Gizartea -
KORONABIRUSA
"Gehiegizko baikortasuna" izateko arriskuaz ohartarazi du Urkulluk
Elkarrekin Podemos-IUk egindako galdera bati erantzunez, koronabirusaren inguruan dagoen "gehiegizko katastrofismoa" deitoratu, eta "manipulazioa eta egia erdiak" salatu ditu.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Iñigo Urkullu lehendakariak koronabirusaren inguruko "gehiegizko baikortasunaz eta katastrofismoaz" ohartarazi du eta birusak "hemen" jarraitzen duela azpimarratu du. Horrela mintzatu da lehendakaria Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak Eusko Legebiltzarreko gaurko kontrol saioan egin dion galderari erantzunez. Horrez gain, "manipulazioa eta egia erdiak" salatu ditu.
Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, EAEko osasun egoeraren inguruan galdetu dio Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak lehendakariari, eta osasun mentaleko sistema "indartzeko" premiazko plan bat eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.
Gorrotxategiren esanetan, pandemia honetan % 27 igo dira suizidioak, eta ugaritu egin dira herritarrek psikiatrarengana egiten dituzten bisitak ere. Ildo horretan, osasun mentaleko plan hori osasun publikoaren lege berrian sartu behar dela uste du Gorrotxategik. "Tabua apurtu eta Parlamentura ekarri behar da", defendatu du.
Urkulluk osasun egoeraren balorazio "positiboa eta itxaropentsua" egin du, baina larrialdi egoerak bere horretan jarraitzen duela gogorarazi du. Lehendakariak "erne" egoteko deia egin du "birusak hemen jarraitzen duelako".
Osasun mentalari dagokionez, Urkulluk gogorarazi du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Planak osasun mentaleko arreta ere bere baitan jasotzen duela. Gaineratu duenez, aurten bertan Osasun Legearen proiektua aurkeztuko du Eusko Legebiltzarrean. Halaber, pandemiak osasun mentalean duen eragina aztertzeko Betirako programa abiatu dutela esan du.
Agerraldian, gehiegizko katastrofismoaz eta gehiegizko baikortasunaz ohartarazi du lehendakariak, eta kezkatuta agertu da "manipulazioarekin eta egia erdiekin, datu partzialen eta puntualen alderaketa partzialekin".