Gizartea -

KORONABIRUSA

Ez da premiazkoa hirugarren dosi bat jartzea pauta osoa duten herritarrei, EMAren arabera

Hala ere, dosi gehigarriari ateak ireki dizkio, immunitate-sistema ahul duten pertsonen kasuan, organu transplante bat duten herritarrentzat edo ahul dauden adinekoentzat, esaterako.

Osasun-langile bat txertoaren dosi bat prestatzen. Artxiboko irudia: EFE
Osasun-langile bat txertoaren dosi bat prestatzen
Osasun-langile bat txertoaren dosi bat prestatzen. Artxiboko irudia: EFE

A. S. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Sendagaien Agentziak (EMA) ostegun honetan adierazi duenez, "ez da beharrezkoa" txertoaren hirugarren dosi bat ematea. Hala ere, immunitate-sistema ahul duten pertsonen kasuan, ateak ireki dizkio dosi gehigarriari.

Horixe da, datu guztiak aztertuta, EMAk ondorioztatu duena. Dosi gehigarriaren aukerari atea ireki dio, txertoa jaso arren inmunitate-sistema ahul duten pertsonen kasuan. Hala, organo transplante bat duten herritarrak jarri ditu adibide moduan, baita, prebentzio-neurri moduan, ahul dauden adinekoak ere.

Txertoaren eraginkortasunari eta babesaren iraupenari buruzko ebidentziek argi utzi dute Europar Batasunean baimendutako txerto guztiek babes handia ematen dutela, gaur egun covid-19arekin lotutako ospitaleratze, gaixotasun larri eta heriotzen datuen arabera.

Sendagaien agentziaren esanetan, Europan adinez nagusi diren hiru lagunetik batek oraindik ez du txertaketa-pauta osoa hartu, eta orain herritar horiek babesteak du lehentasuna. Beraz, momentuz dosi gehigarriak immunitate-sistema ahul duten gaixoentzat eta ahul dauden adinekoentzat bakarrik aurreikusi dute.

Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak astelehenean aurreratu zuenez, transplante bat egin dieten edo minbizia duten pazienteei covid-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosia emango diete, baina erabakia ebidentzia zientifikoaren eskutik hartuko dutela azpimarratu zuen.

Frantziako Gobernuak, bere aldetik, 65 urtetik gorakoei gomendatu die hirugarren txertoa jartzea, baita covid-19a okerrago jasateko arriskua areagotzen duten gaixotasunak dituztenei ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza berriak Azken ordukoa Bizkaia Gipuzkoako albisteak Gaurko albisteak Nafarroan Araba EAE Gaixotasunak albisteak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasunari buruzko albisteak Sendagileen albisteak Erizaintza albisteak Sendagaiak Txertoak egutegia Koronabirusa Anbulatorioak Osasunbidea