Politika -

Koronabirusa

Zahar-etxeetako datuak emateko eskatu diote Bizkaiko Batzar Nagusiek Aldundiari

Elkarrekin Podemosek aurkeztutako proposamena aho batez onartu dute, eta koronabirusarekin kutsatutako zein hildako adinekoi buruzko datuak gaurkotuta emateko eskatu diote Aldundiari.

Zahar-etxe bat. Argazkia: EFE
Zahar-etxe bat.
Zahar-etxe bat. Argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko zahar-etxeetan koronabirusarekin kutsatutako eta hildako adinekoei buruzko datuak gaurkotuta emateko eskatu diote Bizkaiko Batzar Nagusiek Aldundiari, aho batez onartu duten ekimen baten bitartez.

Zehazki, "COVID-19 gaitzak zahar-etxeetan duen eraginari buruzko datuak" argitara emateko eskatu du Elkarrekin Podemosek apirilaren 7an erregistratutako proposamen horren bitartez, "ez soilik Osasun Ministerioari ematen ari zaizkionak", Hector Fernandez koalizio moreko batzarkideak azaldu duenez.

Bere iritziz, "pandemia hasi zenetik, zahar-etxeetan izandako kasuei eta, batez ere, heriotzei buruzko informazio falta herritarren kexa orokorra da Bizkaian". Beste lurralde batzuek, Arabak, Gipuzkoak eta Nafarroak, adibidez, informazio hori publiko egiteko "ahaleginak" egin dituzte, baina "Unai Rementeriak datuak hilean behin ematen jarraitu nahi izan du".

"Elkarrekin Podemosek, oposizioko alderdiek eta elkarteek" salatu duten jokabidea da, baina Bizkaian "krisiaren aurreko protokoloarekin jarraitu da", adierazi du Fernandezek. Horregatik, ekimen horrekin, "egoera aldatu" egingo dela ziurtatu du.

Batzarkideak eskerrak eman dizkie taldeei, "eskaera horren arrazoia" ulertu dutelako, eta pozik agertu da "informazioa argitaratuko delako". "Ez dugu uste inork datuen erabilera arrarorik egingo duenik. Harritzekoa da krisiaren aurreko informazio-protokolo berarekin jarraitzea", azpimarratu du Fernandezek.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta/edo garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak Gaixotasunak Gizartea Unai Rementeria Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Osasun albisteak Medikuak Adinekoentzako egoitzak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Alarma egoera Bizkaiko Foru Aldundia