Gizartea -

Koronabirusa

Paxlovid antibiralaren lehen 722 tratamenduak iritsi dira Hegoaldera

Covid-19aren aurkako 556 tratamendu antibiral entregatuko dizkio Osasun Ministerioak Euskal Autonomia Erkidegoari. Era berean, botikaren beste 166 tratamendu Nafarroara heldu dira.

Paxlovid antibiralaren kutxa bat. Argazkia: EFE
Paxlovid antibiralaren kutxa bat. Argazkia: EFE
Paxlovid antibiralaren kutxa bat. Argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Paxlovid antibiralaren lehen 722 tratamenduak Hegoaldera iritsi dira astelehen honetan. Covid-19aren aurkako 556 tratamendu antibiral entregatuko dizkio Osasun Ministerioak Euskal Autonomia Erkidegoari. Era berean, botikaren beste 166 tratamendu Nafarroara heldu dira. Gaixotasunak aurrera egitea eta arriskuko pazienteetan ospitaleratze zein heriotza prebenitzen ditu.

Espainiako Gobernuak Pfizer konpainiarekin 344.000 tratamendu erosteko eta banatzeko akordioa sinatu zuen iragan ostegunean. Astelehen honetan aurreneko 11.900 sendagaiak banatu dituzte erkidegoetan. 2022ko lehen hiruhilekoan 50.000 tratamendu entregatzea espero dute.

Euskadik, esan bezala, 556 botika jaso ditu dagoeneko, horietatik 83 Txagorritxu Ospitalean utzi dituzte, 183 Donostia Ospitalean eta 290 Basurtuko Ospitalean, Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzak jakitera eman duenez.

Paxlovid tratamendua covid-19 diagnostikatu ondoren lehenbailehen hartu behar da, sintomak hasi eta ondorengo bost egunetan, hain zuzen ere. Horregatik, diagnostikotik administraziorako prozesua antolatua eta azkarra izatea oso garrantzitsua da.

Ahoz hartzeko izatea abantaila da, arriskuko paziente arinen tratamendua anbulatorioan egitea posible baita, covid-19ak aurrera egin eta gaixoaren egoerak okerrera egitea saihesteko.

Hiru pilula dira, eta medikuaren aginduz hartu behar da, adituek "dagoeneko adostutako irizpide zorrotzen" arabera, immunodepresioren bat edo fibrosi kistikoa duten pazienteek, alegia.

Sendagaien Europako Agentziak (EMA) oniritzia eman zion, oxigenorik behar ez, baina gaixotasunak aurrera egiteko arrisku handiagoa duten paziente helduetan kasu larrienak prebenitzen dituelako.

Espainian botika administratzeko behin behineko baimena eman dute, baina banatzeko modua erkidego bakoitzak erabakiko du.

Covid-19 gaixoen ospitaleratze eta heriotza arriskua % 89 murrizten duela demostratu zuten enpresaren entseguek, gaixotasuna diagnostikatu eta aurreneko sintomak agertu ondorengo egunetan hartuz gero.

Estatuan covid-19aren kontra eskuragarri dagoen bigarren tratamendua da: otsailean AstraZenecaren Evusheld botikaren lehen dosiak iritsi ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Sendagaiak Txertoak Koronabirusa Osasunbidea