Gizartea -

Koronabirusa

Datorren ikasturtean klase bakoitzeko ikasleen erdiak egongo dira txertorik ez badago

Kasu horretan, gainera, aurrez aurreko klaseak eta online bidezkoak txandaka antolatuko lirateke. Testuinguru horretan, gehienez 15 ikasleko gelak osatuko lirateke.

Isabel Celaa Espainiako Gobernuko Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministroa. Argazkia: EFE
Isabel Celaa Espainiako Gobernuko Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministroa.
Isabel Celaa Espainiako Gobernuko Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministroa. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Isabel Celaa Espainiako Gobernuko Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministroak iragarri duenez, eskolek ikasle kopurua erdira murriztu beharko dute 2020-2021 ikasturtean, gehienez 15 ikasleko gelak osatuz, aurretik koronabirusaren aurkako txertoa iristen ez bada. Kasu horretan, gainera, aurrez aurreko klaseak eta online bidezkoak txandaka antolatuko lirateke.

"2020-2021 ikasturtera begira, horretan ari gara lanean. Beste aukerarik ez badago, ikastetxeek beren ahalmenaren erdira egon beharko dute. Horren ondorioz, ikasle batzuk ikasgelan arituko dira lanean, eta beste batzuk, telematikoki", adierazi du ministroak.

Celaak uda osterako aurreikusi duen neurria Espainiako Gobernuaren deseskalatze planean jasota dago, baina, kasu horretan, ikasturte amaieran klasera itzuli behar duten zenbait ikaslerentzat.

Zehazki, maiatzaren amaierarako aurreikusita dagoen deseskalatze planeko 2 fasean, Batxilergoko bigarren mailako eta Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako ikasleak geletara itzuli ahalko dira, errepaso-eskolak jasotzera, baina 15 ikasle baino gehiago dituzten eskola guztiek erdira murriztu beharko dute ikasleen kopurua, koronabirusa hedatzea saihesteko asmoz ikaskideen arteko distantzia mantentzeko.

Gainera, irailetik aurrera klasera joateko txandak ezartzeko aukera aipatu du Celaak. "Lehen Hezkuntzan, hiru milioi haur heldu batek lagunduta eskolara joaten direla pentsatzen badugu, zenbaki bat jartzeagatik, imajina dezagun ikasturtean nolako mugimendua sortzen den. Gainera, haur guztiak batera joaten badira, ezingo dugu derrigorrezko distantzia bermatu", azaldu du.

"Irtenbide bat edo txerto bat eduki arte, konfinamendua da birusari aurre egiteko tresna bakarra. Ezin dugu aurreratutako guztia arriskuan jarri", esan du Celaak elkarrizketa batean. Horrez gain, datorren ikasturtea hirugarren hiruhilekoari zegozkion edukien errepasoarekin hasiko dela jakinarazi du, izan ere, milioika ikaslek telematikoki jarraitu dituzte klaseak konfinamendua dela eta.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta/edo garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Deustuko Unibertsitatea Mondragon Unibertsitatea Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Hezkuntza Osasun albisteak Umeak Koronabirusa Alarma egoera