Politika -

EAE-KO AURREKONTUAK

Legebiltzarrak premiazko aurrekontu neurriei buruzko hiru lege proiektuak onartu ditu

Diru Sarrerak Bermatzeko Errentari eta funtzionarioen soldata igoerari buruzkoak aurrera ateratzea bermatuta zuen Jaurlaritzak. Itunpeko eskolen ingurukoa ez, baina azkenean PP abstenitu egin da.

Osoko bilkura Eusko Legebiltzarrean. Artxiboko argazkia: EFE
Osoko bilkura Eusko Legebiltzarrean
Legebiltzarrak premiazko aurrekontu neurriei buruzko hiru lege proiektuak onartu ditu

1:52

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2019ko aurrekontu proiektua erretiratu ostean, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako premiazko aurrekontu neurriei buruzko hiru lege proiektuak onartu ditu gaur Eusko Legebiltzarrak. Hain zuzen ere, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentari (DSBE), Administrazio Publikoko funtzionarioen soldata igoerari eta itunpeko ikastetxeen ingurukoak dira. Eusko Jaurlaritzak lehendabiziko biak aurrera ateratzea bermatuta zuen, ez ordea, itunpeko ikastetxeetako langileen soldata igoera eta EHUko aurrekontua areagotzea jasotzen zuena. Azkenean, ordea, PP abstenitu egin da.

Premiazko aurrekontu neurriak onartzeko Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako hiru lege proiektuak bozkatu dituzte gaur Eusko Legebiltzarrean. Aurrez jakina zen hiru lege egitasmo horietako bi, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentari eta Administrazio Publikoko funtzionarioen soldata igoerari buruzkoak, aurrera aterako zirela Elkarrekin Podemosen abstentzio kritikoari esker. PPk, ostera, funtzionarioen soldata igoerari baiezko botoa emango ziola iragarri zuen.

Hala ere, ikusteke zegoen itunpeko ikastetxeen inguruko lege proiektuarekin zer gertatzen zen. Elkarrekin Podemosek esana zuen ez zuela azken horren onarpena ahalbidetuko. EH Bilduk, ostera, Eusko Jaurlaritzari ez ziola "txeke zuri bat" emango esan zuen. PPk ere ez zion bere babesa agertu hirugarren lege proiektu horri.

Gasteizko Ganberan banan-banan bozkatu dituzte du lege egitasmoak. DSBEari buruzkoan, EAJk eta PSE-EEk alde bozkatu dute eta Elkarrekin Podemos abstenitu egin da. Bigarrengoan, funtzionarioen soldata igoerari buruzkoan, EAJk, PSE-EEk eta PPk aldeko botoa eman dute eta Elkarrekin Podemos abstenitu egin da. Hirugarren eta azken bozketan, itunpeko ikastetxeetako langileen soldata igoera eta EHUko aurrekontua areagotzea babestu dute EAJk eta PSE-EEk eta PP abstenitu egin da.

EH Bilduk, bere aldetik, bozketa bakar batean ere ez parte hartzea erabaki du, Jaurlaritzak irakurketa bakarreko prozedura erabili izana salatzeko.

Bozketaren aurretik, Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuak hiruren aurkezpena hitzaldi batean egin du. Pedro Azpiazu sailburuak babesa eskatu die oposizioko taldeei, 150.000 familiari mesede egingo diela argudiatuta. Gaineratu duenez, 250 milioi euroko zenbatekoa izango dute.

Bestalde, harridura agertu du irakurketa bakarreko prozedura gisa tramitatzeagatik oposizioaren aldetik jasotako kritikengatik. Azpiazuk azaldu duenez, legezko formula bat da, aurrez ere erabili izan dena eta orain arte zalantzan jarri izan ez dena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Euzko Alderdi Jeltzalea Eusko Jaurlaritza berriak Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Funtzionarioak argazkiak Alderdi politikoak Ekonomia berriak EH Bildu Bizkaia PSE-EE albisteak Euskadiko PP berriak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Podemos Ahal Dugu Euskadi Hezkuntza sistemako albisteak DSBEri buruzko azken ordukoa EAEko Aurrekontuak Gutxieneko soldata