Gizartea -

KORONABIRUSA

Erkidegoek bere gain hartu dute osasun pribatuaren kontrola koronabirusagatik

Gobernuak osasun, garraio eta Estatuko segurtasun indarren eta indar armatuen hedapen neurrien berri eman du.

Salvador Illa Osasun ministroa. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Salvador Illa Osasun ministroa
Osasun ministerioak osasun pribatua autonomia erkidegoen agindupean jarri du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gobernuak Osasun Sailen aginduetara jarri ditu osasun instalazio pribatuak, eta beharrezkoak diren baldintzak betetzen dituzten espazio publiko eta pribatuak osasun erabilerarako gaitzeko aukera emango die koronabirusaren osasun krisiari erantzuteko.

Pandemiari aurre egiteko alarma egoera aktibatu ostean, Espainiako Gobernuak osasun, garraio eta Estatuko segurtasun indarren eta indar armatuen hedapen neurrien berri eman du.

Salvador Illa Osasun ministroak, Margarita Robles Defentsa ministroak, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak eta Jose Luis Abalos Garraio ministroak prentsaurreko telematiko batean aurreratu dutenez, pandemiak 7.753 pertsona kutsatu ditu Espainian, eta 288 pertsona hil dira jada.

Osasun arloko neurrien artean, osasun sailek gune publiko eta pribatu berriak erabili ahalko dituzte kontsultarako zein ospitaleratzeko, eta erraztasun gehiago izango dituzte kontratuak luzatzeko edo egiteko. Gainera, agente pribatuek 48 orduko epe "luzaezina" izango dute produktu sanitario interesgarrien "stockaren" berri emateko edo produktu horiek fabrikatzeko gaitasuna duten jakinarazteko.

Gainera, Espainiako Gobernua prozedura berri bat eta metodo berri bat garatzen ari da koronabirus test gehiago egiteko gaitasun logistikoa handitzeko, 30.000 baino gehiago egin ondoren.

Defentsak, bestalde, Gomez Ulla Madrilgo ospitale militarreko eta Zaragozako erietxeetako baliabide guztiak jarri ditu Osasunaren esku, eta, gainera, erreserban dauden medikuei dei egin die pandemia geldiarazten lagun dezaten.

Larrialdietako Unitate Militarra ere, "aurretiazko azterketak" egiten hasi da birusa zabaltzeko arrisku handiagoa egon daitekeen zazpi hiritan; Madrilen, Valentzian, Sevillan eta Zaragozan, besteak beste.

Horrez gain, Leonen, Las Palmasen eta Santa Cruz Tenerifekoan ere aktibatu dute, batez ere, birusa zabaltzeko arrisku handiena dagoen hirietan.

Osasun Ministerioak igande eguerdian emandako datuen arabera, 288 hildako (bezperan baino 152 gehiago) eta 7.753 kasu positibo (2.000 gehiago) zenbatu dituzte. Halaber, 517 pazienteri alta eman diete, eta 382 gaixo zainketa intentsiboen unitatean daude.

COVID-19a atzemateko probetan positibo eman duten gaixo gehien erregistratu dituen erkidegoa Madril da, 3.544 positibo zenbatu baitituzte bertan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Koronabirusa