Gizartea -

PROTESTA

Bizkaiko eta Nafarroako golf-zelai batzuetako zuloak estali dituzte klima-ekintzaileek, ur xahuketa salatzeko

Goizaldean, zementuz bete dituzte golf-zelai batzuetako zuloak, eta ondorengo mezuak zioten pankartak zabaldu dituzte: "Adi: lehortea! Golf-zelaia itxita, justizia klimatikoa dela eta" edota "Ura guztion ondasuna da".

'Rebelion o Extincion' taldeko klima-ekintzaileen protesta, golf-zelai batean. Argazkia: @xrFrance
'Rebelion o Extincion' taldeko klima-ekintzaileen protesta, golf-zelai batean. Argazkia: @xrFrance
'Rebelion o Extincion' taldeko klima-ekintzaileen protesta, golf-zelai batean. Argazkia: @xrFrance

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Krisi klimatiko eta ekologikoaren aurka indarkeriarik gabeko ekintza bultzatzen duen 'Rebelion o Extincion' talde klimatikoko ekintzaile batzuek golf-zelai batzuetako zuloak estali dituzte Bizkaian, Nafarroan, Bartzelonan, Madrilen, Valentzian eta Eivissan, lehorte egoeran gauden honetan, gehiegizko ura erabiltzen dela salatzeko. Hain zuzen ere, hamar bat golf-zelaitan burutu dituzte protestak.

Goizaldean, ekintzaileek zementuz bete dituzte golf-zelai batzuetako zuloak, eta ondorengo mezuak zioten pankartak eta kartelak zabaldu dituzte: "Adi: lehortea! Golf-zelaia itxita, justizia klimatikoa dela eta" edota "Ura guztion ondasuna da" .

Antolatzaileek gogora ekarri dutenez, golf-zelai bateko zulo batek soilik, 100.000 litro ur baino gehiago behar ditu egunean, inguruko soropila modu egokian mantentzeko (Ekologistak Martxan elkartearen datuen arabera), eta Espainia lehortzen ari den bitartean, "aisialdi elitista" hori ahalbidetzen jarraitzearen "arduragabekeria eta zinismoa" kritikatu dute.

"Espainiar Estatuan, 437 golf-zelai ureztatzen dira egunero", zehaztu dute ekintzaileek, eta azpimarratu dute Madril eta Bartzelonako biztanleek baino ur gehiago behar duela, biztanleriaren % 0,6k besterik gozatzen ez duen "entretenimendurako".

Igande honetako ekintzarekin, 'Rebelion o Extincion' talde klimatikoak "uraren erabilera demokratikoa" berehala egitea aldarrikatu du, golf-zelaietako soropila ureztatzea mugatuta gera dadin.

Halaber, talde horretako ekintzaileek antzeko beste protesta bat egin dute Miribel-Jonage parkean dagoen L'atol golf-zelaian, "aberatsenek ura hartu eta xahutu izana" salatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa munduan Gaurko albisteak Bizkaia Gaurko albisteak Nafarroan Azken ordukoa protestak Ekologia gaur Ura albisteak gaur Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Golf albisteak