Gizartea -

Koronabirusa

EAEko zahar-etxeetan test azkarrak egiten hasi dira

Lehendakariaren esanetan, zahar-etxeetan dauden adineko pertsonei arreta ematea erabateko "lehentasuna" da, koronabirusaren ondorioz "heriotza ugari" izan baitira zentro horietan.

Zahar-etxe bateko adineko pertsona bat, leihotik begira. Artxiboko argazkia: EFE
Zahar-etxe bateko adineko pertsona bat, leihotik begira.
Zahar-etxe bateko adineko pertsona bat, leihotik begira. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak jakinarazi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) zahar-etxe guztietan COVID-19 gaitza atzemateko test azkarrak egiten hasi dira asteazken honetan. Zehazki, koronabirusarekin bateragarriak diren sintomak dituzten adineko pertsonei egingo dizkiete probak.

Hala iragarri du Urkulluk berak gaur Gasteizen bildu den Euskadiko Babes Zibileko Lurralde Planaren laguntzarako aholku-batzordean. Besteak beste, Nekane Murga Osasun sailburuak, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak, hiru lurraldeetako ahaldun nagusiek, Gorka Urtaran Eudeleko presidenteak eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak parte hartu dute bilera horretan.

Lehendakariak topaketa horretan nabarmendu duenez, bere gobernuarentzat EAEko zahar-etxeetan dauden adineko pertsonei arreta ematea "lehentasuna" da, koronabirusaren ondorioz "heriotza ugari" izan baitira zentro horietan. Dena dela, azken egunetako adierazleak "positiboak" direla esan du, pixkanaka bada ere, ospitaleratzeen eta ospitaleetako alten arteko balantzea hobetzen ari delako, kutsatuen kopuruaren bilakaerak behera egiten duen bitartean. Horrez gain, zainketa intentsiboetako unitateen okupazioa egonkortu egin dela azpimarratu du.

Gainera, orain arte 4.150 alta eman dituzte EAEko ospitaleetan, eta koronabirusa zuten osasun arloko 200 profesional baino gehiago sendatu dira, baina heriotzen datuek, Urkulluren esanetan, "gogor kolpatzen jarraitzen dute", batez ere adineko pertsonen artean.

"Gure arreta guztia zahar-etxeetan jartzen ari gara", esan du Urkulluk. Ildo horretatik, lehen mailako arretarako telefono bidezko kontaktu zuzena dutela jakinarazi du, eta gaurtik aurrera koronabirusarekin bateragarriak diren sintomak dituzten adineko pertsona guztiei test azkarrak egingo dizkietela, kutsatuta dauden edo ez jakiteko.

Bestalde, "normaltasunera itzultzeko euskal plana" aipatu du lehendakariak, baina horren xehetasunak datorren astean emango ditu jakitera. Bere esanetan, erabakiak hartzea "zeregin estrategiko bezain konplexua" izan da, eta osasun, hezkuntza, ekonomia, gizarte eta kultura arloak hartzen ditu bere baitan.

Planak bi fase izango ditu: lehenengoa gaur egungo "egoera arintzekoa" izango da, eta urte amaiera bitartean garatuko da, pandemiaren ondorio negatiboak jasatera bideratutako neurriekin; bigarrena, berriz, "egoera gainditzekoa", eta eguneroko baldintzak "pixkanaka berreskuratzea" izango du helburu.

Plan horretan, foru aldundien eta udalen ekarpenak izatea "ezinbestekoa" izango dela gaineratu du.

Koronabirusaren eraginez osasun arloko krisia hasi zenetik bosgarren bilera egin du gaur Euskadiko Babes Zibileko Lurralde Planaren laguntzarako aholku-batzordeak.  Bertan, "gizartean nolabaiteko kezka sortzen ari diren" gaiei buruz ere hitz egin du lehendakariak; besteak beste, maskaren erabilera, test azkarrak eta sintomarik gabeko pazienteak artatzeko azpiegiturak.

Hiru gai horiei buruzko "definizio argia" eskatu dio Espainiako Gobernuari, "Munduko Osasun Erakundearen gomendioekin bat egin dezan". "Ziurgabetasuna sor dezaketen eztabaidak hasi aurretik, zalantzei erantzun ahal izateko irizpide argiak ezarri behar dira", azpimarratu du.

Lehendakariak amaitzeko, euskal herritarrak pandemia honetan erakusten ari diren "erresilientzia eta gainditze espiritu kolektiboa" eta "lankidetzarako aparteko gaitasuna" azpimarratu ditu. Ildo horretatik, erakundeen arteko lankidetza eta lankidetza publiko-pribatua, hirugarren sektore sozialeko erakundeen eta kolektiboen ekarpena eta boluntariotzako herritarren ekimenak txalotu ditu.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Iñigo Urkullu Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasun albisteak Medikuak Adinekoentzako egoitzak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa