Ekonomia -

Koronabirusa

Hotelak martxoaren 26a baino lehen ixteko agindua eman du Osasun Ministerioak

Hotelek, turismo-establezimenduek, kanpinek, karabana-aparkalekuek eta egonaldi laburreko ostatuek ezin izango dituzte bezero berriak onartu alarma-egoera indarrean egoteari utzi arte.

Emakume bat, maskara jarrita, Bilboko Calton hotelaren aurrean. Argazkia: EFE
Emakume bat, maskara jarrita, Bilboko Calton hotelaren aurrean.
Emakume bat, maskara jarrita, Bilboko Calton hotelaren aurrean. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hotelak, turismo-establezimenduak, kanpinak, karabana-aparkalekuak eta egonaldi laburreko ostatuak nahitaez hilaren 26a baino lehen ixteko agindua eman du bart Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak.

Estatuko Aldizkari Ofizialean (EAO) atzo gauean argitaratutako aginduaren arabera, establezimendu bakoitzak bezerorik ez duen unean itxi beharko ditu ateak, baina, nolanahi ere, neurri hau indarrean sartu eta zazpi egun naturaleko epean gehienez ere.

Espainiako Gobernuak azaldu duenez, turismo-establezimenduak jendearentzat ireki ahal izango dira, baldin eta, alarma-egoera ezarri aurretik, bezeroek denboraldi osorako ostatu hartuta bazuten, betiere ez badituzte zerbitzu horiek beste erabiltzaile batzuekin partekatu behar.

Testuinguru horretan, aurretik aipatutako establezimendu horiek guztiek ezin izango dituzte bezero berriak onartu alarma-egoera indarrean egoteari utzi arte.

2019ko abenduan, Espainian 12.559 hotel zeuden irekita, 550.476 logelarekin eta 1.137.000 plazarekin, eta 162.420 langile zeuden horietan zerbitzua ematen.

Zehazki, lau izarreko 1.928 hotelek eskaintzen dituzte logela gehien (244.318 guztira), baita plazak ere (519.749). Jarraian, hiru izarreko hotelak egongo lirateke, (119.770 logela eta 253.024 plaza).

Iaz, gau bakarreko 343.100.000 egonaldi izan ziren Estatuko establezimendu horietan, aurreko urtean baino % 0,9 gehiago. Zenbakiek 2018an baino bilakaera hobea erakusten dute, orduan ostatu-gauen kopuruak % 0,2 egin baitzuen behera.

Andaluzia, Valentziako Erkidegoa eta Katalunia izan ziren denbora jakin bat igarotzeko asmoz bidaiariek izan zituzten helmuga nagusiak, eta denboraldi osorako ostatu hartu zutenek batez ere Kanariak aukeratu zituzten, eta Balear Uharteak eta Katalunia daude ondoren zerrenda horretan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Turismoa Euskadi Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Enpresaburuak Koronabirusa Valentziako Erkidegoa gaur Turismo-ostatuak Euskadi Zer egin daiteke Euskadin?