Politika -
Politika Orokorreko Eztabaida
Kontzertu Politikoaren formula berri bat nahi du lehendakariak, "Foruen erabateko integrazioa ahalbidetzeko"
Bere hitzaldian, Espainiar Estatuarekin aldebiko harremana defendatu du Urkulluk, betiere bi aldeek adostutakoa beteko dela bermatuz, Euskadiren nazioarteko proiekzioa bultzatzeko helburuarekin.
Agentziak | EITB Media
"Euskadi euskal nazio gisa berrindartzeko" asmoz adostasun sendoa lortzeko deia egin du Iñigo Urkullu lehendakariak ostegun honetan, Eusko Legebiltzarrean. Bere hitzaldian, Kontzertu Politikoaren formula berri baten alde agertu da, "Foruen erabateko integrazioa ahalbidetzeko". Lehendakariaren arabera, aldaketa horrekin Foruak indargabetzeko legeak bertan behera geratuko lirateke "behin betiko", eta "1839 baino lehenagoko subiranotasunera itzultzea" ekarriko luke.
Urkulluk Politika Orokorreko Osoko Bilkuran proposatutako Kontzertu formula horrek, Espainiako Konstituzioa eta Gernikako Estatutua errespetatuko lituzke, lehendakariak ziurtatu duenez.
Bere iritziz, horrela, "bizikidetza oinarri duen sistema politiko bat" sendotuko litzateke, "euskal arazoari" erantzuna emango liokeena, eta "Konstituzioaren ordenan bidea ireki daiteke, adostutakoa betetzeko bermeekin aldebikotasuna zainduko duen tresna ezarriz". Hitzarmen-sistema horrek "lortutako itun politiko berriaren aldebakarreko aldaketa eragotziko luke".
Halaber, "transferitutako Autogobernuaren eskumenen higadura larria" salatu du Urkulluk, bi aldeek onartutako Autogobernuan jasotakoa ez-betetzea, eta Euskadiren eta Espainiako Estatuaren arteko "harreman-arau politikoetan agerikoa den aldaketa". Izan ere, bere iritziz, "harreman uniformizatzaileagoa bilatzen ari dira, administrazio zentral kudeatzaileago batekin eta botere politikoa birzentralizatzera bideratuta".
Hori dela eta, Autogobernuan aurrera egitea "ez da falta diren transferentziak lortzea bakarrik", baizik eta "atzera begiratzea, Gernikako Estatutuak bizirik dirauela eta Euskal Herriaren nortasunaren aitortza dakarrela ziurtatzeko".
Testuinguru horretan, Estatutuaren testua osorik betetzea eskatu du berriz ere, Eusko Jaurlaritzak eta Estatuak dagoeneko adostutako kronograma errespetatuz, eta aurrera egiteko beharrezkoa den Autogobernua aipatu du.
Aldebiko harremana, Euskadiren nazioarteko proiekzioa bultzatzeko
Halaber, Eskubide Historikoen eguneratzeak "aldebikotasun eraginkorra" izan behar duela oinarri azpimarratu du lehendakariak. Ildo horretatik, Euskadi "Foru Nazio bat" dela nabarmendu du, "errealitate historikotik etorkizunera begiratzeko" helburuarekin.
Horrela, "Autogobernuaren berezitasuna eta errealitate nazionala aitortuko duen itun berri bat" lortzea proposatu du, "Estatuarekin aldebiko harremana izango duena eta Euskadiren presentzia eta nazioarteko proiekzioa bultzatuko duena".
"Kontzertu eta Hitzarmen Ekonomikoaren eredua, berez pribilegioa izan ez zena, Foruen abolizioaren ondoriozko inposaketa baizik, erreferentzia puntu eraginkor gisa planteatzen da", adierazi du.
Ildo horretatik, "Kontzertu Ekonomikoaren ereduaren defentsa publiko handiagoa" eskatu du, eta "arrakasta-mekanismo hori Kontzertu Politikoaren formula berri batera hedatzea".
Lehendakariak, beraz, Espainiako Konstituzioa errespetatuz, "Foruen erabateko integrazioa ahalbidetzeko" akordio berri bat eskatu du, Foruak ezeztatzeko legeak behin betiko indargabetuz eta 1839 baino lehenagoko subiranotasunera itzuliz.
Bere ustez, horrela, "bizikidetza oinarri duen sistema politiko bat" sendotuko litzateke. "Aukera horri bide eman dakioke ordena konstituzionalean, aldebikotasuna zainduko duen tresna bat ezarriz, adostutakoa beteko dela bermatuz. Oinarria itundutako sistema bat da, itun berriaren aldebakarreko aldaketa eragotziko duena", azpimarratu du.
Urkulluk "erronka partekatua" proposatu du Legebiltzarrean, "adostasun sendo bat" lortzea, "Autogobernuaren gaurkotzean eta sakontzean oinarritutako euskal gizartearen gehiengoaren nahia gauzatu ahal izateko". Bere ustez, "Euskadi, euskal nazioa, berdintasunaren nazioa, elkartasuna, kohesio soziala, aurrerapena eta ongizatea" bultzatzeko oinarri partekatua da.
Europar Batasuneko partner eskualdea
Halaber, Urkulluk gogorarazi du aurten Europaren etorkizunari buruzko proposamen bat egin zaiola Konferentziari, "eskumen legegileak dituzten eskualdeen gutunaren" bidez. Gutun horretan, 16 sinatzaileek (Euskadi, Katalunia, Valentzia, Balear Uharteak, Flandria, Tirol, Salzburgo, Voralberg eta Korsika, besteak beste), "Europar Batasuneko eskualde partner" izatea eskatzen zuten, Estatutu berezi batekin.
Hala, "Akitania-Euskadi-Nafarroa euroeskualde Berriaren proiektuari bultzada" eman nahi dio Urkulluk, aurten presidente izango dela aprobetxatuta. "Mugaz gaindiko gobernantza berritua eta Iparraldeko Mankomunitatearekin lankidetza estua bultzatuko ditugu. Euroeskualdearen proiektua oinarrizkoa da Europar Batasunak Atlantikoko korridorean inbertsio handiagoa egin dezan ", gaineratu du.
Euskadi Basque Country 2025
Gainera, azaldu duenez, 'Euskadi Basque Country 2025 nazioartekotzeko esparru-estrategia', urte amaieran onartuko dutena, kanpoko erakunde-sarea indartzeko lehen urratsa da, nazioarteko sareetan parte-hartze zuzena areagotzeko, euskal komunitate globala eratzeko eta eragile sozial, ekonomiko eta kulturalekin lankidetza sustatzeko".
Urkulluk iragarri duenez, Jose Antonio Agirreren lehen Jaurlaritzaren 85. urteurrena dela eta (urriaren 7an beteko da), Euskadiren Ordezkaritza berri bat sortuko dute Parisen, nazioartekotze prozesu horretan "katebegi" berri bat izan dadin.