Politika -
Eusko Legebiltzarra
Hezkuntza Legea behin betiko onartuko dute Legebiltzarrean, EAJren eta PSE-EEren botoekin bakarrik
Ganberaren % 90ak arauaren oinarriak adostu bazituen ere, izapidetzean zehar desadostasunak sortu dira, eta gaurkoan jeltzaleek eta sozialistek soilik babestuko dute. Legebiltzarraren atarian bilkura dago deituta, protesta egiteko. Hezkuntza Legeaz gain, beste 5 lege onartuko ditu Legebiltzarrak.
EITB Media
Eusko Legebiltzarrak gaur, ostegunarekin, onartuko du behin betiko legealdi honetako arau garrantzitsuenetako bat dena: Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Legea, datozen 20 urteotarako hezkuntza sistemaren nondik norakoa marraztuko duen araua.
Luzea izan da legeak egindako bidea, baita malkartsua ere. Izan ere, adostasun maila handiarekin abiatu zuten izapidetzea. PP, Ciudadanos eta Vox hasieratik agertu ziren legearen kontra, "nazio eraikuntzarako" erabili nahi zela argudiatuta. Dena dela, Eusko Legebiltzarreko gainerako alderdiek (EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU) hezkuntza akordio "historikoa" erdietsi zuten 2022ko martxoan; izapidetzean, baina, babesak galtzen joan da araua. Elkarrekin Podemos-IU izan zen akordiotik kanpo geratzen lehena, eta ituna haustea egotzi zion Jaurlaritzari. Azken hilabeteotan heldu da EH Bilduren ezezkoa, EAJk eta PSE-EEk araudiaren hitzaurrean hizkuntza ereduei buruz sartu duten aipamena tarteko. Hala, oposizioak salatu du legeak hizkuntza ereduak betikotzen dituela eta hezkuntza publikoa lehenesten ez duela.
Legebiltzarretik kanpo, Kontseilua, Eskola Publikoaz Harro, eta euskalgintzako beste eragile batzuk ere azaldu dira legearen kontra. Hain justu, Euskal Herrian Euskaraz taldeak deituta, elkarretaratzea egingo dute Legebiltzarraren atarian, 09:00etan, "Hezkuntza euskalduna behingoz" leloarekin.
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuaren aburuz, ordea, arau "ona" da gaur onartuko dutena, eta deitoratu du "esaldi bateko ñabardura bat" izatea 101 artikulu dituen eta negoziazio luzeen emaitza den legeari ezezkoa ematearen arrazoia. Legearen lorpenak hizpide, honakoak nabarmendu ditu Bildarratzek: segregazioaren kontra borrokatzeko neurriak, itunpeko ikastetxeek kuotak ez kobratzeko mekanismoak edota Euskal Eskola Publikoaren Kontseiluaren sorrera.
Hezkuntza Legeaz gain, beste bost arau onartuko ditu gaur Legebiltzarrak: Enplegu Legea, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren legea, Lurzoruaren lege aldaketa, Finantzen Euskal Institutuaren Legea eta enpresen deslokalizazioari aurre egiteko legea.