Gizartea -

Kilometroak 2021

Ikastolek eta Jaurlaritzak "denen artean" hezkuntza sistema berria eraikitzeko deia egin dute

Nekane Artola Kilometroak kultur elkarteko ordezkariak hezkuntza sistema beri baterantz "adostasuna eztabaida zabal eta sakon baten emaitza, denon artekoa" izatea eskatu du.

Nekane Artola Kilometroak kultur elkarteko ordezkaria, Ordizian. Argazkia: Ikastolen Elkartea
Nekane Artola Kilometroak kultur elkarteko ordezkaria, Ordizian. Argazkia: Ikastolen Elkartea
Kilometroak festa egin dute gaur Goierriko ikastolen alde

1:31

M. G. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nekane Artola Kilometroak kultur elkarteko ordezkariak hezkuntza sistema berri baterantz "adostasuna eztabaida zabal eta sakon baten emaitza" izatea eskatu du, eta ildo horretan, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak "denon artean" eraiki behar dela azpimarratu du.

2021eko Kilometroak ospatzen ari dira gaur Gipuzkoako Goierrin Ordiziako, Lazkaoko eta Beasaingo ikastolen alde, eta Jakintzan egindako ekitaldian egin dituzte adierazpenok.

Artolak berretsi du euskararen "erabileran eta kalitatean izandako atzerapausoak" direla ikastolen kezka nagusia, duela aste batzuk Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko buruak adierazi zuen moduan.

Horren harira, arreta murgiltze ereduan jartzeko deia egin du, "hizkuntza ereduarenak egin" duela iritzita. Bere ustez, euskarak "integraziorako bitarteko handi" izan behar du ikasle atzerritarrentzat, eta horretarako murgiltze eredua ezinbestekoa da.

Horregatik guztiagatik, "euskal hezkuntza sistema propioa eraikitzeko beharra" goraipatu eta horretarako "aspaldiko aukera handiena" dagoela gaineratu du, Jaurlaritzak egindako eskaintzari eta EH Bilduk aurkeztu berri duen proposamenari erreferentzia eginez.

Hala, adostasuna lortzeko "eztabaida zabal eta sakona" eskatu du, "denon artekoa, eta hemen garatua". "Marra gorririk gabe eta elkarlanerako borondatearekin, Euskal Herri osorako", nabarmendu du.

"Guztion artean eraiki"

Bestalde, Bildarratzek ere hartu du hitza, eta euskal hezkuntza sistemak dituen indarguneen eta gabezien inguruan gogoeta egiteko deia egin du, "guztion artean" eraikitzeko etorkizuneko hezkuntza.

Hala ere, "eztabaida antzuetan ez galtzeko" eskatu du, "badakigulako non dauden arazoak, orain irtenbideak bilatu behar ditugu".

Ekitaldi nagusi horretan izan dira, era berean, Tellitu bera, Maddalen Iriarte EH Bilduren ordezkaria eta Eider Mendoza Gipuzkoako Aldundiaren bozeramailea, beste batzuen artean.

Eguraldi txarra

Euria dela eta, zenbait ekitaldi bertan behera utzi behar izan dituzte pandemiara egokitutako Kilometroetan. Naina lekukoa kalez kale eta herriz herri ibili dute, Lazkaoko San Benito ikastolatik hasi, gero Beasaingo Andramendira, eta azkenik, Ordiziako Jakintzara, 'Batera. Bagara. Bat gara' lelopean.

Ordizian, Ibarrako Uzturpe ikastolako ordezkarien eskuetan utzi dute lekukoa, datorren urtean hori izango baita Kilometroak jaia antolatuko duena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara LOMLOE Eusko Jaurlaritza berriak Zer gertatu da Bizkaian? Gaurko albisteak Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea bideoak Eguneko albisteak Ordizia bideoak Beasain Gaurko azken orduko albistea Hezkuntza Lazkao azken ordukoa Goierriko albisteak