Gizartea -
KORONABIRUSA
SARS-CoV-2ren aurkako antigorputzak atzematen dituen test bat garatu dute Euskadin
Test honek odolean antigorputzak atzemateko aukera ematen du, covid-19aren aurreko erantzun immunea garatu bada.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
CIC bioGUNEk eta Biolan euskal enpresa bioteknologikoak test serologikoak ELISA formatuan garatu, fabrikatu eta merkaturatzea adostu dute. Test honek odolean antigorputzak atzemateko aukera ematen du, covid-19aren aurreko erantzun immunea garatu bada.
CIC bioGUNEko zuzendari zientifikoak, Jesus Jimenezek, eta Biolan Healtheko zuzendari nagusiak, Larraitz Añorgak, akordioa sinatu dute, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundearen baitan. Aliantza hori 4 ikerketa-zentro kooperatibok eta 12 zentro teknologikok osatzen dute, enpresen arteko ezagutza-trukea sustatzeko.
Gaur egun, BRTAk Euskadiko I+Gko inbertsioaren % 22 egiten du, eta urteko fakturazioa 300 milioi eurotik gorakoa da. CIC bioGUNEren ardura izango da immunosaiakuntzak diseinatzeko eta egiteko laguntza teknikoa ematea, besteak beste, material komertzial onenak hautatzea, baheketak eta azterketa pilotuak egitea eta test serologikoen prototipoak baliozkotzea.
Era berean, BIOLAN HEALTH arduratuko da ELISA formatuko test serologikoak industria-eskalan ekoizteaz eta proiektuaren emaitzen merkataritza-erabilerarako arautze- eta ustiapen-ekintzak ezartzeaz.
2021eko urtarrilaz geroztik, konpainia bioteknologikoak test serologiko azkar bat merkaturatzen du antigorputzak atzemateko, eta CIC bioGUNE akordio horrek BIOLANek pandemiaren kontrolean egiten dituen ekarpenak indartuko ditu.
Test berri honen berezitasuna da SARS-CoV-2ren aurrean neutralizatzaileak izateko potentziala duten antigorputzak atzematen dituela, birusaren espikula-proteinaren RBD (Receptor Binding Domain) domeinuaren aurka zuzenduta daudelako, zelulan sartzeaz arduratzen den horren aurka.
Zentzu horretan, gaur egun ematen ari diren txertoek, hain zuzen ere, espikula-proteina horren RNA mezularia (mRNA) dute; izan ere, txerto horien helburua da gaixoen immunitate-sistemak horrelako antigorputz neutralizatzaileak sortzea.