Gizartea -
COVID-19
Dagoeneko koronabirusak 417 pertsona kutsatu ditu EAEn eta 130 Nafarroan
Bederatzi pertsona hil dira Araban, bi Bizkaian eta hiru Gipuzkoan. 179 pertsona ospitalean dira EAEn eta 33 Nafarroan.
Agentzia | Erredakzioa
Euskadik 71 kutsatu berri antzeman ditu azken orduetan. Gainera, hiru pertsona gehiago hil dira koronabirusarekin. Guztira, 417 kutsatu dira Euskal Autonomia Erkidegoan, horietatik 179 ospitalean daude. Dagoeneko birusak 14 pertsona hil ditu EAEn, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostiral honetan jakitera eman duenez.
Gipuzkoan, 24 positibo dira, horietako zortzi ospitalean daude; Bizkaian, 83 dira kutsatuak, horietako 40 ospitalean daudelarik; eta Araban 310 kasu antzeman dituzte, horietako 131 ospitalean dira.
Lurraldeka, dagoeneko bederatzi hildako dira Araban, bi Bizkaian eta hiru Gipuzkoan. Positibo berriei dagokienez, 51 zenbatu dituzte Araban, 12 Bizkaian eta 8 Gipuzkoan.
Iñigo Urkullu lehendakariaren prentsaurrekoaren ostean datu berriak eman dituzte. Ezohiko Gobernu Kontseilua egin du Jaurlaritzak goizean. Euskal Autonomia Erkidegoan "osasun larrialdi edo alerta" egoera indarrean jarri du Exekutiboak. Horrela, bihartik aurrera salbuespenezko neurriak hartzeko aukera izango du Jaurlaritzak, besteak beste, pertsonak etxeetan konfinatzea eta "arrisku eremuetara" sarrera mugatzea.
Bestalde, birusak kutsatutako bederatzi pertsona sendatu direla aurreratu du Urkulluk prentsaurrekoan.
Osakidetzaren balizko kolapso baten inguruan galdetuta, egoerari aurre egiteko "gaitasuna bermaturik" dagoela ziurtatu du lehendakariak. Hala ere, kutsatzea saihesteko Osasun Sailaren gomendioak betetzea eskatu du agintariak.
Eskuak sarri garbitzeko gomendioa eman du Sailak, are gehiago arnas sintomekin, kutsatzeen % 95 pertsonak sintomak dituztenean gertatzen direlako.
Eztula egiterakoan ukalondoarekin edo erabili eta botatzeko zapi batekin estaltzea, eta sintomekin adinekoekin ala gaixotasun kronikoak dituzten pertsonekin harremanetan ez egotea, ezta toki publiko edo jendetsuetan ere.
Hezkuntza zentro guztiak itxita dauden aurreneko eguna da.
130 positibo Nafarroan
Bestalde, 130 koronabirusa kasu baieztatu dituzte Nafarroan, horietako 33 ospitalean daude, eta horietatik lau ZIUn.
Konkretuki, Osasun Kontseilaritzak emandako datuen arabera, Nafarroako Ospitale Gunean 21 pertsona ospitaleraturik daude, horietako hiru ZIUn; beste bost Tuterako Sofia Erregina Ospitalean; eta zazpi Nafarroako Unibertsitate Klinikan, horietako bat ZIUn.
Gainerako 81 pazienteak etxean daude.
Ostiral honetan ikastetxeetara ez joateko gomendioari dagokionez, 29 zentrotara ez da ikaslerik joan, Javier Remirez presidenteordeak jakitera eman duenez.