Ekonomia -
Biztanleria Aktiboaren Inkesta
COVID-19ak 30.500 lanpostu suntsitu ditu Euskadin bigarren hiruhilekoan
Gainera, 1.600 langabe gehiago daude EAEn aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Nafarroan, berriz, 12.800 enplegu galdu dira, eta 3.900 langabe gehiago zenbatu dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
2020ko bigarren hiruhilekoan 899.600 pertsona izan dira lanean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), aurreko hiruhilekoarekin alderatuta 30.500 gutxiago (-% 3,27), lan-merkatuaren egoera aztertzea helburu duen Biztanleria Aktiboaren Inkestako datuen arabera.
Gainera, 90.400 langabe zenbatu dira epe horretan. Gauzak horrela, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta 1.600 pertsona langabe gehiago izan dira (+% 1,83), eta 2019ko hiruhileko berarekin alderatuta 1.100 gehiago (+% 1,24). Bilakaera horrekin, langabezia-tasa % 9,3koa da gaur egun EAEn.
Halaber, 990.000 pertsona aktibo daude guztira, urteko bigarren hiruhilekoan 28.000 pertsona gutxiago zenbatu ostean (44.500 pertsona gutxiago 2019ko epe berarekin alderatuta, alegia, -% 2,83).
Lurraldeka, Gipuzkoak izan du langabezia-tasarik txikiena (% 7,23), ondoren Arabak (% 7,81) eta, azkenik, Bizkaiak (% 10,72).
Jarduera tasarik altuena Gipuzkoak du (% 54,30), Arabaren (% 54,06) eta Bizkaiaren (% 53,23) aurretik.
Sexuaren arabera, langabezia-tasa % 7,93koa da gizonen artean, eta % 10,40koa emakumeen artean.
Nafarroan, berriz, 12.800 landun gutxiago daude (-% 4,5) aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta 22.200 (-% 7,56) 2019ko hiruhileko berdinarekin alderatuta; beraz, 271.500 landun gutxiago daude, eta langabezia-tasa % 10.08koa da Nafarroan.
Hain zuzen ere, 3.900 langabe gehiago zenbatu dituzte urteko lehen hiruhilekoarekin alderatuta (% 14,55), eta ekainaren amaieran 30.400 pertsonatan kokatu da.
Krisiak milioi bat lanpostu suntsitu ditu Espainian
Espainian, 55.000 langabe gehiago zenbatu dira urteko bigarren hiruhilekoan; hau da, aurreko hiruhilekoan baino % 1,6 gehiago. Horrez gain, 1.074.000 lanpostu galdu dira (-% 5,4) apiriletik ekainera bitartean, COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz.
Hain zuzen ere, 2012tik bigarren hiruhileko batean izandako langabeziaren daturik okerrena da hori. Urte hartan, langabezia 63.100 pertsonetan igo zen. Astearte honetan ezagututako okupazioaren jaitsierak, berriz, 2008ko krisiaren datu oker guztiak gainditu ditu.
Ekainean, guztira, 3.368.000 langabe zeuden Espainian, eta 18.607.200 landun. Izan ere, langabezia-tasa bederatzi hamarren igo zen, % 15,3ra arte, Espainiako Estatistika Institutuak gaur jakitera eman duenez. Datuak aurrean izanda, bigarren hiruhilekoko Biztanleria Aktiboaren Inkestak koronabirusaren pandemiak eragindako egoera islatzen jarraitzen du.
Espainiako Estatistika Institutuak gogorarazi duenez, apirila eta ekaina bitartean galdutako milioi bat lanpostu baino gehiago horietan ez dituzte kontuan izan aldi baterako enplegu-erregulazioen eraginpean dauden pertsonak, Biztanleria Aktiboaren Inkesta egiteko erabilitako metodologiak okupatutzat jotzen baititu etenaldi hori hiru hilabetetik beherakoa den bitartean.
Horrela, apiriletik ekainera bitartean, 13.901.000 landun aritu ziren lanean, hau da, 16 urtetik gorako biztanleen herenak baino zertxobait gehixeagok.
Apiriletik ekainera bitartean 55.000 langabe gehiago izan direla eta, Estatistika Institutuak adierazi du aldi horretan lana galdu zuten pertsona guztiak ez direla langabe gisa sailkatu, kopuru handi bat ez-aktibotzat hartu baitituzte. Horrek azaltzen du bigarren hiruhilekoan ez-aktiboen gorakada hain nabarmena izatea (1.062.800 pertsona gehiago).
Jarduerarik ezaren igoera horren arrazoia da, funtsean, konfinamenduak eta enpresak behin-behinean ixteak eragotzi egin ziela lana bilatzea 1.628.500 pertsonari, lan egiteko prest egon arren. "Horregatik, langabetu gisa sailkatzeko eskatzen diren baldintza guztiak ezin izan dituzte bete, eta inaktibo gisa sailkatuta geratu dira", zehaztu du Espainiako Estatistika Institutuak.