Ekonomia -
Koronabirusa
Borja Belandia: "Pandemiak modu basatian astindu du ekonomia EAEn"
Lanbideko zuzendariaren iritziz, "ziurgabetasunean" murgilduta gaude oraindik, eta oso zaila da koronabirusak lan-merkatuan duen benetako eragina neurtzea.
eitb.eus
Lan-merkatuari buruzko apirileko datuek agerian uzten dute koronabirusak enpleguan izan dituen ondorioak. Ildo horretatik, pandemiak eragindako egoerak euskal ekonomia eta herritar guztiena "modu basatian astindu" duela esan du Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak.
Horren iritziz, "ziurgabetasunean murgilduta gaude oraindik, eta oso zaila da koronabirusak lan-merkatuan duen benetako eragina neurtzea. Ezin dugu aurreikusi nolako ondorioak izango dituen, baina gaur egungo datuek agerian uzten dute egoera larria dela".
Aurreko hilabetean, langabezia 34 urtetik beherako pertsonen artean hazi da gehienbat, eta bereziki 25-34 urte bitartekoen artean, langabezia % 13,01 igo baita adin-tarte horretan. Gainera, 10.430 langabe berrietatik 5.555ek, alegia, erdiak baino gehiagok, derrigorrezko hezkuntzako ikasketak dituzte, gehienez ere. "Kolektibo honekin lan handia egin beharko dugu enplegagarritasuna hobetzeko", adierazi du Lanbideko zuzendari nagusiak.
"Lanbiden era guztietako ekintzekin ari gara lanean, besteak beste, gazteak eta beste kolektibo batzuk udaletxeen bidez kontratatzeko laguntza-lerroak bultzatzen, ahal bezain laster berrekingo diogun enplegurako prestakuntza-programa prestatzen eta pertsona bakoitzak bere gaitasunetara bideratutako orientazioa jasotzea ahalbidetuko duen arreta pertsonalizatuko sistemaren inplementazioa lantzen", azaldu du Belandiak.
Apirilean, 10.430 langabe gehiago zenbatu dira Euskadin, hau da, aurreko hilabetean baino % 8,13 gehiago, Lanbidek astearte honetan jakitera eman duenez. Hala, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 138.643 langabe zenbatu dituzte orain arte enplegu zerbitzu publikoen bulegoetan.
Horrenbestez, COVID-19 gaitzak EAEko lan-merkatuan izan duen eraginaren ondorioz, 21.404 langabe gehiago izan dira azken sei asteetan, eta horrek esan nahi du azken lau urteetan irabazitako guztia galdu egin dela. Zehazki, ostalaritzarekin eta merkataritzarekin lotutako jarduerak izan dira berriro ere kaltetuenak.
3.077 langabetu gehiago Nafarroan, apirilean
Nafarroako lan zerbitzu publikoak jakinarazi dituen datuek diotenez, apirilean 3.077 langabetu gehiago erregistratu dira, ehuneko 8,23, eta erkidegoan langabezian dauden pertsonak guztira, 40.442 dira.
Nafarroan 17.596 gizonezko (% 43,5) eta emakumezko 22.846 (% 56,5) daude langabezian, eta duela urtebeteko datuekin alderatuta 7.861 pertsona gehiago (% 24,13) daude langabezian.
Nekazaritza sektorean 2.068 pertsona daude langabezian (martxoan baino 44 gutxiago), 5.210 industrian (366 gehiago), 1.990 eraikuntzan (182 gehiago), 28.021 zerbitzuetan (2.444 gehiago) eta 3.153 lehenago lanean ibili ez direnen multzoan (129 gehiago). Gazteen artean ere eragina izan du pandemiak, langabeziak %14 egin baitu gora 25 urte baino gutxiago duten pertsonen artean, eta % 11,8 25 eta 34 urte bitarteko pertsonen artean.
Carmen Maeztu kontseilariak, nekazaritzako elikagaien sektoreak Nafarroako lan-merkatuan duen garrantzia azpimarratu du astelehen honetan eskaini duen prentsaurrekoan. "2008tik, krisi ekonomikoa hasi zenetik, langabezia datu txarrenak erregistratzen diren bosgarren hilabete kaskarrena da. Aldi baterako lan-erregulazioen neurriak egokiak direla uste dut, autonomoen eta langileen segurtasuna bermatzen lagunduko dutelako bizi dugun egoera sozial eta ekonomiko gogor honetan", gaineratu du.
Otsailean langabeziak % 19 gora egin (6.467 pertsona gehiago) zuela zehaztu du Maeztuk eta Gizarte Segurantzako datuak ere eskaini ditu: apirilean 282.181 pertsona afiliatu dira, martxoan baino 4.775 gutxiago (- % 1,66) eta iaz baino 4.138 gutxiago (- % 1,45).
"COVID-19 koronabirusaren pandemiak gogor astindu du ekonomia eta lanpostuen suntsipena ekarri du. Oso zaila da lehenagoko garaien batekin alderatzea. Orain, gure lehentasuna da, ekonomiaren suspertzerako plan bat martxan jartzea", esan du Maeztuk. Izan ere, plan ekonomikoa astearte goizean jakinarazi du Maria Chivitek.
Carmen Meztuk gogorarazi duenez, "Nafarroa da lanpostu gutxien suntsitu dituen erkidegoa, eta gure ekonomiak duen indarrean konfiantza izan behar dugu". "Oso garrantzitsua da egoera berrira ahalik eta azkarren egokitzea, kohesio soziala berrabiarazteko, eta sektore ahul bakar bat ere ez dadila atzean geratu bermatzeko. Herritarrek merezi dute, eta modu horretan soilik lortuko dugu egoera zail honetatik ahalik eta azkarren irtetea", esan du Maeztuk, amaitzeko.