Gizartea -
KORONABIRUSA
Euskadik 916 positibo atzeman ditu eta intzidentzia metatua 466 kasuraino igo da
Covidaren positibotasuna % 9,1ekoa da eta gaixo kritikoak 132 dira. Hala ere, R0 indizea jaitsi egin da bigarren egunez jarraian, 1,14ra arte.
N. B. | EITB MEDIA
Covid-19aren intzidentzia-tasa metatuak gora egin du berriro Euskadin, 466,42 kasu izan baitira 100.000 biztanleko 14 egunean, asteazkenean baino 15,87 puntu gehiago (450,56). Halaber, zainketa intentsiboen unitateetako presioak gora egin du, 132 gaixo kritiko baitaude, aurreko egunean baino lau gehiago.
Pandemiak 916 positibo berri utzi ditu azken orduetan, 10.067 proba egin ostean (10.808 egin ziren bezperan); horrek % 9,1eko positibotasun tasa utzi du. Gainera, Donostia gune gorrian sartu da eta Bizkaia handik pauso batera geratu da.
Osteguneko datuak biltzen dituen Osasun Sailaren buletin epidemiologikoaren arabera, 900 kutsatze baino gehiago izan ziren atzo, Bizkaian 413 kasu atzeman zituzten, 389 Gipuzkoan eta 101 Araban, eta beste 13 kasu Autonomia Erkidegotik kanpo bizi direnen artean.
Datu horiekin, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatuak gora egiten jarraitzen du Euskadin, eta asteazkeneko 450etik osteguneko 466ra igo da. Araba (434,27) eta Gipuzkoa (581,44) eremu gorrian daude, eta Bizkaiak eremu laranjan jarraitzen du, 395,46ko kutsatze-tasarekin.
Hiriburuei dagokienez, Donostiak gainditu egin du kopuru hori, eta Bilborekin (502,4 kasu metatu dira) eta Gasteizekin (465,9) bat egin du. Azken horiek eremu gorrian zeuden jada, baina bi hiri horietan intzidentzia-tasaren gorakada askoz txikiagoa izan da (2 eta 3 kasu, hurrenez hurren).
Bestalde, intzidentzia-tasen arrazoia (egungo 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa duela astebetekoarekin alderatzen duena) ostegun honetan handitu egin da, 1,26an kokatu baita Euskadi osoan (1,24an zegoen bezperan).
Datu positibo gisa, oinarrizko birsorkuntza-tasa, kasu positibo bakoitzak zenbat pertsona kutsatzen dituen adierazten duena, 1,14ra jaitsi da (1,16an zegoen asteazkenean).
Euskadiko ospitaleetan 67 pertsona ospitaleratu dituzte ostegunean, aurreko egunean baino sei gutxiago, baina zainketa intentsiboen unitateetan presioa areagotu egin da, 132 ohe baitaude covid-19a duten gaixoekin beteta, asteazkenean baino lau gehiago.
Nafarroan, berriz, 198 kutsatze atzeman dituzte azken orduetan, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera.
Zehazki, atzo 2.757 proba diagnostiko egin zituzten (bezperan baino 203 gehiago), eta horien % 7,2k eman zuten positibo. Positibotasun tasa, beraz, bi hamarren jaitsi da .