Gizartea -
KORONABIRUSA
38 hildako EAEn eta 15 Nafarroan, azken orduetan
Igandean baino bost pertsona gehiago hil dira EAEn, baina 3.728 sendatu dira, aurreko egunean baino 160 gehiago.
EITB.EUS
Koronabirusaren pandemia dela eta, 38 pertsona hil dira azken orduetan, eta hildakoak 586 dira jada. Bestalde, 211 positibo gehiago zenbatu dituzte EAEn azken 24 orduetan.
Guztira, 9.021 pertsona kutsatu dira EAEn eta horietatik, 1.725 ospitaletan dira. Errekuperatutako eta alta emandako pertsonen kopuruak gora egin du. Atzo, 160 pertsona jaso zuten ospitaleko alta eta, hortaz, guztira 3.728 dira osatu eta alta emanda daudenak.
Lurraldez lurralde aztertuta, Araban, 2.744 positibo daude, 271 ospitaleratuta. Bizkaian, 4.717 positibo daude, 1.1054 ospitalean. Gipuzkoan, 1.560 positibo daude, 349 ospitalean.
Eskuragarri dauden azken datuak dira, eta Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eman ditu horien berri, COVID-19k Euskadin duen eraginaren berri emateko egunero egiten duten agerraldian.
Bestalde, gaixotasun kronikoak dituzten pertsonen tratamenduak etxetik irten gabe bermatzeko Osasun Saila medikamentuen banaketarekin lotuta azken asteotan garatzen ari den ekintzak ere aipatu ditu Murgak bere agerraldian.
Neurri horietako bat izan da tratamenduak automatikoki luzatzea, osasun zentroarekin harremanetan jarri gabe bi hilabeterako medikazioa eduki ahal izateko. Dagoeneko, 337.000 pertsona baino gehiagok badu denbora horretarako medikazioa etxean.
Bestalde, 23.246 proba egin dira orain arte. Atzo egindako 768 proben % 27 positibo izan ziren, azken hilabeteko baxuena.
Nafarroan, berriz, 15 pertsona hil dira azken 24 orduetan, koronabirusa dela eta. Hala, oraingoz 202 dira birus horren ondorioz Foru Erkidegoan hildakoak, Espainiako Osasun Ministerioak jakitera eman duenez.
Guztira, 3.355 pertsonak eman dute positibo, azken 24 orduetan 124 positibo gehiago izan baitira. Bestalde, 1.488 pertsona daude ospitaleratuta, horietako 124 zainketa intentsiboen unitatean. Sendatu diren gaixoen kopurua 294 izatetik 421 izatera pasatu da Foru Erkidegoan.
Iparraldeko datuak
Gutxienez 15 lagun hil dira Baiona eta Paueko ospitaleetan eta Akitania Berrian 120. Frantziako Osasun Sailak Lapurdi, Behe Nafarroa, Zuberoa eta Bearno lotzen dituen Pirineo Atlantikoetako departamenduko eta Akitania Berriko zenbakiak baizik eskaintzen ez dituenez, aldi honetan ere ezinezkoa da Ipar Euskal Herriko argazki zehatza izatea.
Eguneroko hildakoek gora egin dute Espainian, lau eguneko erorikoen ostean
Koronabirusa dela eta kutsatutakoak 140.510 dira Espainian, hau da, astelehen honetan baino 5.478 gehiago, Osasun Ministerioak argitaratutako azken datuen arabera. 13.798 pertsona hil dira Covid-19rekin (743 gehiago), 43.208 sendatu dira (2.771 gehiago) eta 7.069 zainketa berezien unitatean sartu behar izan dituzte (138 gehiago).
Hala, hautsi egin da eguneroko heriotza kopurua murrizteko joera: larunbatean 809 hildako gehiago izan ziren, igandean 674 izan ziren, eta 637 astelehen honetan. Eguneko kasuei dagokienez, astearte honetan ere gora egin du apur bat atzokoarekin alderatuta, orduan 4.273 positibo izan baitziren.