Gizartea -

Txotx denboraldia

Hernanik eta Astigarragak neurriak eskatu dituzte, jokaera arbuiagarriek gora egin baitute txotx garaian

Bi herrietako udalek erakunde arteko mahaia eratzeko eskatu diete Aldundiari eta Jaurlaritzari. Bitartean, Zapiain sagardotegiak larunbatetan bazkaririk ez ematea erabaki du.

Txotx denboraldia. EFE.
Txotx denboraldia
Txotx denboraldia. EFE.

0:49

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken urteotan jende ugari ari da iristen Astigarragara eta Hernanira sagardoaz eta sagardotegiez gozatzera, eta horrek alboko kalte ugari eragiten ditu. Askotan, bisitarien presentzia masibo horrek kudeatzeko zailtasun handiak ematen dizkie, eta, hori dela eta, erakunde arteko mahai bat eratzeko eskatu diete Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, egoerari aurre egiteko eta martxan jar daitezkeen ekimenak aztertzeko.

Txotx garaian azken urteotan izaten den bisitari kopuru handiak era guztietako ondorioak sortzen dituela azaldu du Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak "Egun on Euskadi" saioan egindako elkarrizketan. Hainbat arlotan (garbitasunean, segurtasunean, garraioan...) diru partida garrantzitsuak gehitu behar izaten dizkiote urteko aurrekontuari, ohiko zerbitzuei eutsi ahal izateko.

Ezohiko gastuak eragiteaz gain, larunbat arratsaldeetan bi herriotako bizilagun asko euren bizitokitik kanporatuak sentitzen dira, parrandara joaten direnen eragin horren ondorioz.

Hernaniko alkatearen esanetan, sagardotegi garaiko larunbatetan, bereziki otsailaren erditik apirilaren bukaerara arte, bi herrietara joaten den jendetzak bizikidetza arazoak sortzen ditu. Horri aurre egiteko, arazoari modu integralean heldu behar zaiola uste du: "Sagardoaren kultura indartu nahi dugu, eta sagardogileekin elkarlanean ari gara, baina herrira heltzen direnek urrunetik egiten dute, eta gure eragin eremua gure eskualdera mugatzen da". Horrenbestez, mahai bat eratzeko eskatu diete Aldundiari eta Jaurlaritzari.

Sagardogileen ustez, eurek ez dute mahai horretan egon beharrik, eta Jaurlaritzak adierazi du sagardogilerik gabe ez duela mahaia osatzeko premiarik ikusten. Hala ere, Lertxundiren hitzetan, Jaurlaritzaren erantzunaren zain jarraitzen dute.

Xabier Lertxundi: ''Oreka bat topatu behar dugu sagardotegi osteko alboko kalte ugariei aurre egiteko''
Xabier Lertxundi: ''Oreka bat topatu behar dugu sagardotegi osteko alboko kalte ugariei aurre egiteko''
Xabier Lertxundi: ''Oreka bat topatu behar dugu sagardotegi osteko alboko kalte ugariei aurre egiteko''

3:56

Bestalde, sagardogileek hainbat proposamen egin dituzte egoerari aurre egiteko, eta horietako batzuk abian daude jada: sagardo botilen salmenta, turismo eskaintza aste osora zabaltzea eta ez izatea soilik asteburuko plan bat, hezkuntza proiektu bat garatzea jendeak sagardoaren atzean dagoen lana ezagut dezan, edo sagardotegiari beste erabilera bat ematea.

Olatz Mitxelena Gipuzkoako sagardogileen elkarteko ordezkariak ETBri azaldu dionez, sektoreak oraingoz ez du jaso erakunde arteko mahaian parte hartzeko gonbita.

Dena dela, azpimarratu du gai hau ezin dela ulertu sagardoaren gai bat bezala: "Transbertsala da, hainbat eragileri eta, kasu konkretu honetan, bi herriri eragiten dien konponbidea behar duen arazo bat da".

Gogorarazi duenez, sektoreak hiru alor ditu (sagardoa, sagarra eta sagardotegia), eta hirurak bultzatzeko plan estrategikoak garatu ditu, bakoitzarentzat ekintza bereziak landuta.

Sagardotegiei dagokionez, "badira urte batzuk, pixkanaka-pixkanaka, sektorea bera ere parranda kontzeptutik haratago beste hainbat gauza eskaintzen ari dela, eta funtzionatzen duten gaiak", erantsi du. Hala ere, "aldaketak ez dira gauetik goizera ematen", baina "jatetxe asko egokitu dira dagoeneko", horren arabera.

Sagardogileen sektoreak oraingoz ez du jaso erakunde arteko mahaian parte hartzeko gonbita
Sagardogileen sektoreak oraingoz ez du jaso erakunde arteko mahaian parte hartzeko gonbita
Sagardogileen sektoreak oraingoz ez du jaso erakunde arteko mahaian parte hartzeko gonbita

0:51

Larunbatetan bazkaririk ez Zapiainen

Zapiain sagardotegian uko egin diote aurten larunbatetan bazkariak emateari. Jon Zapiainek azaldu duenez, "sagardotegi-denboraldia sagardoa balioan jartzeko momentua da, eta bazkariak emanda ez dugu hori lortzen". "Baziren urte batzuk horrela genbiltzala, eta azkenean erabaki dugu bazkaririk ez ematea", azaldu du.

Zapiainen esanetan, "lan handia egiten dugu, sagardoa balioan jartzeko, eta atzean dagoen inertzia horrek beldurra ematen du, baina, batez ere, pena ematen dit".

Gainerako sagardotegiek errefusatu egin dute oraingoz neurri hori hartzea.

Zapiain sagardotegian uko egin diote larunbatetan bazkariak emateari
Zapiain sagardotegian uko egin diote larunbatetan bazkariak emateari
Zapiain sagardotegian uko egin diote larunbatetan bazkariak emateari

0:40
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hernani bideoak Eusko Jaurlaritza Gizartea Gaurko titularrak Astigarraga Eguneko albisteak Jatetxeak azken ordukoa Sagardoa Gipuzkoako Foru Aldundia