Gizartea -
KORONABIRUSA
Intzidentziak gora egin du berriro EAEn, 223 kasu, eta positibotasuna % 5,3ra igo da
329 positibo berri atzeman dituzte azken orduetan eta birsorkuntza-tasa (1,05) apur bat igo da, bi egunez jarraian behera egin ostean. Ospitaleko presioak ere gora egin du zertxobait.
N. B. | EITB MEDIA
Euskadin, hamalau eguneko intzidentzia-tasa metatuak gora egiten jarraitzen du; izan ere, azken orduetan 100.000 biztanleko 223,76 kasu izan dira eta positibotasuna % 5,3ra igo da.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak pandemiaren eboluzioaren berri eman du joan den jai-zubi honetan; izan ere, aurreko asteko ostegunetik eguneratu gabeko adierazleak zeuden, hamalau egunetan metatutako intzidentzia 100.000 biztanleko 209,6 kasutan zegoenean.
Joan den igandean pandemiaren bilakaera epidemiologikoa negatiboa izan zen Eusko Jaurlaritzaren Bizi Berri III Planaren ia adierazle guztietan.
Atzo, 6.158 test diagnostiko egin zituzten autonomia-erkidegoan, eta 329 pertsonak eman zuten positibo. Bezperan baino 49 kutsatze gehiago dira, proba gutxiago eginda; beraz, positibotasun tasa % 4,6etik % 5,3ra igo da.
329 kutsatuetatik, 166 Bizkaian detektatu zituzten, 104 Gipuzkoan, 58 Araban, eta bat autonomia-erkidegotik kanpo bizi diren pertsonen artean.
14 egunetan metatutako intzidentziak gora egin du berriro Euskadin, ostiraleko eta larunbateko 100.000 biztanleko 217 eta 218 kasutik, hurrenez hurren, igandeko 223,76ra.
Araban 221,3 kasu izatetik 236,2 izatera igaro da, eta Gipuzkoan, 186,2tik 193,9ra; Bizkaian, berriz, 209,2tik 207ra jaitsi da asteartean.
Covid-19a duen gaixo batek zenbat pertsona infektatu ditzakeen adierazten duen birsorkuntza-tasa apur bat igo da aurreko bi egunetan beherantz egin ondoren, 1,05eraino. Adierazle horretan ere, Araba da okerren dabilena, 1,1n dagoelako. Bizkaian eta Gipuzkoan, 1,03an eta 1,5ean dago adierazle hori.
Zubian ospitale-presioa areagotu da Euskadin. Joan den ostegunean baino 42 pertsona gehiago zeuden ospitaleratuta igande honetan.
90 gaixo kritiko zeuden, ostegunean baino bi gutxiago baina larunbatean baino hiru gehiago; gela arruntetan 228 gaixo zeuden, ostegunean baino 44 gehiago eta larunbatean baino 12 gehiago.
Igandean 31 pertsona ospitaleratu zituzten covidak eragindako osasun-arazoengatik, eta kopuru horrek bikoiztu egiten ditu aurreko igandeko sarrerak (14).
Bestalde, Hezkuntza Sailak jakitera eman duenez, astelehen honetan 82 gela itxi dituzte covid kasuengatik, hau da, ostegunean baino bi gehiago, 48 ikastetxetan; joan den asteko azken egunean, berriz, 47 gela itxi zituzten.
Ez dago ikastetxerik jarduera presentziala eten behar izan duenik, eta koronabirus kasuengatik itxitako eskolen ehunekoa % 0,47koa da.
Hori horrela, aste honetan Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordea (LABI) berriro bil liteke pandemiari eusteko egun indarrean dauden murrizketak ukitzea komeni den ala ez aztertzeko.
Aurreko bilera martxoaren 5ean egin zuten, eta bertan erabaki zuten barne-mugikortasuna autonomia-erkidego osoan irekitzea. Bilera horretan, neurriak 20 egunen buruan berrikusiko zituztela iragarri zuten, baina oraingoz ez dago organo horren deialdiaren aurreikuspenik.