Gizartea -

Koronabirusa

Igerilekuak irekitzeko baldintzak: edukiera mugatzea eta segurtasuna bermatzea

Igerilekuak irekitzeko oinarrizko segurtasun neurriak jasotzen dituen protokoloa argitaratu du Osasun Ministerioak. Dena dela, 3 fasera arte ez da horretarako aukerarik aurreikusten.

Igerileku bat, hutsik. EiTBren artxiboko bideo batetik hartutako argazkia
Igerileku bat, hutsik.
Igerileku bat, hutsik. EiTBren artxiboko bideo batetik hartutako argazkia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igerilekuak irekitzeko oinarrizko segurtasun neurriak jasotzen dituen protokoloa argitaratu du Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak. Besteak beste, edukiera mugatzea, objektu pertsonalentzako segurtasun perimetroa ezartzea, higiene pertsonalerako neurriak hartzea eta materialak eta gainazalak desinfektatzea gomendatzen da idatzi horretan.

Espainiako Gobernuak azaldu duenez, autonomia erkidegoekin eta sektore horretako ordezkariekin landutako dokumentua da, eta igerilekuak irekitzeko orduan jarraitu daitezkeen oinarrizko segurtasun neurriak jasotzen dira. Dena dela, 3 fasera arte ez da horretarako aukerarik aurreikusten deseskalatze prozesuan, beraz, gutxienez ekainaren 8ra arte ez dituzte igerilekuak irekiko, betiere lurralde bakoitzaren egoeraren arabera.

Halaber, "modu osagarrian" instalazio bakoitzaren ezaugarrien araberako protokolo zehatzagoa prestatzea gomendatu die Osasun Ministerioak igerilekuetako arduradunei.

Osasun Ministerioak, oro har, edukiera-muga bat ezartzen du igerilekuetarako: bi metroko distantzia soziala bermatzeko beharra eta aire zabaleko espazioetan pertsonako azalera bikoizteko eta estalitako espazioetan hirukoizteko aukera, betiere instalazioa eta eremu publikoaren konfigurazioa aintzat hartuta. Gainera, ez da baztertzen neurri murriztaileagoak ezartzeko aukera.

Kasu honetan, sorosleak edo igerilekuaren kudeatzaileak izendatutako langileak izango du igerileku bakoitzean bainulari kopurua gainbegiratzeko eta horietarako sarbideak murrizteko ardura, autonomia erkidego bakoitzean indarrean dagoen legeriaren arabera.

Instalazioetara sartzeko sarbideei dagokionez, harrera dagoen tokian pertsonen arteko gutxieneko distantzia 2 metrokoa dela adierazten duten mezuak jartzea proposatzen du dokumentuak. Tornuak badaude, horiek jaitsita edukitzea edo arroparekin ukitzea gomendatzen da, eta, instalazioak horretarako aukera ematen badu, sarrerako ate bat eta irteerako beste bat erabiltzea gomendatzen da, erabiltzaileek topo egin ez dezaten.

Higiene-neurriak

Higiene pertsonalerako neurriei dagokienez, igerilekuaren sarreran eskuak desinfektatzeko eta oinetakoak garbitzeko eta desinfektatzeko sistemak jartzea gomendatzen du protokoloak. Halaber, instalazioaren barruan bakarrik erabiltzeko oinetakoak eramatea gomendatzen zaie igerilekura doazen pertsonei.

Gainera, erabili eta botatzeko produktuetarako plastikozko poltsa bat jarriko da erabiltzaileen eskura. Poltsa hori behar bezala itxita utzi beharko da irteeran dagoen zabor-ontzi batean (estalkiduna), eta kreditu-txartelarekin edo aplikazio mugikorren bidez ordaintzea lehenetsiko da.

