Gizartea -
KORONABIRUSA
Gaiztotu egin da egoera EAEn: intzidentzia 724 kasukoa da eta 70 gaixo daude ZIUetan
Gainera, 19 pertsona hil dira covid-19ak jota azken astean. Ospitaleetako gela arruntetan duela lau egun baino 59 pertsona gehiago daude. Gipuzkoa dago okerren, 1.100 kasu metatuko langa igaro baitu.
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Are gehiago gaiztotu da egoera epidemiologikoa Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Azken 14 egunetan pilatutako intzidentzia 724 kasukoa da 100.000 biztanleko. Horrez gain, positiboen igoeraren presioa (9.608 kasu azken zenbaketaren, azaroaren 29tik abenduaren 5era arte egindakoaren, arabera) ospitaleetan igartzen hasi da: dagoeneko 266 pertsona daude erietxeetako gela arruntetan, eta 70 larri, ZIUn, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur kaleratu duen buletin epidemiologikoaren arabera.
Adierazle ia guztiek egin dute okerrera, R0 indizeak salbu. Azken hori hiru ehunen jaitsi da: 1,26tik 1,23ra jaitsita. Dena dela, 1etik gorakoa izaten jarraitzen du (beraz, positibo batek pertsona bat baino gehiago kutsatzen du). Hazkunde nabarmenenak intzidentzian, aurreko buletinean baino 150 puntu gorago, eta ZIUetan (+15) sumatu dira. Zaintza intentsiboko unitateetako gaixoen kopuruak 10 egun daramatza hazten, etenik gabe.
Covid-19ak hildako pertsonen kopuruan ere datu kaskarra utzi du astelehen honek: 19 pertsona zendu dira birusarekin, duela astebete baino bat gehiago. Iraila amaieratik zenbatutako daturik altuena da.
Esan bezala, birusaren eragin metatuak hazten jarraitzen du, eta 724 kasukoa da gaur-gaurkoz. Lurraldeka, Gipuzkoa da zigortuena, 100.000 biztanleko 1.117 kasu pilatu ditu azken 14 egunetan. Araban, 707 kasukoa da, eta Bizkaian, 432. Joan den ostegunetik, Gipuzkoan hazi da gehien intzidentzia (+311), atzetik Araba duela (+283). Bizkaian ere igo da (+123), baina ez horrenbeste. Bitxia bada ere, Gipuzkoak du R0 indize txikiena (zenbat pertsona kutsatzen dituen positibo batek), 1,19, eta ondoren datoz Bizkaia (1,28) eta Araba (1,29).
Kutsatzeei dagokienez (guztira, 9.608), egun guztietan egon dira milakotik gora. Joan den asteazkenean zenbatu zituzten gehien, ia 1.700 kasu berri. Positibotasun tasa ere % 10eko langatik gora dago, eta igande honetan % 13,6koa izan da.
Adin tarteka, 0-9 urtekoak dira birusak gehien erasandakoak: intzidentzia metatua 1.343 kasuko da 100.000 umeko. Azken lau egunetan ia 300 puntu igo da pilatutako tasa hori. Gainerakoan, 40-49 urtekoek 918ko tasa dute, eta 10-19 urteko nerabeek, 915 kasukoa.
Zehatz begiratuta, txerto pediatrikoaren zain dauden 6-12 urtekoen artean, 2.000 gorakoa da birusaren eragina Are, igande honetan atzemandako 1.113 kasuetatik 219 talde honi dagozkio.
Udalerriei erreparatuta, gorria da nagusi EAEn eta ez dago 5.000 biztanle baino gehiagoko herririk transmisio altuko gunetik kanpo. Horietan guztietan erabaki beharko dute osasun-arloko prebentzio-neurriak mantendu ezin diren jarduerekin aurrera jarraituko duten edo bertan behera utziko dituzten.
Kezkagarria da Azpeitian (Gipuzkoa) pilatutako tasa, ia 3.000 puntu harrapatu baititu, edota Andoain, Arrasate, Eibar, Eskoriatza, Hernani, Lazkao, Urretxu, eta Zumarragakoak ere, denetan 1.500 kasu baino gehiago metatu baitituzte.