Politika -

maiatzak 7

% 25,52ko parte-hartzea izan da Gure Esku Dagoren galdeketetan

Gure Esku Dago plataformak emandako datuen arabera, 63.237 pertsonak eman dute botoa igandeko galdeketetan.

Durangaldea hauteslekuetako bat. Argazkia: Gure Esku Dago
Durangaldea hauteslekuetako bat. Argazkia: Gure Esku Dago
Durangaldea hauteslekuetako bat. Argazkia: Gure Esku Dago

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gure Esku Dago (GED) erabakitzeko eskubidearen aldeko herri plataforma herri-galdeketak egin ditu igande honetan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 52 udalerritan. 2017an, beste bi hitzordu egin dituzte gaurkoaren aurretik: bata martxoaren 19an (35 udalerri); bestea, apirilaren 2an (18 udalerri).

Parte-hartze datuen arabera, herritarren % 25,52k eman dute botoa egunaren amaieran galdeketa horietan. Hartara, parte-hartzera deituta zeuden 16 urtetik gorako 247.812 herritarren artetik 63.237 lagun bertaratu dira boza ematera.

Horrenbestez, eskualdeka banatuz gero, era honetan geratu da parte-hartzea: Debabarrena (% 18,74), Durangaldea (% 22,25), Lea-Artibai (% 41,63), Uribe Butroe (% 25,92), Uribe Kosta (% 19,57) eta Urola Kosta (% 31,34).

52 udalerrietan jasotako emaitzek diotenez, boto-emaileen % 96,24k baiezkoarekin erantzun diote galdetutakoari; % 2,28k, berriz, kontrako boza ema dute.

GEDren balorazioa

Erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak azaldu duenez, "datozen hilabeteetan ere lanean jarraituko dugu, borondateak ehunduz, adostasunetan sakonduz eta herritarrak ahaldunduz, Euskal Herrian erabakia gauza dadin".

Gainera, ekainaren 10ean Bilbon izango den hitzordua gogora ekarri dute. Egun hartan Herritarron Ituna aurkeztuko dute, "euskal komunitate osoari zuzendutako itun demokratikoa", hain zuzen ere.

BIDEOA: Gure Esku Dago: 'Olatu handi bat bazetorrela ikusten genuen':

Gure Esku Dago: 'Olatu handi bat bazetorrela ikusten genuen'
Gure Esku Dago: 'Olatu handi bat bazetorrela ikusten genuen'
Gure Esku Dago: 'Olatu handi bat bazetorrela ikusten genuen'

1:06

 

52 udalerri

Honako eskualde eta udalerritan izan dute hautetsontziekin hitzordua: Debabarrena (Deba, Eibar, Elgoibar, Itziar, Mutriku, Soraluze), Durangaldea (Abadiño, Durango, Elorrio, Zaldibar, Zornotza), Lea-Artibai (Amoroto, Aulesti, Berriatua, Etxebarria, Gizaburuaga, Lekeitio, Markina-Xemein, Mendexa, Munitibar, Ondarroa, Ziortza-Bolibar), Uribe Butroe (Arrieta, Bakio, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Jatabe, Laukiz, Meñaka, Mungia), Uribe Kosta (Barrika, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela, Urduliz) Urola Kosta (Aizarnazabal, Azkoitia, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa, Zumaia), Lasarte-Oria, Legutio, Orozko, Urkabustaiz, Usurbil, Zeanuri eta Zubieta.

Galdetutakoari dagokionez, herritarrek itaun desberdinei erantzun beharko diete, zein galdeketatan parte hartu duten arabera. Galderek ñabardura txikiak izan dituzten euren artean, baina funtsean herritarrei galdetzen zitzaien ea euskal estatu burujabe, libre edota independente bateko herritarrak izan nahi zuten.

Honako hauek izango dira galderak:

ARABA

Legutio: «Nahi duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan? »Urkabustaiz: «Euskal Herri burujabe bateko herritarra izan nahi al duzu?»

BIZKAIA

Durangaldea

Durango: «Bere etorkizuna modu librean erabakiko duen euskal estatu bateko herritarra izan nahi duzu?»Elorrio: «Euskal estatu burujabe bateko herritarra izan gura dozu?»Zornotza: «Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?»Abadiño: «1) Nahi al duzu euskal estatu burujabe baten herritarra izan? 2) BAI aukeratu baduzu: Nahi al zenuke euskal estatu hori independentea izatea?»Zaldibar: «Nahi duzu Euskal Herria independentea izatea?»

Lea-Artibai: «Nahi dozu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?»Orozko: «Izan gure dozu Euskal Herri independente bateko herritarra?»Uribe Butroe: «Gura dozu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?»Uribe Kosta: «Euskal herri burujabe bateko herritarra izan gura dozu?»Zeanuri: «Euskal Herri independente bateko herritarra izan gore dozu?»

GIPUZKOA

Debabarrena

Eibar: «Euskal errepublika bateko herritarra izan nahi duzu?»Elgoibar: «1) Nahi al duzu gaur egungo estatus politikoa aldatzea? 2) Nahi al duzu euskal estatu independentea?»Mutriku: «Nahi al duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan?»Deba: «1) Nahi al duzu gaur egungo estatus politikoa aldatzea? 2) Nahi al duzu euskal estatu independentea?»Soraluze: «Nahi al duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan?»Itziar: «Euskal Herri independente bat nahi duzu?»

Lasarte-Oria: «1) Erabakitzeko dagokizun eskubidea erabili nahi duzu interes publikoko gaietarako? 2) Zure erantzuna baiezkoa bada, izan nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra?»Urola Kosta: «Nahi al duzu izan euskal estatu burujabe bateko herritarra?»Usurbil: «Nahi al duzu Euskal Herria Estatu independentea izatea?»Zubieta: «Euskal Herri independente bateko herritarra izan nahi al duzu?»

Orain arte egindako galdeketetan izandako emaitzak

Orain arte, "91 herritan eraman dute praktikara erabakitzeko eskubidea" eta 300.000 izan dira botoa ematera deituak.

Herriak: 91 301.245 83.350 (% 27,66) Bai: 79.502 (% 95,38) Ez: 2.554 ( %3,06) Zuri: 867 (% 1,04) Baliogabeak: 433 (% 0,51)

Aurten bertan beste bi galdeketa-olatu egin dira: bata martxoaren 19an (35 udalerri); bestea, apirilaren 2an (18 udalerri).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bakio Politika Sopela albisteak Gaurko albisteak Bizkaia Gipuzkoa Araba Eibar Amorebieta-Etxano argazkiak Elgoibar argazkiak Mungia EAE Gure Esku argazkiak Zarautz argazkiak Orio berriak Lekeitio bideoak Durango Ondarroa albisteak Plentzia albisteak Lasarte-Oria argazkiak Azkoitia albisteak Zumaia bideoak Usurbil Deba bideoak Gaurko azken orduko albistea