Eremu komunak

Erabiltzaile guztientzat zabalik dauden eremu komunei dagokienez, toki horietan pertsonen artean gutxienez 2 metroko tartea bermatzeko betebeharra ezartzen da. Tarte hori lurrean seinaleztatuta egon beharko da, eta objektu pertsonal guztiek, hala nola eskuoihalak, krema-poteak, erabilera esklusiboko oinetakoak, motxilak eta gainerako tresnak, ezarritako segurtasun-perimetroaren barruan egon beharko dute, gainerako erabiltzaileekin kontaktua saihesteko.

Gomendio horrekin lotuta, etzaulkiak edo hamakak erabiltzea debekatzeko aukera instalazio bakoitzak aztertu behar duela adierazten da, baina beti 2 metroko tartea errespetatu beharko da kutsatzeak saihesteko eta ezin izango da horien erabilera partekatu. Horrez gain, modu egokian desinfektatu beharko dira eta erabili eta botatzeko zorroak ere erabili ahal izango dira.

Halaber, gutxienez egunean 2 aldiz bainulariak egoteko eta igarotzeko guneak garbitu eta desinfektatu beharko dira, eta bereziki garbituko dira gehien erabiltzen diren eremuak: aldagelak, komunak, armairuak, dutxak eta konketak.

Arau orokor gisa, protokoloak erabilera bakarreko oihalak eta materialak erabiltzea edo horiek behar bezala garbitzea eta desinfektatzea gomendatzen du. Horretarako, Osasun Ministerioak baimendu dituen desinfektatzaileetako edozein diluzio gomendatzen du, edota ingurua desinfektatzeko merkatuan aurkitu daitekeen beste edozein produktu.

Ezarritako neurrien artean, gune itxiak aireztatzeak duen garrantziaz ohartarazi du Osasun Ministerioak, hala nola aldagelak, komunak eta botikinak dauden gelak. Ildo horretatik, ateak eta leihoak irekitzea gomendatzen du, eremu horietan airearen zirkulazioa errazteko. Gainera, aireztapena bide mekanikoen bitartez ematen bada, mantentze-lan, garbiketa eta desinfekzio-maila egokian mantendu behar da.

Materialaren desinfekzioa

Materiala eta gainazalak desinfektatzeari dagokionez, elementu horiek aldez aurretik ondo garbitu ez badira, horrek ez duela "eraginkortasunik" gogorarazi du Osasun Ministerioak, mikroorganismoentzat babesleku izan daitekeen zikinkeria pilatzen baita.

Testuinguru horretan, igerilekuko elementu guztiak (kortxoak, eskailerak, dutxak, paretak, armairuak...) desinfektatu aurretik "garbiketa zuhurtzia handiz" egitea gomendatzen du, eta maiz ukitzen diren elementuei "arreta berezia" eskaintzea, hala nola txorrotei, barandei edo ateei.

Ura eta prebentzioa

Bestalde, birusarekin amaitzeko helburuarekin, protokoloak igerilekuko uretan dagoen hondakin-desinfekzioaren tratamendua behar bezala egiteko premia nabarmentzen du, eta, ildo horretatik, dokumentuan azpimarratzen da urak arazketa fisikoko eta kimikoko prozesu bat izan behar duela, noizean behin berritu behar dela eta gainbegiratze lan horiek aldian-aldian egin behar direla.

Igerilekuan dauden ostalaritza-establezimenduek sektore horri dagozkion protokoloak bete beharko dituzte, eta kirol-instalazioak eta jolas-parkeak, berriz, ezingo dira erabili deseskalatze prozesuan dagokion fasean horretarako baimean ematen den arte.

Azkenik, megafonia edo katelen bidez prebentzio mezuak zabaltzearen garrantzia ere azpimarratzen da dokumentuan, higiene publikoko jardunbide egokiak gogora ekarri beharko dituena, hala nola igerilekura sartu aurretik dutxatzea edo bainurako jantziak eta eskuoihalak garbitzea, inguruan izan daitezkeen bakterio edo birus guztiekin amaitzeko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Araba Turismoa Euskadi Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Hondartzak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasun albisteak Medikuak Aisia Oporrak Erizaintza Sendagaiak Uda Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea Kiroldegiak gaur