Gizartea -
EGURALDIA
Uda giroa eta tenperaturen igoera nabarmena asteari hasiera emateko
Aldaketa laster iritsiko da, asteartean giro nahasiagoa eta ezegonkortasuna areagotzea espero baita. Tenperaturek behera egingo dute.
EITB MEDIA
Zerua oskarbi eta udako giroarekin hasiko da astea. Tenperaturak gora egingo du astelehenean, eta 30 ºC-ra iris daiteke barnealdeko zenbait tokitan, eta 26-28 ºC-ra kostaldean, EITB Mediaren meteorologia zerbitzuak azaldu duenez.
Egun eguzkitsu honetan, 33 ºC-ko maximoak espero dira Iruñean, 30 ºC-koak Gasteizen, 28 ºC-koak Bilbon eta 27 ºC-koak Donostian. Gainera, termometroak 36 ºC-ra irits litezke barnealdeko zenbait tokitan, Tuteran esaterako.
Bero handia egingo du, beraz, eta giro eguzkitsua nagusituko da, erdi-mailako hodei eta goi-hodei batzuekin. Arratsaldean, haizea ipar-ekialdetik finkatuko da.
Asteartean, aldiz, giro nahasiagoa eta ezegonkortasuna areagotzea espero da. Tenperaturek behera egingo dute, eta 23-25 ºC inguru espero dira gehienez kostaldean eta 28-30 ºC inguru barnealdean. Ildo horretatik, hodeiak ugarituz joango dira, batez ere arratsaldean, eta zerua ia estalita gera daiteke. Goizean, hego-haizea nagusituko da, eta eguerditik aurrera, berriz, ipar-mendebaldetik finkatuko da.
Gauzak horrela, giro ezegonkorra nagusituko da aste osoan, eta asteartean zaparradak eta ekaitzak izan litezke gure lurraldeko zenbait tokitan, bereziki arratsaldean.