Politika -

EITB Focus

Berdinketa teknikoa eserleku-kopuruan EAJren eta EH Bilduren artean, hauteskundeetarako hilabete falta denean

EAJ izango da bozkatuena, eta jeltzaleek eta koalizio subiranistak jokoan izango dute Arabako azken eserlekua, 48 botoko alde estuarekin. Nabarmentzekoa da boto-emaileen % 20k ez dutela oraindik erabaki noren alde bozkatu.

Grafikoa: EITB
Grafikoa: EITB
Grafikoa: EITB

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk eta EH Bilduk berdinketa teknikoa izango dute eserleku-kopuruan apirilaren 21eko hauteskundeetan, baina alderdi jeltzalea izango da bozkatuena, 3 puntuko aldearekin, EITB Focusen arabera.

Inkestak aurreikusten duen panorama politikoa trumoitsua izango da. Aipatutako berdinketa teknikoaz gainera, botoa erabakita ez daukaten boto-emaileen kopurua oso altua dela hartu behar da kontuan. Hain zuzen ere, hautesleen % 20,1ek deklaratu dute oraindik ez dakitela noren alde bozkatu.

Oraingoz, botoa erabakita ez daukaten pertsonak dira alderdi politikoen arretagune nagusia hauteskunde kanpainan, eta hau da haien profil soziologikoa: ez dira abstentzionistak, alegia, bozkatzera joaten direla adierazten dute, baina azken egunetan (edo orduetan) erabaki ohi dute boza.

EITB FOCUS

EITB Focusen arabera, EAJ izango da lehen indarra botoetan. Bozen % 36 eta 27-28 eserleku eskuratuko ditu, hots, 2020ko hauteskundeetan baino 3 puntu eta 3-4 legebiltzarkide gutxiago.

Bere aldetik, EH Bilduk hazkundea izango du, eta botoen % 32,7 (5 puntu gehiago) eta 28-27 parlamentari (6-7 gehiago) lortuko ditu.

Testuinguru horretan, giltzarria izango da Arabako azken eserlekuaren esleipena: une honetan EH Bilduren esku dago, baina EAJ 48 botora dago.

Bestalde, PSE-EE hirugarren indarra izango da, botoetan eta ordezkari kopuruan gora eginda. Hain justu, boto-emaileen % 14,2k egingo dute sozialisten alde (% 13,7 izan ziren duela lau urte), eta 11 legebiltzarkide izango dituzte, egun baino bat gehiago.

PPk ere gora egingo du, eta eserleku bat gehiago erdietsiko du, 7, bozetan puntu eta erdi hazita, % 8,3ra arte.

EITB FOCUS

Ezker konfederalari dagokionez, zatiketak 4 parlamentari galtzea ekarriko du espazio politiko horretan: 2020ko hauteskundeetan 6 ordezkari irabazi zituen Elkarrekin Podemos koalizioak, baina A21erako 2 aurreikusten dira Miren Gorrotxategi lehendakarigai duten zerrendentzat (Elkarrekin Podemos-Aliantza Berdea izenarekin aurkeztu dira), eta bat ere ez Sumarrentzat (Alba Garcia da haren hautagaia).

Nolanahi ere, EITB Focusek atzeman du espazio horretako boto-emaileek nahasi egiten dituztela bi markak. Horrenbestez, inkesta honen eserleku aurreikuspenak zeharo baldintzatuta daude faktore horren ondorioz.

Azkenik, Vox Legebiltzarretik at geratuko da, egun duen ordezkari bakarra galdu egingo baitu, botoetan 0,6 puntu atzera eginda (% 1,4 izango ditu).

Aurreikusitako parte-hartzea txikia da: % 61,2koa. 

Bihar eta etzi, gehiago

EITB taldeko hedabideek eduki gehiago publikatuko dituzte ostiralean eta larunbatean apirilaren 21erako bigarren EITB Focus makroinkestarekin lotuta.

Bihar, herritarren kezka nagusiak eta lehendakarirako eta itunetarako aukera babestuenak zeintzuk diren ezagutaraziko dituzte.

Larunbatean, inkestaren mikrodatuak aztertuko dituzte.

Metodologia

Bizitokia EAEn duten 1.800 pertsona elkarrizketatu dituzte EITB Focus inkesta egiteko (lurralde historiko bakoitzeko 600).

Galdeketak martxoaren 8tik 14ra egin zituzten, telefonoz. 

Datu, mikrodatu eta adierazle estatistiko guztiak Gardentasun atariko Open Data atalean izango dira kontsultagai.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa EAEko hauteskundeak EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi EiTB Focus Hauteskundeak Hauteskunde inkestak Sumar Mugimendua