Politika -
Koronabirusa
Illak Madrilekin adostutako neurriak ezin direla Euskadin ezarri esan du Erkorekak
Lehen lehendakariordearen iritziz, akordioa ezagutzeko moduak ez du "jokabide ona" islatzen, eta "autonomia erkidegoen eskumen esparrua nabarmen mugatzen" du horrek.
Agentziak | Erredakzioa
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu eta lehen lehendakariordeak asteazken honetan adierazi duenez, koronabirusak eragindako pandemiari aurre egiteko asmoz Espainiako Gobernuak eta Madrilgo Gobernuak adostu dituzten neurriak ezin dira Euskadin aplikatu, horiek aurreikusita dauden ikuspuntutik aztertzen badira.
Iñigo Urkullu lehendakariak goizean esandakoarekin bat eginez, akordioa ezagutzeko moduak (hedabideen bidez) ez duela "jokabide ona" islatzen azpimarratu du Erkorekak, eta "autonomia erkidegoen eskumen esparrua nabarmen mugatzen" duela ziurtatu du.
"Hori ez da jarduteko modu egokia neurri murriztaile bat autonomia erkidego guztietara zabaldu nahi badute. Kasu honetan, Madrilek planteatzen duen arazoaren arabera pentsatu da erantzuna, eta gaur bertan autonomia erkidegoen Lurralde arteko Kontseilura eraman nahi dute, orokortasun itxura emateko", gaineratu du Erkorekak.
Nolanahi ere, neurriak "aurreikusi dituzten ikuspuntutik aztertuta, Euskadin lau udalerritan baino ez lirateke aplikatuko, eta horietako bakar batean ere ez lirateke emango bertan jasotzen diren salbuespenezko neurriak ezartzeko baldintzak", azpimarratu du lehen lehendakariordeak.
Erkorekak aitortu duenez, pandemiari aurre egiteko erronka "handia" da, "osasun krisia agerian baitago". Hala, Eusko Jaurlaritzak orain arte hartu dituen neurriak nabarmendu ditu, baheketa-prozesu sistematikoa aipatuz, besteak beste. Gainera, gogorarazi duenez, orain "krisi ekonomikoaren ondorioei aurre egin behar zaie", eta datorren urteko aurrekontua prestatzen hasi dira, "aurrera egiteko funtsezkoa izango baita".
Bere ustez, Euskadin normaltasun berriari heltzeko prozesua "zentzuzkoa eta arrazoitua izan zen, eta iritsi behar zen unean iritsi zen normaltasun berrira". "Ondoren, egoeraren kudeaketa ez da berdina izan autonomia erkidego guztietan, eta hor dago emaitzen aniztasuna", ziurtatu du.
"Dena hobetu" daitekeela ziurtatu ostean, EAEko osasun sistemak koronabirusaren aurrean emandako erantzuna "oso positiboa" izan dela esan du. "Hortik aurrera, Eusko Jaurlaritza eta Osakidetza ahalegin handia egiten ari dira, baita orain ere, osasun sistemak pandemiaren erronkei erantzuteko duen gaitasuna hobetzeko", gaineratu du.
"Inbertsioak egiten ari gara, zerbitzuak hobetzen ari gara eta pandemiari hobeto erantzuteko behar dugun guztiaz hornitzen ari gara. Izan ere, ezustean harrapatu gintuen denok, eta inork ez zuen pandemiari eraginkortasunez erantzuteko giltza", ziurtatu du.