Gizartea -
KORONABIRUSA
26 hildako EAEn eta 12 Nafarroan azken orduetan COVID-19aren ondorioz
Hildakoen datu "urratzailea" izan ezik, gainerako parametroek pandemiaren bilakaeraren "joera positiboa" erakusten dute, Nekane Murga sailburuaren arabera.
EITB.EUS
COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz, 26 pertsona hil dira EAEn azken orduetan eta 344 positibo gehiago zenbatu dituzte. Hala ere, pandemiaren bilakaerak "joera positibo argia" erakusten du.
Hala adierazi du Nekane Murga Osasun sailburuak Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean, Iñigo Urkullu lehendakariak Gobernu autonomikoak koronabirusaren pandemiaren krisian hartutako neurrien berri eman eta EAEko hauteskundeak uztailean izatea nahi duela iragarri ostean.
Horrela, COVID-19aren pandemia hasi zenetik, Euskal Autonomia Erkidegoan guztira 13.780 pertsona zenbatu dituzte birusarekin, horietatik 801 ospitalean daude, eta 1.193 pertsona hil dira.
Murgak azaldu duenez, atzo (osteguna) 8.795 detekzio proba egin zituzten (4.399 PCR eta 4.396 test azkar), eguneko kopururik handiena, eta soilik % 7k eman zuten positibo.
Gainera, beste 323 pertsona sendatu dira eta guztira 8.136 lagunek gainditu dute gaixotasuna. Horietatik 4.084 lagun errekuperatu dira eta 5.514 lagunek jaso dute alta (gerta daiteke pertsona bera bi zerrendetan egotea). Halaber, 37 gaixo gutxiago ospitaleratu dituzte.
Sailburuak nabarmendu duenez, ostegun honetan ez dute inor zainketa berezien unitateetan sartu COVID-19aren ondorioz, eta martxoaren 1etik ez zen halakorik gertatzen. Horregatik guztiagatik, hildakoen datu "urratzailea" izan ezik, gainerako parametroek pandemiaren bilakaeraren "joera positibo argia" erakusten dutela esan du Murgak.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, 3.453 positibo daude Araban (143 ospitaleratuta); 7.828 Bizkaian (475 ospitaleratuta), eta 2.49 Gipuzkoan (183 ospitaleratuta).
Bestalde, Iñigo Urkulluk Osasun sailburuak emandako datuei gehitu die egoitzetan atzemandako positiboak, Foru Aldundien azken eguneraketaren arabera, 1.690 direla, eta zahar-egoitzetan COVID-19arekin hildako pertsonak 499 izan direla. Gainera, kutsatutako osasun profesionalak 2.280 izan direla adierazi du.
Minutu bateko isilunea Eusko Legebiltzarrean, COVID-19ko biktimen omenez:
Nafarroak modu esponentzialean handitu du koronabirusa detektatzeko PCR probak egiteko gaitasuna, 1.357 test egin ziren egunean. Izan ere, aurreko jardunaldian 913 egin ziren, eta aurreko egunetan 400-500. 1.357 probetatik,% 7k emaitza positiboa izan zuten.
Bestalde, atzo 117 kasu berri zenbatu zituzten, eta izurritea hasi zenetik, guztira 5.180 kutsatu daude Nafarroako Foru Erkidegoan.
Azken egunean 12 pertsona hil dira. Beraz, COVID-19aren heriotzen kopuru osoa 421 da Nafarroan. Zenbatutako kasuen artean izandako heriotzen % 70,5 (294) ospitaleetan gertatu dira, eta 127 ospitalez kanpokoak. Hildako 421 pertsonen adin-tartea 26 eta 107 urte artekoa da, eta batez besteko adina 83 urtekoa.
Nafarroako kasu positibo guztietatik, 3.207 baieztatutako kasuak dira. Baieztatutako kasu guzti horietatik, 225 ospitaleratuta daude, 79 etxean, eta 47 zainketa intentsiboetan; gainerakoak, 2.856 etxean, 1.552 pertsona sendatuta eta 421 hilik.
Gainera, 107 alta epidemiologiko berri eman dira, hau da, Nafarroan guztira 1.552 pertsona sendatu dira. Ospitaleratutako gaixoak 1.915 dira guztira, aurreko egunean baino 8 gehiago; horietatik 129 zainketa berezien unitateetan ospitaleratu behar izan dituzte.
Nafarroako Osasun Sistemako (publikoa eta pribatua) profesionalen artean jasotako positiboei dagokienez, zenbatekoa % 4,9koa da, hau da, 744 profesional kutsatu dira.
Maria Chivite Foru Gobernuko presidenteak azaldu duenez, "baikortasun zuhurra" dago osasun arloan, COVID-19aren pandemiaren ondorioz Nafarroan bizi den egoera aztertzeko. Hala ere, ondorio ekonomiko eta sozialak oraindik ere aztert eta neurri aringarriak hartu behar direla esan du, gordintasuna geldiarazteko.
Hala adierazi du Parlamentuko Foru Erregimeneko Batzordean, "gure erkidegoan azken asteetan bizia galdu duten pertsonen omenez" minutu bateko isilunearekin hasi den saioan.
Heriotzen beherakada txikia Espainian
Koronabirus berriak 367 pertsona hil ditu 24 ordutan Espainian. Horrek esan nahi du ostegunarekin alderatuta behera egin duela, orduan 440 izan baitziren. Hildakoen kopurua, berriz, 22.524ra igo da.
Gainera, 202.990 gaixo gehiago zenbatu dituzte PCR bidez, eta 92.355 lagun sendatu dira, Osasun Ministerioak ostiral honetan argitaratutako datuen arabera.