Ekonomia -
Koronabirusa
Euskal industria-jarduera % 14,3 murriztu da martxoan
Alarma-egoera ezarri ostean hartutako salbuespenezko neurrien ondorioz, industria-enpresetako asko partzialki edo erabat eten dira martxoko bigarren hamabostaldian.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) industria-ekoizpenak % 14,3 egin du atzera 2020ko martxoan, 2019ko hilabete berarekin alderatuta, lan-egutegiaren termino homogeneoetan. Horrez gain, urteko lehen hiruhilekoaren balantzean industria-jarduera % 4,9 murriztu da, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak landutako datuen arabera.
Ohar batean azaldu duenez, koronabirusari aurre egiteko asmoz hartutako salbuespenezko neurrien ondorioz, industria-enpresetako asko partzialki edo erabat eten dira martxoko bigarren hamabostaldian, alarma-egoera ezarri ostean. Aurreko hilabetearekin alderatuta (2020ko otsaila), industria-ekoizpena % 16,3 murriztu da, Eustatek ostegun honetan jakinarazi duenez.
2020ko martxoko indizearen bilakaerak, 2019ko martxoarekin alderatuta, zeinu negatiboa du industria-sektore handi guztietan, Energian izan ezik, % 3,7 igo baita. Sektoreko jarduera aipagarrienen artean energia elektrikoaren hornidura eta petrolioaren finketa daude.
Iturria: Eustat
Bestalde, Bitarteko ondasunek % 18,7 egin dute behera, eta Ekipo-ondasunek % 18,4. Lehenengoen artean, metalurgia, metalezko produktuen fabrikazioa, industria kimikoa edo kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioa dira nagusi; bigarrenen artean, berriz, motordun ibilgailuen fabrikazioa, tren-makinen eta trenbide-materialen fabrikazioa edo aireontziak eta itsasontziak egitea.
Kontsumo-ondasunek, oro har, % 0,7 egin dute behera, osagaien portaera oso desberdina izan delako; izan ere, Kontsumo-ondasun iraunkorrek (altzariak edo produktu elektronikoak fabrikatzeko jarduerak, besteak beste) % 13,4 egin dute behera, eta Kontsumo-ondasun ez-iraunkorrek, berriz, % 2,1 egin dute gora.
Eustatek azaldu duenez, elikagaiak fabrikatzea, prozesatzea eta kontserbatzea, garbiketarako eta higienerako produktuak fabrikatzea eta jantziak egitea dira, besteak beste, sektore horrek biltzen dituen jarduerak.
Lurraldeka, Industria Produkzioaren Indizearen urte arteko bilakaera negatiboa izan da hiru lurraldeetan martxoan, bereziki Araban, % 24,1eko beherakada izan baitu. Gipuzkoan jaitsiera % 12,5ekoa izan da, eta, azkenik, Bizkaian % 9,8koa.
Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, zure osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.