Politika -
BIKTIMAK
Oroimen webguneetan aldaketak egiteko eskatu die Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaritzak sei udali
Zehazki, hilabeteko epea eman die Galdakao, Orio, Oiartzun, Hernani, Amasa-Villabona eta Azpeitiko udalei, Gobernuaren Ordezkaritzaren arabera terrorismoaren biktimen eta ETAko kide ohien arteko "parekatzea" ezabatzeko.
AGENTZIAK | EITB Media
Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaritzak oroimen webguneak aldatzeko eskatu die Galdakao, Orio, Oiartzun, Hernani, Amasa-Villabona eta Azpeitia udalerrietako udalei. Zehazki, hilabeteko epea eman die memoriari buruzko udal atari horietan terrorismoaren biktimen eta ETAko kide ohien arteko "parekatzea" ezabatzeko, biktimen legea urratzen dela iritzita. Gainera, jaramonik egin ezean, Estatuko Abokatutzara jotzearekin mehatxu egin die. Aipaturiko herri horietan guztietan EH Bilduk agintzen du.
Zehazki, udalei eskatu die "ETA talde terroristako kideak, justiziatik ihes egin dutenak edo terrorismo delituagatik zigortutakoak" Oroimena webguneetatik kentzeko, baldin eta biktimen artean sartu badituzte.
Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak ohar bidez azaldu duenez, "ETAko kideak talde terroristak hildakoekin parekatzen dira", "giza eskubideen urraketak" jasan zituztela esaten delako.
Eskatutako zuzenketak egin ezean, gainera, ohartarazi du Estatuko Abokatutzak dagozkion eginbideak abiatuko dituela terrorismoaren biktimen legea betearazteko.
Zuzentzeko eskaerak ez die eragiten webgune horiek dituzten eta EAJren esku dauden Erandio eta Tolosako udalei. Dagoeneko biktimen bilatzailea indargabetzeko agindua eman dutela argudiatu du, hain zuzen ere, Gobernuaren Ordezkaritzak.