Gizartea -
COVID-19
Beste hiru pertsona hil dira koronabirusarekin Araban eta Bizkaian
Araban bi emakume hil dira, 92 eta 88 urtekoak, eta 87 urteko beste emakume bat Bizkaian. Guztiek gaixotasun kronikoak zituzten. 32 kasu berri atzeman dituzte EAEn, eta beste hiru Nafarroan.
eitb.eus
Koronabirusa zuten hiru gaixo gehiago hil direla jakinarazi du gaur Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ohar baten bidez; dagoeneko bost pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan.
Araban bi emakume hil dira, 92 eta 88 urtekoak, isolamenduan zeudenak, eta 87 urteko beste emakume bat, Bizkaian, isolamenduan ere; guztiek ere aurretiko gaixotasun kronikoak zituzten.
Gainera, COVID-19 birusaren 32 kasu berri atzeman dituzte azken orduetan, honela banatuta: 26 gehiago Araban, 5 gehiago Bizkaian, eta 1 Gipuzkoan.
Araban 26 positibo gehiago izan dira, beraz, 79 dira dagoeneko koronabirusa duten pertsonak. Horietatik 23 ospitalean daude, horietako 5 ZIUn.
Gipuzkoan beste positibo bat izan da. Guztira hiru kasu daude, eta horietako bi ospitalean daude.
Bizkaian 5 kasu berri gehitu dira, beraz, guztira 20 kasu positibo daude. Lurralde horretan 12 pertsona daude ospitaleratuta, horietako bat ZIUn.
Guztira, 102 kasu
Hala, 102 koronabirus kasu positibo atzeman dituzte EAEn; horietatik 37 ospitalean daude, 6 ZIUn, eta bost pertsona hil dira.
Osasun Sailak eta Osakidetzak beste bilera tekniko bat egin dute igande honetan, egoera aztertzeko eta egungo "euste-egoeran prebentzio-neurriak, bereziki osasun arlokoak, ahalik eta gehien areagotzeko".
Ildo horretan, "unean-unean" emango zaie osasun arloko profesionalei eta, oro har, biztanleei ezartzen zaizkien jarraibide berrien berri.
Hiru kutsatu berri Nafarroan
Bestalde, Nafarroako Gobernuak laugarren koronabirus kasua baieztatu du igande goizean. Kutsatu berria 64 urteko gizon iruindar bat da.
Probetan positibo eman ondoren aurreikusitako protokoloak aplikatu dizkiote, eta etxean bakartu dute, jarraipena eta kontrola egiteko.
Arratsaldean, berriz, beste bi kutsatu baieztatu ditu Foru Gobernuak. Arnas infekzio sakona daukan 39 urteko emakume bat Nafarroako Ospitalean dago, eta 63 urteko gizon bat Nafarroako Unibertsitate Klinikaren ZIUan. Biek probetan positibo eman dute.
Iragan asteburuan aurreneko positiboa antzeman zuten Foru Erkidegoan, orduz geroztik 39 urteko emakumea ZIUn dago; astelehenean 34 urteko haren senide bat Nafarroako Ospitale Gunean ospitaleratu zuten; eta ostiralean 27 urteko beste gazte bat ospitaleratu zuten. Guztiak iruindarrak dira.