cerrar buscador

11:45

Ekonomia

Lan gatazka

Sindikatuek hilabeteko greba deitu dute itunpeko hezkuntzan

Agentziak | Erredakzioa

Azaroaren 7tik abenduaren 5era bitartean gizarte ekimeneko itunpeko hezkuntzako langileak hilabeteko greba egitera deitu dituzte. "Greba neurriz kanpokoa da", Jaurlaritzaren ustez.

1:26
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

ELA, LAB, CCOO eta Steilas sindikatuek hilabeteko greba deitu dute azaroaren 7tik abenduaren 5era gizarte ekimeneko itunpeko hezkuntzan, hitzarmena eguneratzea aldarrikatzeko; izan ere, hamar urte daramatza berritu gabe.

Sindikatuek prentsaurrekoa eman dute gaur, asteartea, ikasturte honetan egingo dituzten mobilizazioen berri emateko. Sindikatuetako ordezkariek patronalaren eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren "arduragabetasuna" eta "immobilismoa" azpimarratu dute, eta horren aurrean "greba egun gehiago deitu behar izan ditugu", adierazi dute.

Bestalde, UGT sindikatuak ez ditu mobilizazioak babestuko, eta patronalaren, sindikatuen zein Eusko Jaurlaritzaren "intrantsigentzia eta utzikeria" kritikatu ditu. UGTk ez du jada sindikatuen arteko bileretan parte hartzen.

UGTk salatu duenez, Lan Sailak bitartekaritza eskaerari "erantzunik eman gabe" jarraitzen du.

ELA, LAB, CCOO eta Steilas sindikatuek ordezkaritzaren % 97 dute sektorean. Lan gatazka konpontzeko bidean aurrerapausorik eman ez dela iritzita, mobilizazioak egiten jarraitzeko asmoa agertu zuten sindikatuek. Orain arte 27 greba egun egin dituzte langileek, horietako 24 aurreko ikasturtean.

Eusko Jaurlaritza: "Greba neurriz kanpokoa da"

Eusko Jaurlaritzaren ustez, gizarte ekimeneko itunpeko hezkuntzan deitutako hilabeteko greba "neurrigabea, gehiegizkoa eta familientzako begirunerik gabekoa" da.

Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan horren harira galdetuta Josu Erkoreka bozeramaileak esan duenez, ikasleek hezkuntza jasotzeko duten eskubidean "eragin negatiboa izan dezake" grebak.

Erkorekaren esanetan, langileek grebarako eskubidea dute, baina ikasleen hezkuntzarako oinarrizko eskubideari eragiten dionez, "hori kontuan hartuko dute" gutxieneko zerbitzuak ezartzerakoan.

Bestalde, lan-gatazka larriagotu dela ikusita, Jaurlaritza "kezkatuta" dagoela esan du sailburuak, baina Jaurlaritza ez dela horrelakoetan nahasten gaineratu du. Auzia konpontzeko, baina, Lan eta Justizia Saileko bitartekaritza zerbitzua patronalari eta sindikatuei eskaini dietela azaldu du, eta zerbitzu hori erabiltzeko erabakia hartzea horien esku dagoela esan du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena