko ez diren maskarak ezin dira garbitu; izan ere, ezaugarriak mantenduko dituztenik ezin da bermatu. Musukoari buelta ematea edo garbitzeko mikrouhin-labean sartzea hanka-sartzea litzateke.

Maskara zikin eta arropa garbiaren arteko kontaktua saihestu behar da garbitzerakoan. Musuko zikinak garbitzeko ardura duen pertsonak babes neurriak hartu behar ditu.

Materialak hondatu eta babeserako gaitasuna murrizten duten produktuak ez dira erabili behar. Garbitu eta gero maskara guztiz lehortu behar da (bi ordu).

Ez da mikrouhin-labe batean lehortu behar.

Maskara lehortu ondoren, hura gordetzeko orduan berriro ez kutsatzea saihestu behar da.

Garbiketa bakoitzean maskara aztertu behar da (babes eskularruekin edo eskuak garbituta). Musukoan kalteren bat antzematen baldin bada hura baztertu behar da.

Desinfektatu ondoren, egokiena, kristalezko edo plastikozko ontzi batean gordetzea da. Ondoren, ontzia itxi behar da. Beti banan-banan gorde behar dira.

Eskuz egindako maskarak ura eta xaboiarekin garbitzea gomendatzen dute (60 gradutik gora), Osasun Ministerioak gainerako arropekin egitea gomendatu bezala. Garbitu eta lehortu ondoren, musukoak zuntzik galdu ez duela egiaztatu behar da, iragazteko gaitasunik ez duela galdu, alegia.

Maskara botatzeko prozedura

Maskara mota horiek erabiltzearen arriskua murrizteko, garbiketa kopuru maximoa gaindituta bota egin behar dira.

Maskarak edukiontzi batera bota behar dira plastikozko poltsa batean sartuta. Horretarako, poltsa bikoitza erabiltzea gomendatzen da.

Musukoak hondakin biologikoentzako edukiontzietan botatzea posible da.

Zein da maskara baten gehienezko salneurria?

Apirila bukaeratik, musuko kirurgikoen salneurria, botika batean eskura daitezkeen arruntenak, 0,96 euroan ezarri zuen Espainiako Gobernuak. OCU kontsumitzaileen elkarteak FFP maskaren prezioa arautzea eskatu du, baina oraingoz Exekutiboak ez du egin. Iragazleen salneurria aldakorra da, baina denda batzuk bakoitza 20 euroan saltzen ari dira.

Zein da zigorra maskara jarrita ez eramateagatik?

Aurreneko egunetan, Estatuko segurtasun indarrek lan pedagogikoa egingo dute. Arau-hausteen berri dutenean, egileari maskara jartzea eskatuko diote edo pertsonen arteko segurtasun distantzia mantentzea posible den zonalde batera eramango dute.

Zigor proposamenak Segurtasun Legearen 36.6 artikuluaren bitartez bideratuko dira, zigor larri eta 601-30.000 bat euroko isun batekin.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Koronabirusa Maskarak covid-19