Gizartea -

Koronabirusa

Ekin zaio berriro ere AstraZenecaren txertaketari Hegoaldean

Txerto horren erabilera, gainera, 65 urtera arte luzatuko da, astelehenean Lurraldearteko Osasun Kontseiluan horrela adostu eta gero.

Bihar ekingo zaio berriz ere AstraZenecaren txertaketari Euskadin. EFEko artxiboko irudia
Bihar ekingo zaio berriz ere AstraZenecaren txertaketari Euskadin
AstraZenecaren txertaketari berrekin zaio Hego Euskal Herrian

0:49

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hego Euskal Herriak gaur ekingo dio berriz ere AstraZenecaren txertoa jartzeari, eta 65 urte artekoei emango diete, astelehen honetan txerto hau erabiltzea onartu ostean.

EAEn, aurrerantzean, herritar guztiei jartzen hasiko dira, eta aurrenekoak 65 urte dituztenak izango dira, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak atzo jakinarazi zuenez.

Gobernu Kontseiluaren ostean komunikabideen aurrean egindako agerraldian Sagarduik gogorarazi zuenez, astelehenean Lurraldearteko Osasun Kontseiluak, ezohiko bilkuran, gai bakarra izan zuen hizpide: AstraZenecaren txertoa.

Ildo horretan, txertoen txosten teknikoek egindako proposamenak berretsi zituztela gogorarazi zuen, hiru erabaki handitan laburbildu daitezkeenak. Lehenik eta behin, gaur bertan ekingo diote txerto hori berriz jartzeari, Sendagaien Europako Agentziaren (EMA) gomendioei jarraituz; izan ere, EMAk adierazi zuenez, txerto hori "eraginkorra eta segurua da, eta bere onurak gehiago dira kalteak baino".

Sailburuaren arabera, orain arte, Euskadin emandako AstraZenecaren 53.000 dosietatik "ez dago bigarren mailako ondorio larririk. Beraz, AstraZenecaren txertaketari ekingo diogu", azaldu zuen.

Bigarrenik, "talde tekniko eta zientifikoaren iritziei jarraituz", txerto horren erabilera 65 urtera arte luzatuko dela esan zuen, orain arte 55 urtetik beherako funtsezko kolektiboetako pertsonei soilik jartzen baitzieten txertoa.

Hirugarren erabakia da txertaketa gizarte osora zabalduko duela Euskadik datorren astetik aurrera. Adinaren arabera egingo da, eta, beraz, 65 urteko pertsonei deituko zaie lehendabizi.

Horiek dira astelehen honetan hartutako erabakiak, eta, Gotzone Sagarduik atzo azaldu zuenez, martxan jartzeko unea da orain. "Ez da lan erraza", esan zuen, baina EAEn "lehenbailehen" txertaketa erritmoa berreskuratzeko ahalegina egingo dutela ziurtatu zuen.

Nori emango diete AstraZenecaren txertoa?

Batetik, joan den asterako hitzordua zuten pertsonei eta AstraZenecaren txertaketa-kanpaina geldiarazteagatik txertoa jarri ezin izan zietenei emango zaie: unibertsitatez kanpoko hezkuntza-esparruko profesionalei, hain zuzen ere. Osakidetza astearte eguerdian hasi da langile horiei mezuak bidaltzen webgunearen bidez hitzordua har dezatela eskatzeko.

Etenaldi horren ondorioz deitu gabe geratu ziren kolektiboak ere deituko dituzte: aireportuetako suhiltzaileak, Bilboko eta Pasaiako portuetako langileak, bidaiarien garraio publikoko profesionalak eta arrantzaleak. Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du zehaztu nola deituko dituzten.

Bestalde, lanean ari dira AstraZenecaren txertoa 55 urtera arte jarri zen taldeetan deia 65 urtera arte zabaltzeko: Ertzaintza, udaltzaingoak, suhiltzaileak eta osasun arloko eta esparru soziosanitarioko langileak. Kolektibo horietan txertoa jartzeko, prebentzio-zerbitzuen, mutualitateen eta foru aldundien laguntza eskatuko du Jaurlaritzak.

Nafarroa

"Adinaren muga kenduta, aurki txertatu ahalko dira" AstraZenecarekin 55 eta 65 urte arteko oinarrizko langileak, eta "kolektibo horiei lehenengo dosia emateko prozesua amaituko da", Nafarroako Gobernuak atzo jakitera eman zuenez.

Hala ere, gaur 18 eta 55 urte artean lehenetsitako kolektiboekin jarraituko dute txertaketa.

Besteak beste, fisioterapeutak, podologoak eta logopedak txertatuko dituzte gaur, eta oinarrizko langileekin jarraituko dute: segurtasun indarrak, larrialdi zerbitzuetako langileak, eta Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako beharginak.

Atzora arte, 31.373 ziren immunizatutako nafarrak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Osasun Zerbitzu Publikoa Azken ordukoa Bizkaia Gipuzkoako albisteak Araba EAE Gaixotasunak bideoak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Zientzia berriak Medikuntza albisteak Sendagileen albisteak Basurtuko ospitalea albisteak Gurutzetako Ospitalea albisteak Erizaintza albisteak Sendagaiak Txertoak azken ordukoa Donostia Unibertsitate Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea albisteak Lehen Arretako zentroak Osasunbidea gaur