Gizartea -
KORONABIRUSA
18 hildako EAEn eta 2 Nafarroan azken orduetan COVID-19aren ondorioz
Epidemia hasi zenetik, 1.230 pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan, eta beste 431 Foru Erkidegoan.
EITB.EUS | AGENTZIAK
COVID-19ak beste 18 hildako eragin ditu Euskal Autonomia Erkidegoan azken 24 orduetan, eta beste 183 kasu positibo gehiago, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera eman duenez. Epidemia hasi zenetik, 1.230 pertsona hil dira, eta 14.315 dira kutsatu direnak. Azken orduetan, beste 183 positibo gehiago atzeman dira.
Ospitaleen egoerari dagokionez, 702 pertsona daude ingresatuta, atzo baino 67 gutxiago. Alta emandako pertsonei dagokienez, 9.602 dira, kasu positibo guztien %67, alegia.
Lurraldeka, Araban, 3.590 kutsatu daude, eta horietatik 141 ospitalean daude. Bizkaian, berriz, 8.129 pertsona kutsatu dira, eta horietatik 404 ospitaleratuta daude. Eta Gipuzkoan, ordea, positiboen kopurua 2.596 da, eta horietatik 157 ospitaleratuta daude.
Euskadin guztira 80.277 PCR eta 30.799 test azkar egin dira. Atzo egunean zehar, 7.318 test egin ziren guztira (4.423 PCR eta 2.895 test azkar).
Nafarroa
Bestalde, Espainiako Osasun Ministerioaren arabera, azken orduetan beste 2 pertsona hil dira Nafarroan, koronabirusarekin. Epidemia hasi zenetik, 431 hil dira Foru Erkidegoan. Kutsatuei dagokienez, guztira 4.712 daude, horietatik 85 azken 24 orduetan. Gainera, horietatik 5 ospitaleratu behar izan dituzte.
Heriotzei dagokienez, % 70,3 (303) ospitaleetan izan dira, eta gainerako % 29,7 (128), ospitaleetatik kanpo. 431 hildakoen batez besteko adina 83 urtekoa da (26 eta 107 urte artekoak).
Espainiar Estatua
Bestalde, koronabirusarekin Espainiar Estatuan hildako pertsona kopurua 288ra jaitsi da, atzo baino 90 gutxiago. Hortaz, epidemia hasi zenetik, 23.190 dira hildakoak. Kutsatuei dagokienez, azken orduetan 1.729 kasu gehiago atzeman dituzte, guztira, 207.634.
Birusa gainditu dutenen artean, guztira 98.732 dira, horietatik 3.024 azken 24 orduetan.
Fernando Simon Espainiako Alertak eta Osasun Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren zuzendariak aitortu duenez, datuek "beheranzko joera argia" erakusten dute.