Gizartea -

Koronabirusa

Metro Bilbaok eskariari egokitutako maiztasun berriak eskainiko ditu gaurtik aurrera

Lanegunetan eragina izango duen neurria da, larunbat eta igandeetan jaiegunetako zerbitzu murriztuaren maiztasunak jarraituko baitute.

Metro Bilbao. EiTBren bideo batetik ateratako argazkia
Metro Bilbao.
Metro Bilbao. EiTBren bideo batetik ateratako argazkia

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Metro Bilbaok eskariari egokitutako zerbitzu eta maiztasun berriak eskainiko ditu gaurtik aurrera. Lanegunetan eragina izango duen neurria da, larunbat eta igandeetan jaiegunetako zerbitzu murriztuaren maiztasunak jarraituko baitute.

Gainera, gaueko zerbitzuek etenda jarraitzen dute beste abisu bat eman arte, konpainia horrek ohar baten bidez azaldu duenez. Ildo horretatik, maiztasun berriak Metro Bilbaoren webguneko "hurrengo trenak" atalean kontsultatzea gomendatu du.

Astelehenean, 06:00etatik 10:00etara bitartera doazen puntako orduetan, joan den asteko egun eta tarte berean baino 5.100 bidaiari gutxiago zenbatu zituzten. Zehazki, 13.800 bidaia-txartel balioztatu ziren atzo; martxoaren 23an, berriz, 18.900. Horrek, % 28 inguruko jaitsiera suposatzen du aste batetik bestera.

Alabaina, euskal trenbide, tranbia eta funikular zerbitzuak eskaintzen dituen Eusko Trenbideak izan du beherakadarik nabarmenena astelehen honetan, izan ere, bidaiarien kopurua % 43 jaitsi da astelehen goizeko puntako orduetan, hau da, 05:00etatik 08:00etara bitartera doan tartean, joan den asteko ordu-tarte berarekin alderatuta. Martxoaren 23an 5.465 bidaiari zenbatu zituzten; atzo, berriz, 3.117 erabiltzaile.

RENFEk kudeatzen dituen aldiriko trenek, bestalde, % 10eko jaitsiera izan dute bidaiari kopuruan, aurreko astelehenarekin alderatuta, eta, beraz, lanegun arrunt batean eskainitako zerbitzuarekiko are nabarmenagoa da beherakada (% 90 ingurukoa).

Bilbobusek eta Bizkaibusek, ordea, ez dituzte astelehenean zenbatutako joan-etorrien inguruko datuak eman. Egunean zehar jakinaraziko dituzte atzoko datuak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Bilbo Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Metro Bilbao Gizartea Ekonomia Bilbo erdialdeko sarbidea Bizkaibus Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Bilboko tranbia Bilbobus Renfe Garraio publikoa Koronabirusa