Gizartea -
Koronabirusa
Ospitaleratuei eta oinarrizko langileei bakarrik egingo dizkiete testak Euskadin
Osakidetzak prestatu duen dokumentu berriak koronabirusa duten pazienteei arreta emateko jarraibideak jasotzen ditu, bai eta langileak kutsatzeko arriskua prebenitzeko aholkuak ere.
Agentziak | Erredakzioa
Aurrerantzean, ospitaleratuta dauden edo arnas infekzioagatik ospitaleratu behar diren pertsonei eta sintomak dituzten osasun arloko langileei zein funtsezko jardueretako profesionalei baino ez dizkiete egingo koronabirusa atzemateko probak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Arrisku taldeetan dauden pertsonei dagokienez, kasuak "banaka aztertzea" aholkatzen du protokolo berriak, kasuan kasu testa egitea egokitzat jotzen den erabakitzeko.
Osakidetzak martxoaren 30ean sinatu zuen jarraibide berriak biltzen dituen dokumentua, eta osasun arloko profesional guztiei igorri die jada. Zehazki, EAEko osasun arloko zentroetan koronabirusa duten pazienteei arreta emateko jarraibideak jasotzen ditu, bai eta langileak kutsatzeko arriskua prebenitzeko aholkuak ere.
Testuak zehazten duenez, "aurreko kasuetan aurreikusi gabeko arnas infekzio akutu arina duten pertsonei ez zaie ohiko test diagnostikorik egingo". Halaber, paziente bati proba bi aldiz egiteko aukera jasotzen du dokumentuak, betiere "susmo kliniko eta epidemiologiko handia dagonenean" eta aurretik egindako testak negatibo eman badu. Ildo horretatik, "horren eraginpean egon daitezkeen Osakidetzako profesionalen jarraipena eta maneiua beren lan-osasuneko eremua zehaztuko duen prozedura espezifikoen bidez egingo da".
Gainera, koronabirusa atzeman dieten pazienteak edo gaitz horren sintomak zituzten pertsonak artatzeko orduan, babes-neurri egokiak erabili ez dituzten osasun arloko profesionalek gaixoekin "kontaktu estua" izan dutela aurreikusten du dokumentuak. Horrez gain, 2 metro baino gutxiagora eta 15 bat minutuz gaixo batekin kontaktu fisikoa duten senide eta pertsonek ere horiekin "kontaktu estua" izan dutela jasotzen du.
Hala, kontaktu estuaren definizioa betetzen duten osasun arloko langileek laneko arriskuen prebentzio-zerbitzuaren jarraibideak bete beharko dituzte, eta zerbitzu horrek erabakiko du langile horrek isolamendua bete behar duen eta bere inguruko pertsonen jarraipena egin behar den ala ez.
"Gainerako populazio orokorrean ez da kontaktu horien jarraipen aktiborik egingo. Positibo eman duen kasuarekin azken aldiz kontaktua izan ondoren 14 egunez etxean geratzeko baino ez zaie eskatuko", adierazi du Osakidetzak, eta "bestelako gomendioak eskatzen dituzten egoerak banaka aztertu ahal izango dituzte osasun arloko profesionalek", gaineratu du.
Halaber, "kontaktua izan eta ondorengo 14 egunetan inguruko pertsona horrek koronabirusarekin bateragarriak diren sintomak baditu eta egoera klinikoak horretarako aukera ematen badu, etxean isolatu beharko da berehala, eta lehen mailako arretako zerbitzuekin harremanetan jarri".
Dokumentuak ohartarazten duenez, osasun arloko krisi honen hasieratik egin diren jarraibide guztiekin bezala, txostena etengabe berrikusten da, gaitzak duen eboluzioaren eta eragin dezakeen infekzioaren inguruan eskura dagoen informazio berriaren arabera.