Gizartea -
KORONABIRUSA
Positibotasun tasa % 9,4ra igo da Euskadin, 669 kasu gehiagorekin
Atzo 7.112 proba egin ziren, hau da, aurreko egunean baino 2.272 gutxiago. Intzidentzia-tasa nabarmen igo da, iazko azaroaren 9tik zenbatutako bigarren ehunekorik altuena izanda.
EITB MEDIA
Azken orduetan 669 koronabirus kasu atzeman dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eta positibotasun tasa % 7,9tik % 9,4ra igo da egun bakarrean; iazko azaroaren 9tik izandako bigarren portzentajerik altuena izanda.
Igande honetan, pandemiaren zenbait datu eguneratu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Atzo, larunbata, 7.112 proba egin zituzten, hau da, bezperan baino 2.272 gutxiago.
Test kopuru txikiago hori izan da infektatutakoen beherakadaren arrazoia (669, aurreko egunean 737 izan ziren bitartean), baina positibotasuna, hau da, egindako proben aldean kutsatutakoen ehunekoa, % 9,4ra igo da.
Urteko positibotasun tasa handiena apirilaren 2an zenbatu zen, eta aurreko daturik altuena 2020ko azaroaren 8an jakinarazi zen.
Lurraldez lurralde aztertuta, Gipuzkoan 275 kasu zenbatu dituzte, 273 Bizkaian eta 75 Araban. Horrez gain, positibo eman duten 46 pertsona, beste autonomia erkidegoetan bizi dira.
Ospitaleen egoerari dagokionez, 19 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta, gaur egun, 27 pertsona daude zainketa intentsiboetako unitateetan (pertsona bat gutxiago).
Horrela, ospitaleratzeek gora egin dute Euskadin, hamar aste beheraka joan ostean.
Nafarroa
Nafarroan ere, azken orduotan igo egin dira, berriro, covid-19 kasuak: 335 kasu atzeman dituzte, bezperan baino 31 gehiago, Foru Gobernuak igande honetan emandako datuen arabera.
Osasun Sailak 2.062 proba egin zituen atzo PCR eta antigeno testen artean, eta horietatik % 16,2k positibo eman zuten. Gauzak honela, hirugarren egunez jarraian gora egin dute Nafarroan atzemandako kasuek eta positibotasun-tasa % 16,2koa da.