Gizartea -

Hezkuntza

Unibertsitate lege berriak titulu laburragoak sortu asmo ditu, prestakuntza jarraitua bultzatzeko

Unibertsitate ikasketak "bizitza osorako" diren idea gainditu nahi du zirriborroak. Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoaren aurreproiektua aurkeztu du gaur Unibertsitate ministroak, "datozen asteetan" ministroen kontseiluak onartu eta legegintzaldi honetan onar dadin.

EHUko hainbat ikasle. Artxiboko argazkia: EFE
EHUko hainbat ikasle.
EHUko hainbat ikasle. Artxiboko argazkia: EFE

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joan Subirats Espainiako Gobernuko Unibertsitate ministroak Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoaren aurreproiektua (gazteleraz, LOSU) aurkeztu du gaur. Berrikuntzen artean, mikroegiaztagiriak deitu dituzten ikasketa mota batzuk erantsi dituzte: iraupenez graduak baino laburragoak izango dira eta horiek egiteko ez dira hain baldintza zorrotzak bete beharko (zenbait kasutan, ez da titulua eskatuko). Asmoa da prestakuntza jarraitua bultzatzea, "unibertsitate ikasketak betiko ez" direla sinistuta baitago Ministerioa.

Ministroak jakinarazi duenez, "datozen asteetan" eramango dute zirriborroa ministroen kontseilura, gerora, legegintzaldi honetan bertan, ganberan onar dezaten. Frankismoaz geroztik, Espainiako Estatuan onartuko duten hirugarren unibertsitate legea izango da honakoa: aurrenekoa 1983an adostu zuten, eta bigarrena, 2001.ean.

Subiratsen hitzetan, "alde batera utzi behar dugu behin unibertsitate ikasketak amaituta, horiekin lan egingo dugula bizitza osoan" eta prestakuntza jarraitua ezinbestekoa dela azpimarratu du. Horretarako, unibertsitatea "adin guztietara" zabaldu behar dela esan du, eta datua eman du, argigarri: "Unibertsitatean ari den ikasleriaren % 6k bakarrik ditu 30 urte baino gehiago".

Era berean, irakasleen eta ikerlarien behin-behinekotasunari balazta jarri nahi zaio, eta unibertsitateei bideratzen den finantzazioa Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 1era heltzea.

Subiratsek Manuel Castells aurreko ministroaren eskutik jaso du proiektua (Castellsek 2021eko abenduan utzi zuen kargua, osasun arrazoiak tarteko). Ministro karguan egon den lau hilabete pasatxotan, zirriborroa Estatuko unibertsitateetako agenteekin (errektoreak, ikasleak, sindikatuak, talde politikoak...) partekatu du Subiratsek, eta euren ekarpenekin "aberastu".

Ikasleei lanuzte akademikorako eskubidea aitortuko die legeak, eta hala, ezingo dituzte zigortu "greban" daudela, eskola batera ez badoaz ala azterketa bat egiten ez badute.

Irakasleria egonkortzeko pausoak

Legearen beste helburuetako bat irakasleria egonkortzea da. Hala, unibertsitate sisteman dauden aldi baterako kontratuen ehunekoa jaistea (egungo % 40tik % 20ra) eta funtzionarioak diren irakasleak % 51 izatetik % 55era igotzea dute helburu.

Subiratsen esanetan, doktore batek 10 urtetan lanpostu finkoa lortzea dute xede. Horretarako, honako karrera akademikoa diseinatu dute: irakaslegaiak lau urte izango ditu doktoretza aurre lanetarako, eta tesia aurkeztuta, gehienez sei urte emango ditu doktore laguntzaile kontratuarekin. "Hartara, dena ondo bidean, 10 urtetan postu finkoa lortuko du, eta irakasleria finkoaren batez besteko adina jaisten lagunduko dugu (batez bestekoa 40 urtekoa da)", azaldu du Jose Manuen Pingarron Unibertsitate idazkari nagusiak.

Unibertsitateen finantzazioa hazi egin behar dela azpimarratu du ministroak, eta BPGaren % 1 izatera heltzea jarri du helmuga (gaur egun % 0,7koa da). Subiratsek azpimarratu duenez, "erkidegoek euren ahalegina egin beharko dute, ezin diegulako unibertsitateei ahalegin gehiago eskatu finantzazioa handitu gabe".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hezkuntza legea Nafarroa EHU Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Deustuko Unibertsitatea Nafarroako Unibertsitatea Nafarroako Unibertsitate Publikoa Mondragon Unibertsitatea Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza