Politika -
EiTB Focus
Voxek ordezkaritza lor lezake Eusko Legebiltzarrean, Araban aulki bat erdietsita
EiTB Focusen arabera, EAJk irabaziko lituzke autonomikoak, eta EH Bildu eta PSE-EE izango lirateke bigarren eta hirugarren indarrak. Barne-krisiek kalte egin liezaiekete PPri eta Elkarrekin Podemosi.
EiTB.EUS
Voxek ordezkaritza lor lezake Eusko Legebiltzarrean apirilaren 5eko hauteskundeetan, Araban aulki bat lortuta, hemezortzigarren EiTB Focusen arabera. EiTB Taldearen hauteskunde-inkestak A5erako boto-asmoaz galdetu die EAEko herritarrei.
Inkestaren arabera, EAJk irabaziko lituzke hauteskundeak, 2016an baino 3 legebiltzarkide gehiago ere lortuta, eta barne-krisiek kalte egin liezaiekete PPri eta Elkarrekin Podemosi; alderdi moreak lau ordezkari ere gal litzake (2016an 11 izan zituen).
EiTB Focusek bildutako datuak ikusita, PPk eta Ciudadanosek osatutako koalizioak ez luke lortuko batak eta besteak aurreko hauteskundeetan lortutako botoak biltzerik; izan ere, PP minimo historikoetatik gertu egongo litzateke, Alfonso Alonsok EAEko PPren Presidentetza utzi ondoren. EH Bilduk 2016ko bigarren postuari eutsiko lioke, eta PSE-EE hirugarren indar politikoa izango litzateke; baliteke Idoia Mendia buru duen hautagaitzak lau ordezkari gehiago ere lortzea.
EAEko datuak
Hala, EAJk 2016ko irailean lortutako garaipena berretsiko luke. EiTB Focusen arabera, jeltzaleek botoen % 40,7 eskuratuko lituzkete, 31 aulkirekin; hau da, aurrekoan baino 3 gehiago. EH Bilduk bozen % 23,2 lortuko lituzke, eta 2016an baino ordezkari bat gehiago izan lezake (18 erdietsi zituen). PSE-EE hirugarren indarra izango litzateke, 11-13 aulkirekin (botoen % 14,5, 2016an baino ia hiru puntu gehiago). Elkarrekin Podemosek 11 aulki bereganatu zituen 2016an, eta 7-9 izango lituzke orain (botoen % 10,6). PP+Cs koalizioak 5-6 ordezkari lortuko lituzke, botoen % 7,3 erdietsita (PPk 9 legebiltzarkide izan zituen 2016an), eta baliteke Voxek ordezkaritza lortzea Eusko Legebiltzarrean, aulki batekin, botoen % 1,9 bereganatuta.
Datuak, lurraldeka
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Araban EAJ izango litzateke irabazlea, 9 aulki lortuta; EH Bildu bigarren postura igoko litzateke, 5-6 aulkirekin, eta PSE-EE hirugarren postuan kokatuko litzateke, 4-5 ordezkari eskuratuta. PP+Cs koalizioa laugarren indarra izango litzateke (2016an, PPk bigarren postua lortu zuen), 3 ordezkarirekin, eta Elkarrekin Podemosek ere 3 izango lituzke. Voxek ordezkaritza izan lezake lehen aldiz, Araban legebiltzarkide bat lortuta; lurralde honetan, EiTB Focusen arabera, EH Bilduk, PSE-EEk eta Voxek aulki bat izango lukete lehian.
Bizkaian, EAJk 2016ko garaipena berretsiko luke, 12 ordezkarirekin. Jeltzaleen atzetik, bigarren tokian, EH Bildu kokatuko litzateke, 5 legebiltzarkide lortuta, eta jarraian PSE-EE, 4rekin. Elkarrekin Podemosek bi izango lituzke ziur eta beste bat ere izan lezake, eta PPk eta Ciudadanosek osatutako koalizioak, bi ala bakarra. Azken aulki hori lortzeko, Elkarrekin Podemos eta PP+Cs lehiatuko dira Bizkaian.
Gipuzkoan, EiTB Focusen arabera, EAJk berriro irabaziko luke, 10 aulki eskuratuta; EH Bilduk 8 izango lituzke, eta PSE-EEk 3-4. Elkarrekin Podemosek 3-2 lortuko lituzke, eta PP+Cs koalizioak bat. Lurralde honetan, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos azken aulkia lortzeko lehiatuko dira, EiTB Taldearen inkestak aurreikusten duenez.
Abstentzioa % 32,1ekoa izango litzateke A5ean; 2016an, ia % 40koa izan zen.
Lehendakarigaien balorazioa
Halaber, EiTB Focusek lehendakarigaien gaineko balorazioa egiteko eskatu diete EAEko herritarrei (2016an ordezkaritza lortu zuten alderdien lehendakarigaien gaineko balorazioa eskatu diete). Hala, EAJko lehendakarigai Iñigo Urkulluk lortu du batez besteko notarik altuena, 6,29, eta EH Bilduko hautagai Maddalen Iriartek ere gaindituko luke, 5,71 jasota. PSE-EEko Idoia Mendiak 4,67 izango luke, Elkarrekin Podemoseko Miren Gorrotxategik 4,32, eta PP+Cs koalizioko Carlos Iturgaizek 1,41.
Fitxa teknikoa
EAEn bizi diren 1.200 pertsona (Araban 400; Bizkaian 400; Gipuzkoan 400).
La= ±% 2,83, konfiantza-maila % 95, p=q=0´5, EAEko datuetarako.
Lurralde, udalerri, sexu eta adinaren arabera geruzatutako zorizko lagina.
Inkesten % 21,6 euskaraz egin dira, eta gainerako % 78,4, gaztelaniaz.
Inkesta hori egiteko hautatutako udalen populazio-tamainagatik haztatutako erabateko emaitzak dira.
Landa-lana 2020ko otsailaren 25a eta otsailaren 27a bitartean egin zuten telefonoz elkarrizketak eginez. Galdeketen batez besteko iraupena 3 minutu eta 26 segundokoa izan zen: motzenak 2 minutu iraun zuen, eta luzeenak, 9 minutu.