Gizartea -
Koronabirusa
Txertaketa gizarte osora zabalduko du EAEk datorren astetik aurrera
Sagarduik zehaztu duenez, AstraZenecaren prestakinekin immunizatuko dituzte, eskuragarri dauden dosien arabera, eta ezinbesteko langileen txertaketarekin batera.
E. G. | EITB MEDIA
Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) datorren astetik aurrera hasiko da 65 urtetik beherako herritar guztiak txertatzen, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak gaur jakinarazi duenez. Sagarduiren esanetan, AstraZenecaren prestakinak erabiliko dituzte horretarako, eta prozesua immunizatu gabe geratzen diren funtsezko langileen txertaketarekin batera egingo da.
Eusko Jaurlaritzaren gobernu bileraren ondoko prentsaurrekoan azaldu duenez, bihar helduko diote berriro AstraZenecaren txertoarekin inokulatzeari, duela astebete egindako etenaren ostetik. Txertoa jaso zuten pertsona batzuek odolbilduak izan zituztela eta (EAEn ez da kasu larririk izan), txertaketa bertan behera utzi zuten hilaren 15ean, baina Europako Sendagaien Agentziak egindako ikerketak ondorioztatu zuenez, prestakina "segurua eta eraginkorra" da.
Horrekin lotuta, lasaitasunerako deia egin nahi izan du Osasun sailburuak. Nabarmendu duenez, EAEn 53.000 dosi baino gehiago eman dira, eta ez da bigarren mailako ondorio larririk izan.
Hala, bihartik igandera 27.000 dosi jarriko dituzte joan den astean hitzordua zutenen artean. Zehazki, unibertsitatetik kanpoko hezkuntzako langileei mezuak bidaltzen hasiko dira, internet bidez hitzordua berriro har dezaten eskatuz.
Horrez gain, txertatu gabe geratu ziren taldeak immunizatzen jarraituko dute, hala nola, aireportuetan suhiltzaile lanetan dabiltzanak, Bilboko eta Pasaiako portuetako profesionalak, garraiobide publikoetako gidariak eta arrantzaleak.
Halaber, jada inokulatuta dauden taldeetako 55-65 urteko funtsezko beharginak babesten ere hasiko dira. Tartean daude ertzainak, udaltzainak, beste segurtasun indarreko agenteak, suhiltzaileak eta osasun arloko bigarren lerroko langileak.
65 urte beherakoen txertaketa, aldi berean
Ondoren, martxoaren 29tik hasita, 65 urtez azpikoak immunizatzeari ekingo diote, adinez hurrenkeran.
Sailburuak ohartarazi duenez, EAEra heltzen diren dosien araberakoa izango da txertaketa, funtsezko langileenarekin batera egingo dutelarik.
Sagarduik aitortu du ez dela lan erraza, baina ziurtatu du Euskadik "ahalegina" egingo duela txertaketa erritmoa "ahalik eta arinen" berreskuratzeko.
Ostiral honetan AstraZenecaren 10.000 dosi gehiago iritsiko dira Euskadira, eta atzo iritsi ziren Pfizerreko 37.440 dosiei gehituko zaizkie, 80 urtetik gorakoei zuzenduta.
70 urteko biztanleriaren txertaketari buruz galdetu diotenean, azaldu du txertoa adin-tarte horretarako produkturik egokiena zein den eta Osakidetzan sartzen diren dosien araberakoa izango dela.