Ekonomia -
Koronabirusa
Erakundeek premiazko neurri ekonomikoak hartu dituzte, pandemiari aurre egiteko
Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak 1.000 milioi euroko eta 200.000 milioi euroko neurriak iragarri dituzte. Arabako eta Bizkaiko aldundiek Ogasunari egin beharreko ordainketak atzeratu dituzte.
AGENCIAS | REDACCIÓN
Eusko Jaurlaritzak premiazko hainbat neurri ekonomiko onartu ditu astearte honetan koronabirusaren hedapenak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eragin ditzakeen balizko kalte ekonomikoei aurre egiteko asmoz. Guztira, 1.000 milioi euro bideratuko dituzte, zuzenean edo abalen bidez.
Pedro Aazpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak adierazi duenez, neurri horiek guztiak ahalik eta azkarren jarriko dituzte indarrean.
Neurriak lau jarduera-arlotan kokatzen dira: inbertsio zuzena, abalak erraztea, finantzaketa-lerro berriak sortzea eta enpresei laguntzeko programak birfinantzatzea.
Lehenengoa "COVID-19 programa" izenekoa da, hasieran 300 milioi eurokoa izango da, baina 500 milioiraino handitu daiteke, beharrezkoa izanez gero. Kopuru hori diruzaintzako gerakinetatik eta aurrekontu-kredituen soberakinetatik hartuko dute.
Bigarren neurri-sorta Finantzen Euskal Institutuaren finantzaketa-lerro bat irekitzera bideratuko dute. 25 milioi euro izango dira, eta aste honetan aktibatuko dte, "EAEko produkzio-ehunari beharrezko likidezia errazteko helburuarekin, batez ere enpresa txiki eta ertainetan eta autonomoetan zentratuta".
Halaber, Eusko Jaurlaritzak, ahalik eta eperik laburrenean, kapital zirkulatzailea finantzatzeko lerro berri bat sortuko du. Lerro horren bidez, zirkulatzailea finantzatuko da, autonomia-erkidegoaren abalen bidez, 500 milioi euroko zenbatekoarekin, zero kostutik bost urtera, gabealdi batekin, EAEn jarduera duten banku-erakundeekin eta Elkargi berme-sozietatearekin lankidetzan.
Laugarren neurria finantza-baldintzak malgutzea, birfinantzatzea eta egokitzea da, hala nola aurrerakin itzulgarriak, maileguak edo abalak ematea enpresei Gauzatu, Bideratu, Indartu eta beste programa batzuen bidez.
Neurri horiek guztiak hartuta, Eusko Jaurlaritzak osasun sistema indartu nahi du, sendagaiak eta osasun zentroetarako materialak erosita, prebentziorako arreta indartuta eta telefono bidez laguntza bultzatuta. Ildo berean, etxez etxe artatzeko zerbitzua sendotzea eta erietxe eta osasun zentroetan arretarako gune gehiago irekitzea da helburua.
Enpresa handi, txiki zein ertainei, profesionalei eta autonomoei laguntzeko neurriak martxan jartzeko 500 miloi euro erabiliko dituzte.
Horrez gain, familiei laguntzeko neurriak hartu ditu Jaurlaritzak, bestea beste, kontziliazioari lotutakoak: adingabeak, adinekoak, koronabirusak jotako pertsonak edo koarentenan daudenak zaintzeko lanaldia murrizteko aukerak eskainita.
Araban eta Bizkaian Ogasunari egin beharreko ordainketak, bertan behera
Bestalde, Arabako Foru Aldundiak Ogasunari egin beharreko ordainketak atzeratzea eta kobratzeak arintzea erabaki du, autonomoek, enpresa txiki eta ertainen eta, oro har, herritarrek alarma egoera honetan likidezia izan dezaten.
Arabako ahaldun nagusiak esan duenez, berehala sartuko da indarrean neurria.
Bizkaiko Foru Aldundiak ere erabaki bera hartu du. Hortaz, errenta aitorpenak eta martxoaren 16tik ekainaren 1era bitartean sortutako zorren kitatzea eta zergen ordainketa atzeratzea ebatzi du.
Dekretu hori Batzar Nagusietan onartuko dute eta ondoren sartuko da indarrean.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, enpresa txiki eta ertainek nahiz autonomoek atzera bota dezaketen zerga kopurua 150.000 eurotik 300.000 eurora handitu du.
Espainiako Gobernuak 200.000 milioi euroko neurriak hartu ditu
Espainiako Gobernuak ere iragarri ditu koronabirusaren zabalkundeak eragindako krisiari aurre egiteko neurriak. Pedro Sanchezek jakinarazi du 200.000 milioi euroko injekzioa egingo duela Estatuak. 117.000 milioi sektore publikotik bideratuko dute eta gainerako baliabide pribatuen eskutik iritsiko da.
Espainiako Gobernuko ministroek ezohiko bilera egin dute goizean eta ondoren Sanchezek agerraldia egin du neurri horien berri emateko.
Espainiako Estatuaren historian inoiz egin den "mugimendu ekonomikorik handiena" izango dela azpimarratu du.
Erronka sozial eta ekonomiko izugarri baten aurrean aurkitzen garela ohartarazita, batasunerako deia egin die erakundeei, langileei, enpresariei, eragile sozial eta ekonomikoei, oposizioko alderdiei eta erkidegoetako agintari politikoei.
Horrez gain, Sanchezek esan du baliabide gehiago jartzeko eta arau fiskalak malgutzeko eskaera egingo diola Europako Batzordeari. Oraingoz, erakunde horrek iragarri du likidezia bermatzeko neurriak hartuko dituela eta 37.000 milioi euro erabiliko dituela; horietatik 4.100 jasoko ditu Espainiako Estatuak.