Ekonomia -

Lan gatazka

Hegaldi ugari geratu dira bertan behera, atzeratuta edo maletarik gabe, Iberiako grebaren ondorioz

Lehen greba egunak % 75eko jarraipena izan du Bilboko aireportuan, konpainiaren arabera. Sindikatuek, berriz, % 90era igo dute datu hori.

Ilarak Loiuko aireportuan. Artxiboko argazkia: EFE
Ilarak Loiuko aireportuan. Artxiboko argazkia: EFE
Ilarak Loiuko aireportuan. Artxiboko argazkia: EFE

1:01

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iberiako handling (lurreko asistentzia) zerbitzuko langileen lau eguneko greba hasi da ostiral honetan, urtarrilaren 5a eta 8a bitartean egingo baitute. Horren ondorioz, konpainiak 444 hegaldi utzi behar izan ditu bertan behera Espainiako Estatuan, eta 45.600 bidaiariri baino gehiagori eragin diela estimatzen da. Euskal aireportuen kasuan, gutxienez 48 hegaldi geratu dira bertan behera oraingoz.

Hain zuzen ere, Loiuko aireportuan Iberiaren 18 hegaldi desprogramatu dituzte: bertatik irtetekoak ziren 9 eta bertan lur hartu behar zuten 9. Hondarribiko aireportuaren kasuan, 16 hegaldi geratu dira bertan behera: bertatik abiatzekoak ziren 8 eta bertara iristekoak ziren 8. Azkenik, Noainen, Iberiaren 14 hegaldi desprogramatu dituzte: bertatik ateratzekoak ziren 7 eta bertara heltzekoak ziren 7.

UGTk, CCOOk, USOk eta enpresen arteko batzordeak deitutako grebak Iberia Airport Servicesek Aenako aireportuetan zerbitzua ematen dien ia ehun airelinearen eragiketei eragin diezaieke, Errege eguna eta Gabonetako oporren itzulera operazioa batuko diren egunetan.

Lehen greba egunak % 75eko jarraipena izan du Bilboko aireportuan, konpainiaren arabera. Sindikatuek, berriz, % 90era igo dute datu hori, alegia, gutxieneko zerbitzuei esleitu ez zaizkien enplegatuen ehuneko ehunera.

Grebak ez du eragin nabarmenik izan Hondarribiko aireportuan (Gipuzkoa), ezta Forondan (Araba) ere, Iberiako iturrien arabera.

Goizean, bi ordura arteko atzerapenak izan dira Loiuko aireportuan, eta zenbait hegazkin ekipajerik gabe aireratu dira.

Konpainiaren esanetan, grebaren lehen eguna Gabonetako oporretatik "itzultzeko egunetan ohikoa den normaltasunarekin" igarotzen ari da, baina maletak kargatzeko orduan "eragin puntualen bat" izan da, aitortu duenez.

Bestalde, CCOOk (sindikatu deitzaileetako bat) zehaztu du grebak bi ordurainoko atzerapenak eragin dituela Iberia Airport Servicesek artatzen dituen konpainien hegaldietan. Horren arabera, Vuelingek Londresera zihoan hegaldi bat eta Bartzelonarako bizpahiru hegaldi utzi ditu bertan behera greba egun bakoitzean.

Goizeko lehen orduan, Bilboko aireportuan "ordubete luzeko edo bi ordu baino gehiagoko atzerapenak egon dira hegaldietan", eta hegazkinak ekipajerik gabe aireratu dira, sindikatuaren esanetan. "Goizeko zazpiak laurden gutxi eta hamar eta erdiak bitartean, 13 hegaldi izan behar ziren; atzerapenarekin atera dira, eta denak maletarik gabe", zehaztu du.

Bidaiarientzat konpentsazio ekonomikoak

FACUA kontsumitzaileen erakundetik gogorarazi dute bidaiariek ordain ekonomikoak jasotzeko eta aldaketa horrek beren planetan eragin dituen gastuak ordaintzeko eskubidea dutela, baina adierazi dute airelineak ez daudela behartuta konpentsazio horietako bat ere ordaintzera, baldin eta ezeztapena gutxienez bi aste lehenago iragarri bada.

Konpentsazioak 250 eta 600 euro bitartekoak izango dira, bertan behera utzitako hegaldiak egin beharko lukeen distantziaren arabera, eta erdira murriztuko dira, aire konpainiak bidaia egiteko lau ordutik behera iraungo duen garraiobide alternatibo bat eskainiz gero.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Loiuko Aireportuko Azken Ordukoak Gaurko albisteak Nafarroan Grebak albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Lana berriak Ekonomia 2024 Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Sindikatuen albistea Bidaiak azken ordukoa CCOO sindikatua UGT Langileen Batasun Orokorra Donostiako aireportua Lan gatazkak Iruñea-Noain aireportua