Gizartea -
KORONABIRUSA
Neurriak malgutu edo ez erabakiko du gaur LABIk
Bileraren bezperan, sare sozialetan zabaldutako mezu batean, Urkullu lehendakariak esan du "murrizketak pixkanaka eta zuhurtziaz egokitu" behar direla.
EITB MEDIA
LABIren Aholku Batzordea gaur bilduko da, berriro, Euskadin covid-19ari aurre egiteko indarrean dauden neurriak berrikusteko. Pandemiaren bilakaera ez ezik, egun indarrean dauden neurri murriztaileak arindu ala ez aztertuko ere dute. Hala nola, ostalaritzako ordutegiak, aforoak edota mahaiaren bueltan bil daitekeen jende kopurua izango dute hizpide. 16:30ean izango da batzarra, Lehendakaritzaren egoitzan, Gasteizen.
Erakundearen azken bilera maiatzaren 7an izan zen, Euskadiko perimetro-itxiera altxatzea erabaki zenean, eta beste neurri batzuk lasaitu zirenean, besteak beste, ostalaritza eta merkataritza gaueko hamarretan ixtea, ordura arte zegoena baino bi eta ordubete geroago, hurrenez hurren.
Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak adierazi bezala, etxeratze-agindua eta itxitura perimetralak bertan behera gelditu ziren, baita bilera sozialetan lau pertsonari jarritako muga ere.
Era berean, ostalaritzaren edukiera barruan % 50ean mantentzea eta barran edo zutik kontsumitzea eta mahaiak lau pertsonak baino gehiagok erabiltzea debekatzen jarraitzea erabaki zuten, baita maskara uneoro erabiltzea ere, irensteko unean izan ezik.
Orduan, lehendakariak jakinarazi zuen neurri horiek 20 egunerako pentsatuta zeudela, eta, igandean, hilaren 9an, sartu ziren indarrean, alarma egoera desagertzen zenean.
Bizi Berri III Planari jarraituz, litekeena da ostalaritzako ordutegia zabaltzea. Gaur-gaurkoz, 22:00etan itxi behar dute.
"Murrizketak pixkanaka eta zuhurtziaz"
Biharko bileraren atarian, mezu bat zabaldu du sare sozialetan Urkulluk, "Pandemian gaude, oraindik Pandemian gaude" goiburupean. Bertan jasotzen duenez, "aurreikuspenak betetzen ari gara eta egoera hobetzen ari da", baina "oraindik tarte bat falta da talde-immunitateaz hitz egiteko". "Konfiantza gehiegi hartzen dugunean, birusa berragertu egiten da, eta, gainera, aldaera berri gisa agertzen da", esan du.
Egoera hori kontuan izanda bilduko direla bihar gogoratu du lehendakariak, eta erabakiak hartzerakoan "oreka bilatzea" izango dela helburua. "Aurreko guztietan bezala, erronka, berriz ere, oreka bilatzea da, osasunaren ondasun nagusia babestearen eta gure gizartearen osasun sozial, ekonomiko eta emozionalean ahalik eta eragin txikiena izaten saiatzearen artean", gehitu du. Hala, "murrizketak pixkanaka eta zuhurtziaz egokitzea eta prebentzio-neurriak betetzeko konpromiso pertsonal eta kolektiboa uztartzea" bilatzearen alde egingo dutela ziurtatu du.
Bien bitartean, ETBri eskainitako elkarrizketa batean, neurriak malgutzeko goizegi dela nabarmendu dute Miren Basaras mikrobiologoak eta Itziar Ubillos epidemiologoak: