Ekonomia -
Gizarte ekimeneko zentroak
Sindikatuek itunpeko irakaskuntzako greba deialdia erregistratu dute
Gatazkan inplikatuta dauden hiru aldeak Lan Harremanen Kontseiluaren bitartekaritzarekin akordioa lortzen saiatuko dira datorren astelehenean egingo duten bileran.
eitb.eus
ELA, Steilas, CCOO eta LAB sindikatuek gaur, urriak 25, erregistratu dute ofizialki azaroaren 7tik abenduaren 5era arte EAEko itunpeko irakaskuntza pribatuko gizarte ekimeneko zentroetan greba egiteko deialdia. Dena den, sindikatuok agiri baten bidez esan dute elkarrizketa eta adostasunak ahalbidetzeko ahalegin "zintzoak" egingo dituztela.
Horrenbestez, patronalak eta Hezkuntza Sailak "dagokien arduraz" jokatzen badute, "adostasunak erdiestea posible izango da; bestela, grebekin jarraitu beste biderik ez digute utziko", jakinarazi dute.
Itunpeko irakaskuntza pribatuko gizarte ekimeneko langileek 27 greba-egun egin dituzte jada, hamar urtez berritu gabe duten lan-hitzarmena eguneratzea lortzeko.
"Familien ardura ere ulertuz eta elkarbanatuz", ELA, Steilas, CCOO eta LAB sindikatuek adostasuna lortzeko "gure borondate eta aldartea berretsi nahi dugu, eta elkarrizketa eta negoziazio prozesu bati heltzeko prest gaude, betiere langileen eskaerei erantzunez gatazka bideratzeko ardura eta aukera duten eragile guztien inplikazioa eta parte-hartzea bermatzen badu, eta adostasunak ahalbideratuko dituzten eduki eta planteamenduak bermatu aurretik greba dinamika bertan behera uzteko baldintzarik eskatzen ez badu".
Hori guztia kontuan izanik, "PRECOko akordioak gizarte ekimeneko ikastetxeetako gatazka bideratzeko elkarrizketa prozedura egokirik jasotzen ez duen arren, formaz haratago sindikatuontzat adostasunak erdiestea ahalbideratuko duen elkarrizketari bide ematea da funtsezkoa". Horregatik, astelehenean LHKren bilerara elkarrizketa aurrera eramateko prozedura proposamen bat eramango dutela iragarri dute sindikatuek.
"Tamalez, sektoreko patronala zein Hezkuntza Saila erabateko arduragabekeriaz jokatzen ari dira prozesu honetan guztian, eta ez dute gatazka bideratzeko mugimendu edo pausorik ematen, greba dinamika indartzen ez den heinean", adierazi dute.
Sindikatuen arabera, "erabat argi geratu da hau berriro ere azkenaldian, ez baita inolako pausorik egon patronalen aldetik, ez eta Hezkuntzatik ere, ELA, Steilas, CCOO eta LAB sindikatuok hilabeteko greba abian jartzeko adostasuna publiko egin dugun arte".
Horrenbestez, patronalak eta Hezkuntza Sailak "dagokien arduraz jokatzen badute, langileen eskaerei erantzungo dieten eduki eta planteamenduak lantzeko eta bultzatzeko prest badaude eta horretarako beharrezkoa den elkarrizketa prozesu eraginkor batean murgiltzeko prest badaude, adostasunak erdiestea eta gatazka bideratzea posible izango da". Bestela, "beste behin ere, grebekin jarraitu beste biderik ez digute utziko", gaineratu dute.
Astelehenean bilera, Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan
Itunpeko ikastetxeen patronalak, sindikatuak eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila datorren astelehenean bilduko dira Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan, lan-gatazkari irtenbidea emateko asmoz.
Batzarra 10:00etan hasiko da, eta Lan Harremanen Kontseiluaren bitartekaritzaren laguntzarekin egingo dute.
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak bileran parte hartzeko prest zegoela jakin ostean, Kristau Eskolak (itunpeko ikastetxeetako patronal nagusia) Lan Harremanen Kontseiluari gatazkan bitartekari izateko prozedura abian jartzeko eskatu zion.
Uriartek EH Bilduri erantzun dio Legebiltzarrean
Bestalde, lan-gatazkaren konponbideari laguntzeko Eusko Jaurlaritzak "posible den guztia egin, egiten ari da eta egingo du", Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak ziurtatu duenez.
Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan EH Bilduren galdera bati erantzun dio Uriartek.
Gatazka hasi zenetik erantzukizunak "saihestu" izana aurpegiratu dio Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak sailburuari, konponbidean inplikatu beharrean.
Gatazka "hasi zenetik" Hezkuntza Saila irtenbideak bilatzeko lanean ari dela ziurtatu du Uriartek, ostera.
"Eusko Jaurlaritzak, Hezkuntza Sailak, lan-gatazka bideratzen laguntzeko posible den guztia egin du, egiten ari da eta egingo du", adierazi duenez.